Futbola

Merezi duten saria eman nahi die Realak zaleei

Talde txuri-urdinak Real Madril jasoko du gaur Anoetan, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partidan. Azken sei urteetan hirugarren aldiz jokatuko ditu finalerdiak Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak. Traore, Sucic eta Aguerd deialdian dira.

TAKE KUBO. JUAN HERRERO / EFE
Take Kubo, Endrick Felipe Real Madrileko jokalariarekin lehian, bi taldeek denboraldi honetan ligan jokatutako partidan: 0-2 irabazi zuen Real Madrilek Anoetan. JUAN HERRERO / EFE
2025eko otsailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Txapelketa bat irabazteko talderik onenak kanporatu behar direla esan ohi da futbolean. Ondo daki hori Realak, Real Madril bera kanporatu baitzuen Espainiako Kopako txapeldun izan zen denboraldian, pandemia betean. Talde txuri-urdinak bere zaleak estadioan direla jokatu nahi du finala, eta, iaz aukera hori galdu ondoren, aurten berriro amestu nahi du, eta zaleei bertatik bertara ikusi ez zuten finala oparitu.

Realak Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partida jokatuko du gaur Anoetan, Real Madrilen aurka. Emaitza ona lortu nahi du, eta finalerako sailkatzeko aukera izan itzuliko partidan, Santiago Bernabeun, apirilaren 1ean.

Finalerdietara iristeko, Realak bost kanporaketa irabazi ditu. Lehenengo hiru norgehiagokak beheko mailako taldeen aurka irabazi ditu, hirurak etxetik kanpo: 0-5 irabazi zion Jove Español San Vicenteri; 0-1, Conquenseri luzapenean; eta 0-2, Ponferradinari. Final-zortzirenak eta final-laurdenak, ordea, Anoetan jokatu ditu Rayo Vallecanoren eta Osasunaren aurka, hurrenez hurren. Realak 3-1 garaitu zituen madrildarrak; eta 2-0, nafarrak.

Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak azken sei urteetan hirugarren aldiz jokatuko ditu Kopako finalerdiak: bat irabazi du, eta, bestea, galdu. 2019-2020 denboraldian egin zuen aurrera, Mirandes gaindituta, eta finalean 1-0 irabazi zioten Athletici, zalerik gabe jokatutako derbian. Iaz, berriz, penaltietan galdu zuen Mallorcaren aurka, Anoetan. Bi neurketa horietan huts gehiegi egin zituzten txuri-urdinek, eta finalean beste derbi bat egoteko aukera galdu zuten.

Azken bi urteetan otsaila amesgaizto izan den arren, aurten hilabete ona izan da Realarentzat: bost neurketa irabazi ditu, eta bi galdu. Espainiako Ligan, Europarako sailkatzeko postuetan gerturatu da —bederatzigarren da, baina puntu bakarrera du seigarrena—; Kopan eta Europa ligan, berriz, aurrera egin du. Aurreko denboraldietan Imanolek ez zituen txandakatze asko egiten, eta jokalariak min hartuta edo leher eginda iristen ziren otsailera. Aurten, ordea, hobeto antolatu du taldea, eta jokalari gehienak osasuntsu iritsi dira sasoiko garairik garrantzitsuenera.

Ezustekoak daude Imanolek egindako deialdian, Hamari Traore, Luka Sucic eta Nayef Aguerd baitaude zerrendan. Hiru jokalari horiek min hartuta zeuden, baina, itxuraz, jokatzeko moduan daude. Traore duela urte erdi lesionatu zen; Sucic, duela astebete, Midtjyllanden aurka; eta, Aguerd, joan den igandean, Leganesen kontra. Neurketa horretan Arsen Zakharianek ere hartu zuen min, baina hura ez dago deialdian, ezta Jon Pacheco ere, ez baita osatu. Alvaro Odriozola ere ez dago zerrendan.

Imanolek honela aztertu du partida: «Real Madril talde handia da, munduko onena, lehiaketa guztietan bete-betean lehiatzen da eta. Baina gu irrikaz gaude gauzak ondo egiteko. Giro aparta egongo da zelaian, eta tximeletak ditugu sabelean. Jokalariei esan diet une historikoa dela hau. Real Madrilen, Bartzelonaren eta Manchesterren aurka jokatuko dugu erreskadan. Gozatu egin behar dugu, ondo lehiatuz».

Real Madrilek, ordea, hiru norgehiagoka bakarrik jokatu ditu Kopan, Espainiako Superkopa jokatu zuen lau taldeetako bat izan baitzen. Union Minera, Celta eta Leganes kanporatu ditu. Azken bi kanporaketak uste baino zailagoak egin zitzaizkion Carlo Ancelottik zuzendutako taldeari: luzapenera iritsi behar izan zuen Celta garaitzeko, eta, Leganesen aurka 93. minutuan sartu zuen garaipena eman zion gola.

Denboraldia ez doa Real Madrilek espero bezala, baina hala ere, Kopako finalerdietan dago, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako sailkatu da, eta bigarrena da Espainiako Ligan, Bartzelonarekin, lehen sailkatuarekin berdinduta. Iaz Espainiako Liga eta Txapeldunen Liga irabazi ondoren, izar berria fitxatu zuen: Kylian Mbappe. Aurrelari frantziarrari zaila egin zitzaion taldera egokitzea: adibidez, Liverpoolen eta Bilbon bi penalti huts egin zituen. Baina, 2025ean, bere onenera gerturatzen ari da. Gaurko deialdian dago, baina min du hortz batean, eta ikusteko dago hasieratik jokatuko duen. Harekin batera, Rodrygo Goes, Jude Bellingham eta Vinicius Junior ariko dira Real Madrilen erasoan.

Beste era bateko harrera

Realak zaleen babesa beharko du gaur, eta, horretarako, klubak dei egin die zaleei autobusari harrera egiteko. Lehen aldiz, Begiristain Doktorearen pasealekutik jaitsiko da autobusa, Anoetari eta Anoetako estadio txikiari itzulia emango dio, eta 17. ateko sarreratik sartuko da. Klubak bi lekutan jartzeko esan die zaleei: Ekialdeko Harmailaren kanpoaldean eta estadio txikiaren harmailaren atzeko errepidearen ondoan. 19:30 inguruan iritsiko da autobusa. Realak azken akziodunen batzarrean proposatu zuen ibilbide berria.

Azken harrerak Errondo kalean izan ziren, baina Amara auzoko bizilagunek aldatzeko eskatu zuten. Ertzaintzak kale osoa ixten zuen, eta zaleak autobusetik urrun zeuden. Gainera, Paris Saint-Germainen aurkako harreran, ertzainek bi zale larri zauritu zituzten. Realzaleek oraindik buruan daukate Mirandesen aurka egindako harrera izugarria. Madril hiribidetik etorri zen autobusa, eta zaleak autobusaren ondoan zeuden. Irudi horiek lortu nahi dituzte gaur ere, eta lehen gola partida hasi baino lehen sartu.

Reala-Real Madril

Reala: Remiro; Aramburu, Aritz, Zubeldia, Aihen; Zubimendi, Olasagasti, Brais Mendez; Kubo, Oiartzabal eta Barrenetxea.

Real Madril: Lunin; Lucas Vazquez, Rudiger, Asencio, Fran Garcia; Camavinga, Ceballos, Bellingham; Rodrygo, Vinicius eta Mbappe.

Epailea: Sanchez Martinez.

Lekua: Anoeta (40.000 ikusle).

Ordua: 21:30 (ETB1 eta La1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.