Goizez unibertsitatera Gasteizen, eta arratsaldez entrenatzera; hori da David Merinoren (Villar de Torre, Espainia, 1990) bizitza ez hain berria. Ikasgai bakarra falta zaio soin hezkuntzako ikasketak bukatzeko, eta hori du «lehentasuna» orain. Arratsaldez, berriz, egunero entrenatzen jarraitzen du, batez ere arlo fisikoa, eta baita pilotalekuan ere. «Errioxako pilotari askorekin aritzen naiz. Afizionatu onekin, Untoriarekin, Victorrekin, beterano batzuekin, Titinekin... Arra akabatzeko eta lehiakor mantentzeko egiten dut». Beharko du, Merinok ez baitu gerrikoa eskegi. Garferekin jokatzen hastekoa da udazkenean. Bere azal berria da.
Bi hilabete dira Aspek berari eta bere anaiari kontratua ez ziela berrituko esan ziela. Abuztuan izan zen. Handik aste batzuetara, Aspek beste eskaintza bat egin zion Merino II.ari. Buruari buelta asko eman zizkion, eta eskaintza horri beste batekin erantzun zion; «kirol mailako eskaerekin», zehaztu duenez. «Kirol arloan lasaitasuna nahi nuen, nigan konfiantza izango zutela jakin nahi nuen, berriz ere gozatu eta gora egin ahal izateko». Baina Aspek ez zuen onartu eskaintza, eta aurreko eskaintza bera egin zion. Irail hasiera zen, eta hor bukatu zen bi aldeen arteko harremana.
Merino II.ak ez du ukatu «bizkarrekoa» hartu zuela. «Gustura jarraituko nuen, baina ez zuten euren aldetik jarri. Negoziatzeko aukera eman nien; negoziazio batean bi aldeak akordio bat egiten saiatzen dira, eta ez nuen interesik ikusi. Baldintzak batzuk jarri, eta ez ziren mugitu hortik». 28 urte baino ez dituen arren, «zail» ikusten du noizbait Aspe edo Asegarcera itzultzea. «Behin irteten zarenean oso zaila da itzultzea. Ez dut uste deituko didatenik. Hala ere, nik argi dut kontratua berritu ez badidate ez dela jokoarengatik izan. Aurkariei lanak emateko jokoa eta adina ditut oraindik». Merino anaietan gazteenak partida nagusiak jokatu ditu azken urteetan. Ziurra zen binakakoan, eta iaz Andre Maria Zuriaren torneoa irabazi zuen.
Baina pilota ez da Aspe edo Asegarcen bukatzen. Garferekin hasiko da, anaiaren, Mikel Beroizen, Xalaren eta Titinen alboan, besteak beste. «Garai batean, onena emana zuten pilotariak zeuden, baina orain aldatu egin da. Aspek eta Asegarcek pilotari asko utzi dituzte kalean oso adin onean, eta hainbat Garfen gaude. Maila asko igo da. Aspeko eta Asegarceko izar handiak hobeak dira, baina enpresako beste pilotariekin lehiatuko lukeen koadroa dugu guk».
Garfeko baldintzak «xumeagoak» dira. Asperen eta Asegarceren jaialdiak eros ezin ditzaketen herrietara joaten dira Garfekoak. Soldatak txikiagoak dira, eta partida kopuruak baldintzatzen dituzte. Halere, ez dago etenaldi luzerik. «Garai batean, udan bakarrik jokatzen zen, baina hori ere aldatu da. Nire anaiak urri eta azaro artean zazpi partida jokatu ditu, eta abenduan ere baditu batzuk». Merino II.ak ez dio partida kopuru zehatzik jarri nahi bere buruari, baina ohikoa da Garfeko batek urtean 60tik gora jokatzea. «Niri gehien gustatzen zaidana pilotan jokatzea da, eta horrekin gozatzea da nire helburua».
Merinoren azal berria
Bi hilabete dira David Merinok Aspe utzi zuela. Baina 28 urte baino ez ditu, eta oraindik pilotan jokatzeko gogo handia du. Garfe enpresarekin hastekoa da, «berriz ere gozatzeko» asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu