Zesta-punta

Merezitako ezustekoa

Oaia Otañok lehen aldiz jokatuko du Winter Series zesta-punta txapelketa. Haren ustez, merezi du aukera, «lan asko» egin baitu azkenaldian. Gazteena da: 16 urte egin berri ditu. «Baina maila ez da adinaren araberakoa», azpimarratu du.

Oaia Otaño. ERAMAN JAI ALAI
Oaia Otaño, zestarekin, Durangoko Ezkurdi frontoian, Winter Series Txapelketaren aurkezpenean. ERAMAN JAI ALAI
Julen Etxeberria.
2025eko martxoaren 13a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Aukera batzuk ezustean iristen dira, baina ezustean iristeak ez du esan nahi ez direnik merezitakoak. Oaia Otañok (Mutriku, Gipuzkoa, 2009) ezustean jokatuko du lehen aldiz Winter Series zesta-punta txapelketa, «Ez nuen espero jokatzea, baina Eneritz Lizardiri ez zaio osatu lesioa, eta haren ordez ariko naiz ni», azaldu du. «Baina lan handia egin dut azkenaldian, eta txapelketa asko jokatu; merezi nuen aukera hau», zehaztu du segidan. Gazteena da: 16 urte egin berri ditu. Baina horrek ez du kezkatzen. «Maila honetan adinak ez du zerikusirik. Maila ez doa adinaren arabera», azpimarratu du.

Txapelketarik entzutetsuena da Winter Series, eta Otaño «oso pozik» dago lehen aldiz jokatuko duelako. Aspaldiko helburua zuen. «Aurreko bi ekitaldietako partida guztiak ikusi nituen frontoian bertan. Lagunak ditut pilotari guztiak, eta pozik joaten nintzen haiek ikustera; poztu egiten nintzen haiengatik. Zorionez, nik orain horretaz gozatzeko aukera izango dut, eta haiek ere poztu egin dira horregatik. Lasai egoteko eta disfrutatzeko esan didate. Gauza bera esan didate etxean. Familia, lagunak… gehienak frontoian egongo dira. Oso polita izango da, irabazi ala galdu helburua bete baitut». 

Astelehenean jokatuko du finalerdia, Durangoko (Bizkaia) Ezkurdi frontoian, 19:30ean (22:20ean, ETB1en), Ihart Arakistainen eta Frida Watkinsen aurka. «Ihartek indarra du, eta ondo amaitzen du tantoa. Fridak, berriz, min egiten du eskuinez. Bikote gogorra dira, baina aurre egin diezaiokegu. Ahalik eta ondoen aritu nahi dugu, eta, ahal bada, finalerako sailkatu». Irabaziko balute, hilaren 24an jokatuko lukete finala, Helena Barrenetxearen eta Arai Lejardiren kontra.

Kasu egin die gertukoei: «lasai» dago. Baina seguru dago eguna iritsi ahala «urduritu» egingo dela. Ia beteta egongo da pilotalekua: 650 ikusle inguru kabitzen dira. Ez du inoiz horrenbeste jenderen aurrean jokatu. «Winter Series txapelketak ospe handia du. Berezia da, eta hori sumatu egiten da frontoira iristen zaren unetik. Telebista kamerak ere badaude, eta horrek presio pixka bat eragiten dizu, baina zure lana horrenbeste jenderen aurrean eta telebistan erakusteko ematen dizuten aukera da. Azken finean, oparia da».

Pozik Elaiarekin

Elaia Gogenola Berriatuko (Bizkaia) aurrelaria izango du bikotekide. Barrez gogoratu du nola jakin zuen hori. «Euskadi Irratitik idatzi zidaten galdetuz ea pozik nengoen Elaiarekin jokatzeagatik, baina nik ez nekien oraindik harekin jokatuko nuenik. Poztu egin nintzen hori jakitean. Azkenaldian txapelketa asko jokatu ditugu elkarrekin, eta oso ondo moldatzen gara. Hori abantaila da kantxan». «Bikote gogorra» osa dezaketela dio. «Egun ona badut, atzean euts dezaket, eta Elaiari lagundu. Ondo moldatzen bagara, Elaiak tantoa buka dezake aurrean. Indarra du, eta atzera botatzen du pilota; pilotari osoa da. Lanak eman diezazkiekegu aurkariei».

«Zure lana horrenbeste jenderen aurrean eta telebistan erakusteko ematen dizuten aukera da. Azken finean, oparia da»

OAIA OTAÑOPuntista

Elkarrekin oso ondo moldatzen diren erakusle da iaz 22 urtez azpiko munduko txapeldunorde izan zirela Iruñean. Hain zuzen, Otañok nabarmendu du txapelketa hori «mugarri» izan dela beretzat. «Munduko Txapelketa hori jokatzea pizgarria izan zen. Jokatuko nuela esan zidaten bezain pronto, gogor hasi nintzen entrenatzen. Horri esker, asko hobetu nuen, eta konfiantza hartu neure buruarengan. Pentsaera eta jarrera aldatu zait, eta, gaur egun, hobeto sentitzen naiz kantxan».

Lanaren poderioz lortu du. «Astean bitan entrenatzen naiz Mutrikun: astelehenetan, Goixerrirekin [Jon Mendizabalekin], eta asteazkenetan, Juanjo Urkirirekin. Horrez gain, saiatzen naiz astean behin gimnasiora joaten. Frontoiko eta gimnasioko lanaz gainera, partidak jokatzen ditut asteburu askotan, baita aste barruan ere, Berriatuan».

Familia zestagilea

Herriko Danok Bat klubeko kide da. 8 urterekin eman zuen izena. «Eskolan klubaren orri bat eman ziguten, eta korrika joan nintzen etxera esanez zesta-puntan probatu nahi nuela». Ezusteko polita hartu zuen. «Amak esan zidan amona eta osaba zestagileak zirela. Nik ez nekien. Osabak azkar egin zidan zesta txiki bat, eta horrekin hasi nintzen. Gaur arte».

Oso eskertuta dago herriko klubarekin. «Lan handia egiten dute zestaren alde, eta, horri esker, ume asko dabiltza klubean. Goixerrik asko laguntzen digu denei, eta emaitzak hortxe daude: begira zein ondo aritu diren Eñaut [Urreisti] eta Manzi [Mikel Manzisidor] azken Winter Series txapelketan. Eneritz ere bikain aritu da urte askoan. Hura izan dut eredu, eta asko lagundu dit. Niri iritsi zait aukera orain, eta ea haien pare ibil naitekeen».

Aurrerapausoak ematen ari da Otaño, baita emakumezkoen zesta-punta ere. «Batetik, Winter Series txapelketak hirugarren aldia du, eta, horrek esan nahi du sendotuta dagoela. Bestetik, lehen aldiz jokatuko dugu Jai Alai liga. Albiste bikaina da, horri esker beste hainbat tokitan erakutsiko baitugu nola jokatzen dugun neskek zestan. Toki horietan zesta-punta sendotzeko eta guk indarra hartzeko balioko du».

LARUNBATEAN HASIKO DIRA TRINKETEKO BINAKAKO TXAPELKETAK

Larunbatean hasiko dira berezkoen binakakoak, Milafrangan (Lapurdi), eta maiatzaren 5ean bukatu, Donibane Garazin. Maila nagusian, sei bikote ariko dira: A multzoan, Espinal-Sanchez, Darmendrail-Orhategarai eta P. Etxeberri-Iphar; eta B multzoan, Ospital-Gixandut, M. Etxeberri-Ducassou eta Bideondo-Saint Paul.

Zortzi ariko dira koska bat beherago: A multzoan, Maiz-Iuro, Intxauspe-Harokarene, Bielle-Cubiat eta Lafitte-Harismendi; eta B multzoan, Etxeberria-Lambert, Ziarrusta-Ugarte, Oltzomendi-Larralde eta Teillery-Laskano

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.