Espainiako Liga hastear dago, eta, oro har, taldeek badakite datorren sasoian zein jokalari izango dituzten. Halere, mugimendu andana espero da merkatua itxi aurretiko egunetan, urtero gertatu ohi den bezala. Orain arte, ordea, gastu faltak markatu du fitxaketa merkatua; aldiz, Ingalaterrako Liga azaldu da indartsuen arlo horretan, dagoeneko 1.000 milioi euro inguru gastatu baitituzte —Manchesterreko bi taldeen artean, ia 400—. Zergatik joera aldaketa hori?
Aspaldian esan izan da talde ingelesek gehiegi ordaintzen dutela, merkatuan inflazioa sortzen dutela. Baliteke hala izatea, baina argia da joera aldaketa bat ere badagoela: Espainiako futbol ligari izarren liga esaten zaio, baina fitxaketa entzutetsuenak ez dituzte Lehen Mailako taldeek egin. Sona handiena izan duen Espainiako fitxaketa Las Palmasek egin du: Kevin-Prince Boateng. Hilabete hasieran, Italiako eta Alemaniako ligetako taldeek ere gehiago gastatua zuten. Hala daude gauzak.
Espainiako futbol ligan oso nabaria da talde aberatsen eta pobreen arteko aldea, baina aurtengo udako bereizgarri nagusia Real Madril da. Munduko talderik aberatsenetakoa da, eta Florentino Perez presidente dutenetik beti egin izan dute fitxaketa handi eta garestiren bat. Bada, aurten Alvaro Morata berreskuratu dute soilik; hori bai, 32 milioi euroren truke. Halere, Europako Superkopa irabazi zuen herenegun, Sevillaren aurka. Bartzelonak, berriz, izenak ahaztu, eta beharrezko postuetan egin ditu fitxaketak: lau jokalari ekarri ditu, eta horietatik bakarra da erasokoa —Denis Suarez berreskuratu dute 3,5 milioi ordainduta—. Beste hirurak Andre Gomes euskarria —35 milioi— eta bi atzelari izan dira: Samuel Umtiti erdikoa —25 milioi— eta Lucas Digne ezker hegalekoa —16,5 milioi—.
Bi handiez gainera, haien atzetik dabiltzan taldeek mugitu dute diru gehien: Atletico Madrilek, Sevillak eta Vila-realek. Madrilgo taldearen fitxaketa izarrak Kevin Gameiro aurrelaria eta Nicolas Gaitan hegalekoa dira, 32 eta 25 milioi euroren truke, hurrenez hurren. Sevilla, urtero bezala, ondo mugitu da: Unai Emery entrenatzailea galduta, Jorge Sampaoli ekarri du; Gameiroren ordez, Wissam Ben Yeder —9 milioi— eta Luciano Vietto —utzita— etorri dira. Bestalde, Joaquin Correa —10 milioi—, Matias Kranevitter —utzita—, Paulo Henrique Ganso —10 milioi— eta Hiroshi Kyotake —6,5 milioi— fitxatu ditu, besteak beste. Vila-real ere asko mugitu da merkatuan: Denis Cheryshev —10 milioi—, Roberto Soriano —15 milioi—, Nicola Sansone —13 milioi— eta Alexandre Pato fitxatu ditu, adibidez. Gainera, Roberto Soldado aurrelaria sei hilabeterako lesionatu da. Eta Valentziak irteeretan jarri du arreta handiena, baina Luis Carlos Almeida Nani —8,5 milioi— fitxatu dute, Eurokopan Portugalekin txapeldun izan ondoren.
Mugimenduak, behetik
Urteroko kontua da: diru gutxien gastatzen dutenak mugitzen dira gehien merkatuan. Aurten ere bai: Deportivok entrenatzaile berria du —Gaizka Garitano-, eta hamabi fitxaketa egin ditu jada. Leganes igo berriak 11 egin ditu, eta Sportingek, bederatzi. Betis, Granada eta Malaga ere asko mugitu dira: hirurek aldatu dute entrenatzailea. Betisek bederatzi jokalari fitxatu ditu, eta beste biek, zortzina.
Euskal taldeen artean desberdintasunak nagusi dira. Athleticek ez du fitxaketarik egin —Lehen Mailako talde bakarra izan da—, eta Alavesek, berriz, hamabi egin ditu, entrenatzailea aldatzeaz gainera; Mauricio Pellegrinok zuzenduko du guztiz eraberritutako taldea. Eibar ere asko mugitu da, halabeharrez: bederatzi jokalari berri ditu oraingoz; Pedro Leon, haien artean.
Realak eta Osasunak, berriz, launa fitxaketa egin dituzte. Txuri-urdinek Geronimo Rulli —erosita—, Juanmi Jimenez, Toño Ramirez eta Willian Jose da Silva fitxatu dituzte, eta nafarrek Fausto Tienza, Jaime Romero, Goran Causic eta Fran Merida.
Merkatua lasai antzean dabil
Espainiako Liga hasteko astebete falta dela, fitxaketa entzutetsurik ez da egon oraindik, eta diru gutxi mugitu da. Ingalaterrako Ligak gastatu du diru gehien oraingoz: 1.000 milioi euro inguru
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu