«Aspaldiko astebururik onena izan da. Nekez ahaztuko dugu bi egun horietan bizi izan duguna». Halaxe azaldu du Tati Garmendia Bera Bera eskubaloi taldeko kirol zuzendariak (Donostia, 1974) aurreko asteburuan bizi izandakoa. «Larunbatean, oso berezia izan zen Europako Ligako final-laurdenetarako sailkatu ginela jakitea. Igandean, berriz, sekulakoa bizi izan genuen Gaskan».
Ezustean jasotzen diren opariek ilusio handiagoa pizten dute, eta halaxe jakin zuten haiek final-laurdenak jokatuko zituztela: ezustean. «Bidebietan nengoen, bigarren taldea ikusten, eta, inguruko batzuk kasu egiten ari zitzaizkion Fredrikstaden eta Parisen artekoari; haiek esan zidaten Paris irabazten ari zela. Seguru ginen Fredrikstadek irabaziko zuela, eta, guk, gutxienez, Bensheim-Auerbachekin berdindu egin beharko genuela sailkatzeko. Ez zitzaigun burutik pasatu Parisek irabaziko zuenik; ez zuen ezer jokoan. Eta, irabazi zuela jakin genuenean, pozak txoratzen geratu ginen. Lasaitua hartu genuen. Berdin zion igandekoak; gertatzen zena gertatzen zela, final-laurdenetan ginen. Hori nahi genuen».
Sailkapena ziurtatuta, helburu jakin bat jarri zioten euren buruari: zaleak gozaraztea. «Sarrera guztiak salduta zeuden. 1.900 zale ariko ziren gu animatzen, eta gure onena ematea zor genien; geure buruari ere zor genion. Zer nahi, horixe egin. Lehen hamar-hamabost minutuetan ez ginen ondo aritu, baina, gero, gai izan ginen suspertzeko. Azkenean, bi golen aldeagatik bakarrik galdu genuen».
Berdin zion horrek: pozarren ospatu zuten. «Oso bitxia izan zen: galdu arren, sekulako ospakizuna egon zen. Ez dut halako besterik gogoratzen», aitortu du. Irudi ederra ikusi zen: bi taldeetako jokalariak elkarrekin, dantzan. «Bi taldeak sailkatu ginen, eta horrek ederragoa egin zuen ospakizuna. Festa bat izan zen».
«Merezi izan du itxarotea». Barru-barrutik atera zaio. «Urte asko generamatzan ligaxka bat jokatu nahian, eta hori jokatze hutsa sekulakoa izan zen. Gero, aurkariak ikusita, bagenuen itxaropena final-laurdenetarako sailkatzeko. Hori ere lortu dugu. Askogatik bete dugu helburua».
«Gozatzen» ari dira Europan. «Hau jokatzea gustatzen zaigu. Europan aritzea koska bat igotzea da, eta horretan aurkariekin nor baino nor gehiago aritu zaitezkeela ikusteak sekulako indarra ematen dizu. Halaxe ari gara gu: talde guztiekin ari gara nor baino nor gehiago. Eta, bolada zailetan, beti izan gara gai suspertzeko».
Sailkatzea «saritzat» daukala nabarmendu du: «Urte askoan egindako lanaren eta Europako Ligaren alde egin izanaren saria» da, haren hitzetan. Erreibindikatzeko balio izan die. «Urte askoan, jendeak galdetzen zigun ea merezi zuen lehiaketa hau jokatzea. Aurkari indartsuen aurka joka dezakezu lehen kanporaketan, eta hasi orduko kalera joan. Nik beti esaten nien lehiaketa hau jokatu nahi nuela, hau zela joka genezakeen lehiaketarik onena. Baina, horretarako, pazientzia izan behar genuen; esperientziari esker egingo genuen gora. Eta halaxe izan da: jada bitan jokatu dugu ligaxka. Asmatu egin dugu apustu honekin».
«Zera esan nion neure buruari igandean, Gaska beteta ikusita: ‘Mesedez, izan ditzagula horrelako egunak aurrerantzean ere’»
TATI GARMENDIABera Bera eskubaloi taldeko kirol zuzendaria
«Ikasbidea eta bultzada»
Haren iritziz, jokalarientzat «egundoko ikasbidea» da, eta, klubarentzat, berriz, «goi mailan toki bat egiteko bultzada». Ligaxkan Gaskan jokatu dituzten hiru partidetan egondako ikusleei erreparatu die. «5.000 izan dira, eta azken partidarako sarrera guztiak saldu ziren; hau guztia pentsaezina zen orain urte batzuk. Nik ez dut inoiz halakorik ezagutu. Igandean, harmailara begiratu eta horrenbeste jende ikusten nuenean, bai haur eta bai heldu, eta horietatik asko Bera Beraren elastikoa jantzita, zera esan nion neure buruari: ‘Mesedez, izan ditzagula halako egunak aurrerantzean ere’. Lan handia egin dugu urte askoan, eta, horri esker, sekulako aurrerapena egin dugu esparru guztietan. Pentsa nolakoa izango litzatekeen pabiloi bat izango bagenu eta haren inguruan gauzak egingo bagenitu. Oso harro gaude gaur egun Bera Bera den horretaz».
Alemaniako talde baten aurka jokatu zuten igandean, eta herrialde horretako beste talde baten aurka ariko dira final-laurdenetan: Blomberg-Lipperen kontra. Martxoaren 22an edo 23an jokatuko dute joanekoa, etxean, eta astebete geroago itzulikoa, Alemanian. Jakinda ere lehia zaila izango dela, itxaropentsu da. «Aurkari indartsua da; halakoak dira final-laurdenetan ariko diren guztiak. Baina ez da okerrena. Harekin lehiatu gaitezke».
Kezka bakarra du: sasoiz zer moduz egongo diren. «Azken bi hilabeteetan ligan eta Europan aritu gara; orain, berriz, ligan ariko gara, baina final-laurdenen aurretik Kopa jokatuko dugu [martxoaren 14tik 16ra]. Finalera iristen bagara, tentsio handiko hiru partida jokatuko ditugu jarraian. Haiek, ordea, ez dute halakorik izango, eta gogorrak eta indartsuak dira. Faborito dira, baina, ondo bagaude, nor baino nor gehiago lehiatu gaitezke haiekin».
Denboraldia, «oso ona»
Iritzi dio taldeak denboraldi «oso ona» egin duela orain arte. «Ligan, puntu batzuk egin digute ihes, eta ez guk, ez gure zaleek ez genuen espero halakorik. Baina helburu nagusia ligaxka jokatzea zen, eta, hori egin eta gero, final-laurdenetarako sailkatzen saiatzea».
Ligan zenbait puntu ez batzeari buruz, berriz, azaldu du «partida asko» jokatu dituztela Europan, eta, «nahitaez», noizbait «ordaindu» egingo zutela. «Baina, hala ere, hirugarren gara ligan, eta, lau puntura dugu bigarrena [Porriño hartuko dute gaur, 19:00etan]. Europa zen lehentasuna, eta helburua bete egin dugu, zalantzarik gabe. Gainera, ezin dugu ahaztu jada titulu bat irabazi dugula: Iberiar Superkopa. Gainera, kontuan hartu behar da zazpi jokalarik taldea utzi eta haien ordezkoek egokitu egin behar izan dutela tarte honetan, eta egiteko horrek lana ematen duela».
Egun historiko bat bizi izan dute berriki, baina argi dute lanean jarraitu behar dutela. «Baina pozik eta zoriontsu hobeto egiten da lan, eta gu halaxe gabiltza orain».