Kaikurekin profesionaletan bi urtez lehiatu ondoren joan zen Jorge Azanza (Altsasu, 1982) Euskaltel-Euskadira, 2007an. Ez zen hau berak espero zuen amaiera, baina etorkizunari datorren moduan aurre egiteko asmoa du.
Nola jaso duzu albistea?
Atzo [herenegun], posta elektroniko bat jaso genuen, eta esan ziguten gaur [atzo] bagenuela presako bilera bat Euskaltelek kudeatzen duen enpresarekin. Esan digute ez zegoela jada aukerarik taldeak jarraitzeko, ez Euskaltel gisa, ezta beste babesle batekin ere, aukera guztiak amaituta zeudela, eta talde berri bat bilatzeko.
Eta zer etorri zaizu burura? Espero zenuen?
Niri aurten amaitzen zitzaidan kontratua, eta nire kasuan ez da asko aldatzen egoera. Baina Euskaltel egongo balitz, niretzat errazagoa izango zen jarraitzea txirrindularitzan. Hemen, beterano bat nintzen, eta nire lekua egina nuen. Taldeko txirrindulari batentzat zailagoa da lekua egitea orain, baina ateak jo behar ditut, Espainiako Vueltan ondo aritu, ea norbait interesatzen den taldeko lana egiten jarraitzeko. Taldeko lanean aritzen garenok ez ditugu garaipenik ezta punturik ere, eta gure betebeharra beste bat izango da. Baina zailagoa izan arren, borrokatu behar da, jarraitzeko.
Taldekideek hitz egin al duzue?
Bai, denak egon gara bileran. Askok ez dute arazorik izango beste kontratu bat sinatzeko, eskaintzak izango dituztelako. Baina sei, zazpi edo zortzi urte daramatzagunentzat zailagoa da: lantaldea egin dugu beti. Merkatua txikia da, eta 35 txirrindulari gehiagorekin merkatuan zaila izango da lekua izatea.
Imaginatzen zenuen horrela bukatzea Euskaltel-Euskadin?
Egia esan, ez. Azken hiru urteetan lanean izan naiz Samu-rekin [Sanchez]. Hari zor diot asko, eta berak hiru urteko kontratua zuenez, esperantza banuen nirea berritu eta bere ondoan jarraitzeko. Argi dago zaila izango dela.
Zer izan da zuretzat Euskaltel-Euskadi?
Munduko lasterketa onenetan aritzeko aukera eman dit, Paris-Roubaix izan ezik, munduko egutegian izan naiz. Hori Euskaltel-Euskadiri esker lortu dut, eta eskertzekoa da. Baina pena ematen du, bai, horrela amaitzea. Iaz esan ziguten lau urteko proiektua zela, eta lehen urtea horrela amaitzeak pena ematen du.
Nola ikusten duzu orain euskal txirrindularitzaren etorkizuna?
Estatuan Movistar bakarrik geratzen da, eta beste taldeak oso atzerritarrak dira, eta gainezka daude. Errepidean azkenera arte talde bat izan garela erakustea besterik ez zaigu geratzen.
Txirrindularitza. Euskaltel-Euskadiren agurra. Jorge Azanza. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
«Merkatuan zailagoa izango da leku bat egitea 35 txirrindulari gehiagorekin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu