Silvia Ederra

Merezi zuen erretiroaren bila

Bi urte baino gehiago erretiratua egon ondoren, Silvia Ederra lehiara itzuli da, 39 urterekin. Sporting La Riojan aritu zen azkenekoz, eta hark eman dio aukera. Taldea Ohorezko Mailara igo berri da, eta, beraz, mailari eusteko lehian ari dira.

JUANJO ACOBI.
pettan uralde
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Silvia Ederra eskubaloi jokalariak (Lizarra, Nafarroa, 1983) erretiroa hartuko zuela iragarri zuen 2020ko abuztuan, pandemia betean. Agur esango zien pistei, eta atzean utziko zuen 28 urteko ibilbide oparoa; hamahiru titulu irabazi zituen. Orain, bi urte eta erdi geroago, 39 urterekin, pistetara itzuli da. Erretiroa hartu zuenean Sporting La Riojan ari zen, eta orain ere hark eman dio gorenera itzultzeko aukera. Taldea azken postuan egon arren, «esperientzia eta gogoa» eskaini nahi dizkio, mailari eutsi ahal izateko.

Ez zen erabaki erraza izan erretiroa hartzea Lizarrako jokalariarentzat. Pandemia iritsi zen, eta erabaki egin behar izan zuen: jokatzen jarraitu edo bizitzan aurrerapausoa eman. «Erretiratzea erabaki nuen, oposizioak prestatzeko eta arreta neure bizitzan jartzeko. Ez zen nahi nuen erretiroa izan, eta aho zapore txarrarekin bukatu nuen. Logroñon [Espainia] ari nintzen lanean [oraindik ere bai], eta Sporting La Riojako arduradunek nirekin hitz egin zuten: nire postuan [pibotean] jokalari bat lesionatu zitzaiela esan zidaten. Eskubaloian 28 urte egin ondoren, uste dut merezi nuela pistan agur esatea; proposamena onartzea erabaki nuen».

Bi urte pasatxo geldirik egon ostean, Ederraren kezka nagusia «sasoiko» egotea zen. «Erretiroa hartu nuenean, ez nion utzi kirola egiteari, eta, pistan sartzearekin zerikusirik ez duen arren, ez dut galdu sasoia. Baina bi urte egin ditut jokatu gabe, eta ez nuen denboraldiaurrerik egin; beraz, ez nekien nola egongo nintzen. Hasieran burtsitisa izan nuen orpazurdan, pistan aritzeagatik. Baina orain sendatuta nago».

Talde handietan aritu da Ederra. Itxako eta Bera Bera nabarmentzen dira. Talde onak izanik, ez zuen sekula mailari eusteko borroka egin behar izan. Sporting La Rioja, ordea, talde igo berria da, eta bete-betean ari da lehia horretan. «Inoiz izan dudan erronkarik handiena da. Aurretik, zilarrezko mailatik igotzeko ahalegina egin genuen, baina ez du zerikusirik honekin».

2000tik 2007ra, Itxakon aritu zen, «etxean». Urte «ahaztezinak» izan ziren harentzat, eta ilusioz gogoratu ditu. «Itxakok dena eman zidan. Nafarroako erreferentziazko talde bakarra zen garai hartan, eta Etorkizuna taldearekin bat egin zuenean igo zen maila nagusira. Harrobitik iritsi, eta asko ikasi nuen jokalari gisa, etxetik irtetera animatu ninduten arte, neure bidea egitera. Alacanten [Herrialde Katalanak], Castron [Espainia] eta Donostian aritunintzen gero».

Bestelako egoera

Dioenez, garai hartako eskubaloiak ez du zerikusirik egungoarekin «Zortea izan nuen eskubaloiaren urte oso onak bizi izan nituelako; soldata onak ordaintzen ziren, eta jendea eskubaloian jokatzetik bizi zitekeen. Baina, gero, krisia etorri zen. Orain, pixkanaka, baldintzak hobetzen ari dira. Baina asko dago egiteko».

Duela bi aste, Sporting La Riojak Bera Beraren aurka jokatu zuen. Ederrak sei urtez jokatu zuen Donostiako taldean, 2012tik 2018ra. «Han egon nintzeneko jokalari askorik ez da geratzen, baina partidak oroitzapen oso onak ekarri zizkidan. Tolosan [Gipuzkoa] jokatu genuen, ez Bidebietan edo Gaskan, baina oso polita izan zen. Utzi nuenetik, ez nuen uste Ohorezko Mailan eta Bera Beraren aurka jokatuko nuenik. Kopako azken fasean ere sartu gara. Zirraragarria da; zaila da hitzez adieraztea».

Larunbatean, Ro'Casaren bisita izan zuen Ederraren taldeak, eta 28-26 irabazi zuen. Hiru gol sartu zituen Ederrak, eta funtsezkoak izan ziren irabazteko. Taldea «ondo» ari dela dio, eta «oso pozik» dago egiten ari diren lanarekin. «Beti izaten dira partida hobeak eta okerragoak, baina taldea oso gaztea izan arren, indartsua da, eta asko bizi du eskubaloia. Amorru pixka bat ematen dit egiten ari garen lana eta jokoa sailkapenean ez islatzeak. Hala ere, erronka handia dugu Kopan. Merezita sailkatu gara; inork ez digu ezer oparitu, eta aukera bikaina da taldearentzat, inoiz ez baitu halakorik izan. Gozatzera joango gara, eta ligako partida guztietan orain arteko gogo eta ilusio berarekin borrokatuko gara».

Taldera erraz egokitu da, eta hasiera-hasieratik izan da garrantzitsua. «Eskubaloia odolean daramat, eta taldeak inoiz hemendik joan ez banintz bezala jaso nau. Pistara eta jokatzeko modura egokitzea kostatu zait gehien, baina, pixkanaka-pixkanaka, egokitzen ari naiz».

Pistetara itzuli da, hasiera-hasieratik garrantzitsua izan da, eta eskubaloia berak dakien bezala bizitzen ari da. Oraindik ez du argi aldi baterako edo luzerako izango den, baina argi dauka zein den helburua: «Hilabete pasatxo daramat jokatzen, eta oraindik ez dut erabakirik hartu nire etorkizunaren inguruan. Taldeari laguntzea zen asmoa, eta orain, egunerokoa normal bizi dut. Noraino irits naitekeen ikustea da helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.