Qatarko Munduko Kopa

Messik eman die nahi zuten irudia

Sufritzeko gaitasunak eta lehietan egokitzeko erraztasunak egin dute Argentina txapeldun. Munduko Kopa honetan, inoiz baino gol gehiago sartu dira. FIFAk eta Qatarrek lortu dute herrialdean gertatzen diren giza eskubideen urraketei buruzko salaketek ez izatea nahi beste ikusgaitasun.

Alemaniako jokalariak ahoa estalita, Japoniaren aurkako partidan. R. WITTEK / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Iluntasunez beteriko Qatarko Munduko Kopari Leo Messik eta Argentinak eman diote argia. Herrialde antolatzaileak eta FIFAk nekez lor zezaketen argazki hoberik: Leo Messi Munduko Kopa altxatzen, bext delako tunika daramala—Qatarko emirrak jantzarazi zion—. Messiren Munduko Kopa izateagatik eta Frantziak eta Argentinak jokatutako final gogoangarriagatik oroituko da Qatarko Munduko Kopa, Marokoren balentria ahaztu gabe. Baina baita Qatar aukeratzeko prozesuan izandako ustelkeriagatik ere, estadioak eraikitzeko lanetan hil ziren langile etorkinengatik, FIFAk LGTBI kolektiboaren aldeko besokoa debekatzeagatik, eta herrialde horretan emakumeek jasaten duten zapalkuntzagatik. Izan ere, FIFA eta Qatar horiek ezkutatzen eta leuntzen saiatu arren, aurtengo Munduko Kopari oso lotuta egongo dira betirako.

ARGENTINA TXAPELDUN
Egokitzen jakitea bertute

Pasioari eta sufrimenduari dagokienez, Argentinak ez du parekorik. Lionel Scaloniren taldea izan da txapelketa irabaztea gehien desio zuen selekzioa. Hala erakutsi dute zelaian, eta horretaz jabetzeko, finaleko goletako bat sartu ostean Angel Di Maria negarrez ikustea besterik ez dago. Pasio mugagabe hori erakusteaz gain, Argentina selekzio on bat izan da zelaian, kanporaketetan bere bertsiorik onena eman duen talde moldakor bat.

Saudi Arabiaren kontrako istripuaren ostean, Scaloni hautatzailea jabetu zen beharrezkoa zela aldaketak egitea. Ordutik, Enzo Fernandez, Alexis Mac Allister eta Julian Alvarez sartu zituen hamaikakoan, eta argentinarrek nabarmen egin zuten hobera. Aldaketa horiei esker, oraindik ere Messiren menpeko izan arren, neurketak irabazteko argudio gehiago izan ditu taldeak, finalean ikusi zen bezala. Ez hori bakarrik, Messi alde batera utzita, askotariko neurketa eta egoeretara egokitzeko gaitasuna izan da Scaloniren taldearen bertute nagusia. Sistema ezberdinekin arituagatik (1-4-3-3, 1-4-4-2 edo 1-5-3-2), beti ondo erantzun du. Marrazkiak gorabehera, joko landua eta trantsizioak ere uztartu ditu selekzioak, eta aberastasun taktiko handia duela frogatu. Aldeko markagailuak kudeatzeko ezintasuna eta txapelketa hasierako neurriz kanpoko eszitazioa izan dira Argentinako selekzioaren orban bakarrak. Finala izan zen, hain zuzen, Scaloniren selekzioaren neurketarik onena txapelketan.

ZERESANA EMAN DUTENAK
Maroko, denen ahotan

Saririk gabe amaitu arren, Walid Regraguiren Maroko izan da Munduko Kopa honetako beste irabazleetako bat. Area ondo defendatuta eta trantsizio azkarrak eginez, edozeini irabazteko gai zirudien. Argentinaren pare, herrialde oso bat izan dute atzetik. Hain ondo aritu dira, non Frantzia ere estu eta larri izan baitzen finalerdietan: sufrituta egin zuten aurrera Mbappek eta enparauek. Espainia eta Portugal etxera bidali zituen kanporaketetan, eta, lehen fasean, Kroaziaren eta Belgikaren multzoan, lehen postuan egin zuen aurrera. Munduko Kopako finalerdietara ailegatzen den Afrikako lehen selekzioa da. Errusian ez bezala, Afrikako bi selekziok gainditu zuten multzoen fasea. Regraguiren selekzioak egindako balentriak urte luzez iraungo du futbolzaleen oroimenean. Marokok ez ezik, Gareth Southgaten Ingalaterrak ere gehiago merezi zuen. Taldearen gaztetasuna dela eta, hurrengo txapelketa handietarako hautagai nagusia izan beharko luke, eta Kroaziak ere nabarmentzeko moduko lana egin du: txapeldunorde izan zen 2018an, eta hirugarren aurten.

IZAR DISTIRATSUENAK
Messik ere badu berea

Bi hamarkadaz munduko jokalari onena izanagatik ere, Leo Messiren ibilbidea ezbaian jarri izan dute batzuek atzo arte, Munduko Kopan kale egina zuelako. Amaitu dira horrelako kontuak. Diego Armando Maradonaren gisan, Messik ere badu bere izarra. Gainera, 1982an saria banatzen hasi zirenetik, PSGko jokalaria da Munduko Kopako jokalaririk onenaren saria bi aldiz jaso duen bakarra —2014an ere eman zioten—. Erabakigarria izan da, beti bezala, baina inoiz baino lider izaera handiagoarekin. Kylian Mbappe izan da txapelketako bigarren jokalaririk onena eta golegile nagusia, zortzi golekin —Messik zazpi sartu ditu —. Finalean desagertuta egon zen 80. minutura arte, baina, minutu eskasean, bi gol sartu zituen, eta luzapenean beste bat, baita penaltietan ere. Munduko Kopa bateko final batean hiru gol sartzen dituen historiako bigarren jokalaria da: Geoff Hurstek egin zuen hori, 1966an, Ingalaterrak Alemaniari 4-2 irabazi zion finalean. Luka Modricek jaso zuen hirugarren jokalaririk onenaren saria, Enzo Fernandezentzat izan zen gazte onenarena, eta Emiliano Martinez izendatu zuten atezainik onena. Horiez gain, Julian Alvarez, Antoine Griezmann, Dominik Livacovic eta Sofyan Amrabat nabarmendu dira, besteak beste.

GOL FESTA
Inoizko gol gehien

Munduko Koparen historian, Qatarkoa da gol gehien ikusi den aldia. 172 gol sartu dira denera, 2014ko eta 1998ko aldietan baino gol bat gehiago, zehazki. Batezbestekoa eginez gero, 2,69 gol sartu dira partidako. Hein batean, emaitza eskandalagarri batzuei esker lortu da hori. Esaterako, multzoen fasean, Espainiak 7-0 irabazi zion Costa Ricari, eta Ingalaterrak 6-2 menderatu zuen Iran; final-zortzirenetan, adibidez, Portugal 6-1 gailendu zitzaion Suitzari.

Jokatu diren 64 partidetatik 11tan, bost gol edo gehiago sartu dira. Finalari dagokionez, historian bosgarren aldiz sartu dira sei gol txapelketako azken partidan. 1958. urteko finalean soilik sartu ziren gol gehiago: Brasilek 5-2 menderatu zuen Suedia. Atzokoa da penaltietan erabaki den historiako hirugarren finala. Askorentzat, inoiz jokatu den finalik onena da.

EPAILEEN LANA
Luzapenak, amaigabeak

Txapelketa handietan probatzen diren gauzak herrialdeetako ligetara iristen dira ondoren. Horrelako zerbait gerta daiteke luzapenekin. Izan ere, inoiz baino gehiago luzatu dituzte epaile taldeek lehen eta bigarren zatiak, galdutako denbora guztia berreskuratze aldera. Oso ohikoak izan dira 6 edo 7 minututik gorakoak, eta 10 minututik nabarmen gora joan diren luzapenak ere ez dira gutxi izan. Gol bakoitzeko, ospakizunetan galdutako denboragatik, partidari minutu eta erdi gehitzeko joera oso zabaldua egon da. Lehen zatian eta bigarren zatian eta luzapenetan gehitutako minutuak batuta, 700 minutu gehiago jokatu dira denera. Hau da, ia zortzi partida. Adibide bat jartzearren, Ingalaterraren eta Iranen arteko neurketan 29 minutu gehiago jokatu ziren.

Dena den, oro har, hartutako erabakiarekin ados dago futbolaren munduko jendea. Emakumezko epaileentzat, mugarria izan da Munduko Kopa hau, Stephanie Frappart frantziarra izan baita gizonezkoen Munduko Kopa bateko partida bat zuzendu duen lehen emakumezkoa: Costa Rica eta Alemaniaren artekoa zuzendu zuen, Karen Diazen eta Neuza Backen laguntzarekin. Qatarren sei emakumezko epaile aritu dira, inoiz baino gehiago. Finala aparta izan zen, hein batean Szymon Marciniak finalaren pareko maila eman zuelako.

LEHIA BAKARRIK EZ
Kritikak lausoak izan dira

Joko zelaian gertatutakoren zirrarak erabat lausotu ditu Qatarko emirerriari eta FIFAri egindako kritikak. Ikusgaitasun txikia izan dute, antolatzaileek desio zuten bezala. Alemaniako selekzioa izan zen, One Love izeneko ostadardun besokoa erabiltzeko debekua jaso ostean, ezinegona salatu zuen bakarretakoa: partida hasi aurreko argazkian, jokalariek ahoa estali zuten eskuarekin, FIFAren zentsura salatzeko. Hortik aurrera, ezer gutxi. Hildako langileen familientzako konpentsazio funts bat sortzeko eskatu zaio FIFAri, baina Gianni Infantino buru duen erakundeak ez ikusiarena egin du, beste askotan bezala. Dena den, txapelketa jokoan zenean ere, Qatargateauziak zeresana eman du. Izan ere, Eva Kaili Europako Parlamentuko presidenteordea eta beste hiru pertsona atxilotu eta inputatu ditu Belgikako fiskaltza federalak, erakunde kriminal batean parte hartzea, dirua zuritzea eta ustelkeria leporatuta. Emakumeen eskubideen aldeko keinu bat egin zuen selekzio bakarra Irangoa izan zen: Ingalaterraren aurkako neurketan, ez zuten ereserkia abestu, Iranen emakumeek jasaten duten errepresioa salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.