Lau eta Erdiko Emakume Master Kopako Txapelketetako finalak jokatuko dira gaur, Sopelako udal pilotalekuan (Bizkaia, 12:00, ETB1). Elite Mailakoan, Maider Mendizabalek (Anoeta, Gipuzkoa, 1967) eta Leire Etxanizek (Etxebarria, Bizkaia, 1990) neurtuko dituzte indarrak. Lehen Mailakoan, berriz, Maite Iriartek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1984) eta Eneritz Arrietak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1986). Txapelketa guztian hemezortzi tantorako partidak jokatu ondoren, finalak hogeita bira izango dira.
Esku-huska modalitate gaztea da emakume pilotarientzat, eta Master Kopa torneoak dira egun erreferentzia nagusia. Udaberrian binakako txapelketa jokatu zen, eta udazkenean lau eta erdikoa antolatu dute. Guztira 68 pilotarik hartu dute parte; 52k Lehen Mailan, eta hamasei Elitean. Hiru hilabete iraun du txapelketak, eta guztira 79 partida jokatu dira. Emakumezko epailerik ere ez da falta, Gipuzkoako partidak Jaione Larrañagak eta Reyes Azkoitiak epaitu baitituzte.
Elite Mailako finalean, gaztea da faboritoa. Mendizabal berak ere aitortu du, baina fede handia jarria du bere eskarmentuan. Mendizabalek Maddi Mendizabal kanporatu zuen finalerdietan (18-10); Etxanizek, berriz, Leire Garai (18-3). Nagusitasun handiz irabazi zuen, txapelketako beste partiden antzera, guztietan antzeko emaitza lortu izan baititu. Maider Mendizabalek komeria handiagoak izan ditu.
Palaz elkarren aurka makina bat aldiz jokaturikoak dira, eta esku-huska ere hasiak dira elkar aurkitzen. Binakako finalean, esaterako, eurak izan ziren bi atzelariak. Ordukoan Etxanizek irabazi zuen, Olatz Arrizabalagarekin, Mendizabal eta Nagore Arozenaren aurka (22-14).
Lehen Mailako finalari dagokionez, elkar oso ondo ezagutzen duten bi pilotari ariko dira han ere, biak ala biak azpeitiarrak baitira. Arrietak 18-2 kanporatu zuen Iratxe Ibarra finalerdietan; Iriartek, berriz, lan gogorragoa izan zuen Oihane Orbegozoren aurka irabazteko (18-12).
Mendizabalek eta Etxanizek lau eta erdiko finala jokatuko dute gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu