Messi: «Txapeldunen Liga irabazteko leku onenean nago»

Argentinarrak aitortu du «gogorra» izan dela Bartzelona uztea, baina «gogotsu» dago etapa berriari ekiteko.

Lionel Messi PSGko jokalaria, atzoko aurkezpenean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Lionel Messik Parisko Printzeen parkean eman zuen atzo aurkezpeneko prentsaurrekoa. Nasser Al-Khelaifi Paris Saint-Germaineko presidentearekin batera egin zuen agerraldia. Burrunbaren ostean, iritsi da lasaitasuna: Messik bi urterako sinatu du kontratua Parisko taldearekin, eta luzatzeko aukera izango du. Lehenik, klubeko ugazabak hitz egin zuen, eta argentinarralaudatu zuen: «Pozik eta harro nago Messi aurkezteaz. Egun historikoa da klubarentzat, baita futbolarentzat ere. Sei Urrezko Baloi eskuratu dituen jokalari bakarra da Leo [Messi]».

Haren ostean, aurrelariak hitza hartu zuen, eta egunotan bizitakoa azaldu: «Oso pozik nago. Bartzelonako taldetik joatea gogorra izan da. Izan ere, urte asko igaro ditut han, eta zaila izan da taldez aldatzea. Halere, Parisera iritsi orduko, zoriontasuna erabatekoa izan da. Tituluak irabazten jarraitu nahi dut; horregatik etorri naiz hona». Horrez gain, Messik aitortu zuen «arraroa» izango dela beste elastiko batekin Camp Noun aritzea.

Kluba buru-belarri aritu da azken urteotan Txapeldunen Liga eskuratzeko; gertu ibili bai, baina ez da nahikoa izan. Horretarako etorri da Messi: «Txapeldunen Liga irabazteko lekurik onenean nago». Talde sendoa osatu du PSGk Neymarrekin, Mbapperekin, Ramosekin, Verratirekin eta Messirekin.

Bestalde, Al-Khelaifik kirol lege finantzarioen inguruko zalantzak argitu zituen, eta zehaztu klubak arau horiek «jarraitzen eta betetzen» dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.