Kontxako Bandera

Lorea Etxabe: «Ezin diogu geure buruari gehiago eskatu»

Arraun Lagunak-ek ez zuen hutsik egin, eta Kontxako Bandera hirugarrenez irabazi du. Horrela, denboraldiko bandera guztiak bereganatu ditu taldeak.

Lorea Etxabe Pasaiako Bandera irabazi ostean. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Lorea Etxabe Pasaiako Bandera irabazi ostean. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2024ko irailaren 9a
12:20
Entzun

Hirugarren aldiz irabazi du Kontxako Bandera Arraun Lagunak-ek, eta Lorea Etxabe (Pasai Donibane, 2000) hiruretan izan da taldearen parte. Kontxako Bandera astindu eta hurrengo egunean elkartu da kazetariarekin, Donostiako kaian bertan. Bezperan ederki ospatu zuen lorpena taldeak Donostiako kaleetan, eta Konstituzio plazan ere astindu zituzten bandera guztiak. 24 ordu pasatu dira, baina oraindik ezin du irribarrea ezkutatu.

Iritsi da hirugarren Kontxa ere. Zein da balorazioa?

Denboraldia biribila izan da. Liga irabazi ondoren Kontxa irabaztea ginga jartzea zen, eta lortu dugu. Sailkapen estropadan helburua bete genuen, eta lehen jardunaldian bederatzi segundoren aldearekin irabazteak lasaitasun puntu bat eman zigun. Hala ere, atzo ere irabazteko asmoz irten ginen, eta alde nabarmenarekin irabazi genuen berriro ere. Uste dut lorpenak meritu handia daukala; ezin diogu geure buruari gehiago eskatu.

Iaz Tolosaldeak izan zuen presioa bigarren jardunaldian. Aurten, ordea, zuek izan duzue presio guztia dena irabazi duzuelako. Bandera guztiak irabazteko nahi horrekin, zuek ere are gehiago estutu duzue zeuen burua? 

Oso modu txarrean ikasi genuen presioak ez duela ezertarako balio. Ez du laguntzen, eta laguntzen ez duena gainetik kendu beharra dago. Bagenekien Kontxako Bandera irabazteko faboritoak ginela, aurretik dena irabazi dugulako. Baina ez nuke esango irabazteko inolako presiorik izan dugunik. Irabazi nahia besterik ez da izan.

Zaila zirudien iazko denboraldia hobetzea, baina hobetu ere egin duzue.

Denboraldia izugarria da. Gogoratzen naiz iaz beti esaten nuela «zer eskatu dezakegu Kontxa eta liga irabazi ondoren?». Eta begira atzo nola astindu genituen bandera guztiak Konstituzio plazan. Irudia izugarria da. Datorren urterako ez dakit zer erronka jar diezaiokegun geure buruari. Gauza gutxi!

Neguan bazenekiten Oriok aldaketa asko izango zituela, eta Donostiarra eta Tolosaldea behetik gorakoa egiten ari direla. Espero zenuten aurten egin duzuena?

Oriorekin ez geneukan erreferentziarik. Baina beste biak Pasaian entrenatzen dira, gu bezalaxe. Eta onerako eta txarrerako, elkar ikusten dugu. Baina neguan zaila da alderaketak egitea, eta hori gogorra ere izaten da psikologikoki. Egia da ez genuela espero hainbesteko aldearekin irabaztea, baina uste dut erakutsi dugula puntu bat gorago gaudela besteekin alderatuta. Bost urte daramatzat taldean, eta aurten bereziki izan da negu gogorra entrenamenduei dagokienez. Baina bere fruituak eman ditu.

Azken lau urteetan bizkarrezurra ez duzue aldatu. Hori da Arraun Lagunak-en gakoetako bat?

Bai, noski. Aldaketa bat egon zen ni sartu nintzenean, eta bost urtean gauzak ez dira askorik aldatu. Iaz pare bat arraunlari garrantzitsu joan zitzaizkigun, baina oso jende ona iritsi da. Beste taldeei gehiago kosta zaie; Oriori bereziki. Erronka hor izan dezakegu; besteek hezurdura aldatzen ez badute, maila hobetuko dutelako, eta ondoan izango ditugulako berriro ere.

Dena irabaztea bikaina da, baina badu bere alde txarra: datorren urtean ezingo duzuela lortutakoa hobetu. Nola mantendu dezake gosea arraunlariak hori jakinda?

Bandera guztiak irabazi ditugu, baina estropada guztiak ez. Zarauzko Banderako bigarren jardunaldia irabaztea gelditzen zaigu! [barrez]. Hor daukagu beste erronketako bat. Arraunlari batek gosea izan behar du beti, eta badaukagu. Bestela, zer-nolako kirolariak izango ginateke?

Askotan gertatu izan da arraunean norbaitek dena irabazitakoan taldez aldatzen duela, edo arrauna uzten duela. Beldurra diozue taldea desitxuratzeari?

Urtea politegia izan da. Kirol arloan zein taldeko giroan. Asko disfrutatu dugu, eta familia bat izan gara. Jendeak, akaso, ez du jakingo, baina lesio ugari izan ditugu aurten. Nahiko izorratuta egon gara, eta elkarri asko lagundu diogu. Horregatik lortu dugu taldearen hezurdura mantentzea.

Askotan ikusi zaituztegu kantuan, saltoka... hor ikusten da taldearen giro ona.

Harreman bikaina daukagu. Asko abesten dugu, tontakeria mordoa egiten ditugu... baina badakigu serioak izaten ere. Jendeak asko hitz egin du horretaz, eta asko aipatu da zein erraza den gauzak ondo doazenean horrela aritzea. Baina, joan den urtean, Kontxako bigarren jardunaldia hasi baino lehen Tolosaldearen atzetik geunden. Eta ez dago une horrek baino tentsio handiagoa daukan unerik. Eta irteera baino lehen txiste bat kontatu genuen. Hori da gure ohitura, eta gure xarmaren parte da. Indarra ematen digu, eta horrela jarraituko dugu.

Batzuek iritzi dute gainerakoekiko errespetu falta dela. Iritsi zaizue halako iritzirik?

Bai, eta aurrez aurre ere esan digute. Hori eskertzen da, behintzat! Asko kritikatu gaituzte, eta badakigu. Koxka bat gorago aritu gara, eta esango nuke horrek eman diela min handiena batzuei. Harroputzak garela esan digute, baina guk tentsioa gainetik kentzeko gure modua daukagu. Gu kritikatu baino, hobe luke zenbaitek beren tentsioa kentzeko modua aldatu.

Entrenatzailea aita duzu. Besteak beste, zure eskuetan dago aitaren poza, eta garai txarretan ere, zure eskuetan egon daiteke haren etorkizuna. Nola darama hori arraunlariak?

Nik zorte handia daukat. Irabazi edo galdu, beti izan dugu oso giro ona taldean. Bereziki eskertuta nago taldekideekin, aita asko miresten dutelako. Horrek asko errazten ditu gauzak. Askotan ni neu naiz gogorrena aitarekin, eta taldekideek ateratzen dute aurpegia haren alde. Hori asko eskertzen dut, badakidalako gauzak gaizki doazenean ez dutela entrenatzailearengatik ezer esango. Kontrakoa, inork ez du haren erabakirik zalantzan jarri. Etxabek hau esaten badu, taldea atzetik joango da. Asko daukagu galtzeko, noski, baina zenbat irabazten dugun! Izugarria da atzo arranpan aita eta ama negarrez ikustea, hunkituta. Horregatik bakarrik, merezi du aurrez sufritutako guztiak.

Laster sartuko da indarrean arraunean harrobiko arraunlari gehiago lerrokatzera behartuko duen legea. Prest dago Arraun Lagunak horri aurre egiteko? Zer iritzi duzu zuk auziaren inguruan?

Ikusteko dago oraindik emakumezkoetan jarriko duten edo ez. Baina, jarri edo ez, kalterako besterik ez da araua. Klubak babestu behar dira, bai, baina arrauna ez da futbola. Ez du hainbeste kirolari batetik bestera mugitzeko adina diru mugitzen. Babestu bai, baina zenbateraino? Esango nuke arraunaren kalitatea mugatzen ari garela. Kontxako Estropadan ikusten da, denboraldi osoan estropada guztietan parte hartu duten etxeko arraunlari batzuk ez direla lehiatzen. Etxekoa delako bakarrik sartu behar da arraunlari bat ontzian? Hor arazo bat dago, argi eta garbi. Ez dakit koherentea den edo ez.

Araua jarri edo ez, zu San Juaneko harrobikoa zara, eta aurten itzuli dira 'Batelerak'. Horrelako araurik jarriz gero, itzultzeko aukera egongo litzateke?

Sanjoandarrentzat poz izugarria izan da herrian bi ontziak lehiatzen ikustea. Mutilek kanporaketak dituzte datorren astean, eta nesketan ontzia berriro ateratze hutsa garaipen bat dela esango nuke. Erreferentzia izan ziren bere garaian, eta oso proiektu polita daukate orain, neska gaztez beteta. Nik badakit noizbait arrosa jantziko dudala berriro ere. Baina Arraun Lagunak ere etxea da niretzat. Oso gustura nago hemen, eta oso proiektu handia utzi behar dut atzean herrira itzultzeko. Badakit itzuliko naizela, baina oraindik ez da nire garaia. Bitartean, onena opa diet. Ea laster gorenean elkarren aurka lehiatu gaitezkeen! Asko poztuko nintzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.