Tadej Pogacarrek (UAE) bere lehen Giroa irabazi du. Baina deigarriena ez da zer, nola baizik. Itzuli handi batean ez da aspaldi ikusi horrelako nagusitasunik. Hiru adierazlek argi erakusten dute hori: bigarren sailkatuari ateratako aldeak, itzuliaren garaileak irabazitako etapa kopuruak eta liderraren maillotarekin egindako egunek.
Pogacarrek 9.56ren aldea atera dio Daniel Felipe Martinezi (Bora). 1965eko Girora jo behar da alde handiagoa ikusteko: Vittorio Adornik 11.26ren aldea atera zion Italo Zilioliri. Eta hiru itzuli handiak kontuan hartuz gero, 9.56 baino diferentzia handiagorik ez da izan 1984ko Frantziako Tourraz geroztik —Laurent Fignonek 10.32ren aldea atera zion Bernard Hinaulti—.
Etapa garaipenei dagokienez, Giroko irabazle batek 1973ko aldian irabazi zituen dozena erdi azkenekoz: Eddy Merckxek irabazi zuen laugarren Giroan izan zen. Eta hiru itzuli handiak kontuan hartuz gero, ordutik soilik Tony Romingerrek lortua zuen itzuliarekin batera sei etapa zakuratzea: 1994ko Espainiako Vueltan.
Hain zuzen, Vuelta horretan Romingerrek lehenbiziko egunetik azkeneraino jantzi zuen liderraren maillota. Hiru asteko itzuli batean hori lortu duen azken ziklista da oraingoz. Giroari dagokionez, Gianni Bugno da hori egin duen azkena, 1990ean. Pogacarrek ezin izan du lortu, Jonathan Narvaezek eta Maximilian Schachmannek eragotzi baitzioten lehenbiziko etapan, helmugako esprintean esloveniarrari gailenduta. Bigarren egunetik azkeneraino jantzi du liderraren maillota, Romingerrek 1995eko Giroan egin bezala. 1995etik orain arte, Vincenzo Nibali eta Chris Froome ziren hiru asteko itzuli batean liderraren maillota denbora gehien jantzia zuten irabazleak: Nibalik bigarren egunean jantzi zuen 2014ko Tourrean, baina bederatzigarren etapan erantzi behar izan zuen; hamargarrenean berreskuratu, eta bukaeraraino eutsi zion; Froomek, berriz, hirugarren etapatik Vuelta bukatu arte jantzi zuen maillot gorria 2017an.
Hortaz, Pogacarrek 2024ko Giroan erakutsi duen nagusitasunak bertze mugarri bat ezarri du ziklismoaren historian. Gaur eman duen ikuskizunari aitortza egin diote Erromako kaleetan bildutako zaleek. Podiumean, Martinez eta Geraint Thomas (Ineos) izan ditu albo banatan.
Irabazi duen hirugarren itzuli handia da, aurrez 2020. eta 2021. urteetako Frantziako Tourrak irabazitakoa baita. Hurrengo helburua argi du: aurtengo Tourra irabaztea. Ez da erronka makala.
Merlierren hirugarrena
Azken esprintean Tim Merlier (Quick-Step) gailendu da, aurtengo Giroan hirugarren aldiz. Hiruna garaipen lortu dituzte bi esprinter onenek, hau da, Merlierrek berak eta Jonathan Milanek (Trek). Gaur, helmugarako zortzi kilometro falta zirela izan duen matxurak baldintzatu du italiarraren lana. Lortu du tropela harrapatzea, baina, halako berotua hartu du, ez baitu indarrik izan azken metroetan Merlier aurreratzeko. Ez zaio asko falta izan ciclaminoari.