Merkealdian ere garesti

Jokalari garrantzitsuak falta zaizkion arren, Sevilla faborito gisa zelairatuko da gaur San Mamesen

haritz gallastegi
2008ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun


Jokalari garrantzitsuakfalta zaizkion arren, Sevilla faborito gisa zelairatuko dagaur San Mamesen
HARITZ GALLASTEGI

Bilbo

Athletic talde sendoa bilakatu gura du Caparrosek. Talentua gainezka ez daukala jakin badaki teknikari zuri-gorriak. Beraz, aurkariari berea egiten utziko ez dion taldea egitea du xede. Futboleko gauza «ikusezinak» menperatzea, alegia. Horretarako, non begiratu badute zuri-gorriek. Azken denboraldiotan talde dezente ezagutu ditugu euren baliabideei zuku guztia atera diotenak: Jabo Iruretaren A Coruñako Deportivo, azken denboraldiotako Valentzia, eta egun, berriz, gaur 22:00etan hasita Athleticek aurkari izango duen Sevilla dira talde lanaren eta sendotasunaren eredu.

Caparrosek hasi zuen beharra, Juande Ramosek jarraitu eta hobetu zuen, eta orain Manolo Jimenez da jarraikortasuna ematen ari zaiona. Lehen minututik neurketaren hondarreraino arnasa hartu ezinda lagatzen ditu aurkariak Sevillak. Zapaldu egiten ditu. «Kalitate handiko jokalariak izateaz gain, asko landutako taldea dauka Sevillak», esan zuen Caparrosek.

Espainiarrek duten jokoa eta lehiarako gaitasuna lortzea du amets Athleticek. Egiari zor, gutxiagorekin ere konformatuko litzateke. Joan den sasoian eta orain dela denboraldi bi, Osasunak egindako lana edota Sevillak Utrerako teknikariarekin zuen talde itxura lortuta inor ez zen kexatuko. Talentu aldetik mugatuak diren taldeek ere lan aparta egin dezaketela erakutsi zuten talde horiek. Izan ere, egun Sevillak duen maila eskuratzeko, aspaldian Euskal Herrian ezagutu ez dugun jokalari belaunaldi bat edo bi uztartu edota beste filosofia bat izan behar bailuke talde zuri-gorriak. Horretaz konturatzeko, andaluziarrek gaurko partidarako falta dituzten jokalariak eta euren lekuan jokatuko duten futbolariek duten maila aintzat hartzea besterik ez da egin behar.

Hainbat arrazoi tarteko, Kanoutek, Keitak, Luis Fabianok eta Dragutinovicek ez dute San Mamesen jokatuko. Edozein taldek, aipatu ditugunen maila duten lau jokalari kenduz gero, asko galduko luke. Izen berbera izan arren, ez litzateke talde bera izango. Arrastorik ere ez. Baina falta direnen lekuan Sevillaren elastikoa defendatuko duten jokalariak ez dira nolanahikoak: Chevanton, Escude, Fazio, Maresca eta enparauak goi mailako futbolariak dira. Athleticekoak baino dezente hobeak. «Sevilla Espainiako Ligako talderik osoena da. Horrelako talde batean gainerakoetan baino gutxiago nabaritzen da jokalari garrantzitsuen falta».

Caparrosek arrazoi du. Halere, koherente izateko eskatu behar zaio entrenatzaile zuri-gorriari. Izan ere, denboraldia hasi zenetik, Ligan parte hartzen duten taldeen %80 Athleticen maila beretsukoak direla errepikatu baitu. Eta gainerako %20ri bi edo hiru jokalari onenak kenduz gero berdin gertatuko litzaiekeela nabarmendu du behin eta berriz, Athleticen gol eskasia justifikatzeko. Bada, Sevilla bere bi golegile nagusiak barik badator, ez luke Athletic baino hobea izan behar. Betiere, Caparrosen teoriari kasu eginez gero.



IRAIZOZ ETA OCIO DEIALDIAN. Sevillak dohain asko ditu. Arma asko ditu. Berezko talentuaz gain, indar handia duten futbolariak ditu taldean. Horregatik, neke gutxien duten jokalarien aldeko apustua egingo du Caparrosek. Indarrean ahalik eta gehien parekatu gura du norgehiagoka. Beraz, pentsatzekoa da Espainiako Kopan aritu ziren gehienek ez dutela bigarren aukerarik izango. Iraola, Yeste eta Amorebieta dira berriro joka dezaketen hiru jokalariak. Hirurak ezinbestekoak dira Caparrosentzat.

Aranzubiak eta Susaetak ere jarraitu dezakete hamaikakoan. Iraizoz osatu da, eta deialdian sartu badute, jokatzeko moduan dagoelako sartuko zuten. Halere, lan saioetan oso gutxitan ikusi zaio baloia indartsu jaurtitzen. Nafarra prest badago, hasierako hamaikakora bueltatuko da bi hilabete geroago. Susaetak ere merezi du lekua taldean. Espanyolen aurka taldeko onena izan zen. Konfiantzarekin dabil. Banakako jokaldietan aurkaria gainditzeko ahalmena duen zuri-gorri bakarra da.

Okerrik ezean Aitor Ocio ere hasieratik arituko da. Murtziaren aurka min hartu zuenetik ez du jokatu. Ezker hegalekoan Koikilik jokatuko du. Bestalde, euskarrian nortzuk jokatuko duten ez dago argi. Ligan Orbaizek eta Javi Martinezek jokatzen dute gehienetan. Kopan Tikok eta Muñozek jokatu zuten. Ez zuten ohiko titularrek baino apalago jokatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.