ELKARRIZKETA PAREA. Angel Gomez. Portugaleteko entrenatzailea

«Mesede egin digu ligako etenak, eta ondo gabiltza berriz»

Aitor Manterola Garate.
2016ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Ez dauka batere zalantzarik Angel Gomezek (Pedreña, Espainia, 1977), eta ziur da Portugalete ez dela jaitsiko San Miguel ligatik: «Salbatu egingo gara».

Nola zaudete animoz azkeneko lau estropadetako emaitza kaskarren ondoren?

Mesede egin digu astebeteko geldialdiak animoa suspertzeko. Oso bolada txarrean ginen, eta arriskutsua zen horrela jarraitzea. Liga hasieratik, ez gara eroso ibili, eta denetarik pasatu zaigu. Ez dugu estropada osorik egin orain arte, eta, bi aste hauetan, burutik kendu dugu gaizki egindako guztia. Trainerua berriz ondo dabil.

Zerbait berri probatu duzue bi aste hauetan?

Arraun berriak heldu zaizkigu, aspalditik eskatuta geneuzkanak, eta itxaropentsu gaude taldearen barruan; sentsazioak onak dira.

Espero zenuten Zumaiak bi asteburutan aldearen erdia jatea?

Tira, garbi dago sekulako maila dagoela San Miguel ligan, eta gerta zitekeen zerbait zen. Zumaia erregularra ari da izaten, eta azken estropadetan ausartak izan dira. Baina ez dute seigarren, zazpigarren edo zortzigarren egin. Atzera egin duena gu izan gara.

Nola ematen du talde batek pausoa aurrera azkenaldian atzera eman eta gero, bukaera gertu egon eta kezka dagoenean?

Lan psikologiko handia egin dugu. Kirola azken batean animo egoera bat da, eta buruak egiten duena erabakigarria izaten da. Eseri egin gara denok, hitz egin dugu elkarrekin, ilusioa berreskuratu dugu, eta, batez ere, urte osoan egindako lana ona dela berretsi dugu. Jakitun gaude liga oso estu dagoela, postu bat egin edo beste bat egin kontu txikien mende baitago. Ea lortu dugun ilusioa berreskuratzea.

Bost punturen aldeak txikia ematen du orain, baina alde izateko ez da kopuru txarra, ezta?

Garbi dago Zumaiak guk baino gehiago egin beharko duela, baina biok gaude kezkatuta. Hori bai, haien egoera baino nahiago dut gurea. Hala ere, dagoen berdintasunarekin ligan, bost puntu estropada batean gal ditzakezu.

Lau estropada dituzue orain itsasoan. Nahiago bat edo beste ibaian izatea tartean?

Gauzak ondo egiten baditugu, eta dakigun bezala egiten badugu arraunean, lehiakorrak izango gara edozein lekutan. Gainera, lau estropada hauek eremu onenetakoan dira.

Demagun lau estropada hauek jokatu eta gero bost punturen aldearekin jarraitzen duzuela. Azkeneko bi estropadak Portugaleteko zuloan izanda, han erabakiko litzateke dena?

Guk etxean egingo dugu arraunean, eta eremua oso ondo ezagutzen dugu. Gero, beti esaten da Portugaleten aldeak daudela kaleetan, baina denok dakigu hala dela. Beste eremu batzuetan, ustez onak direnetan, ezusteak izaten dira kaleen artean. Portugaleten ez da ezusterik egoten alde horretatik. Azken batean, aldeak eremu guztietan daude, eta ez da horri begira egon behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.