Aratz Mendizabalek eta Iñaki Eskuderok ez dute jarraituko Asegarcen. Enpresak bien kontratuak ez berritzea erabaki du. Bilboko enpresan aspaldi esan zuten aldaketa garaiak datozela, eta litekeena da ez izatea berritzen ez dituzten kontratu bakarrak. Debutak ere prestatzen ari dira, eta baliteke udan bat baino gehiago egotea. Bat, aldaketa handirik ezean, Unai Alvarado aurrelari arabarrarena izango da, Gasteizen, eta jaietako blusen egunean.
Kontratuak berritze garaia iritsi da Asegarcen, eta Aratz Mendizabalek eta Iñaki Eskuderok ez dute jarraituko ekain erdialdetik aurrera. Zaldibiako aurrelariak zortzi urte egin ditu profesionaletan, eta 2. Mailako bi txapel irabazi ditu: binakakoa, 2006an, eta lau t'erdikoa, 2008an. Dena den, haren ibilbideko datu aipagarriena garaipen kopurua da, ia urtero irabazitako partidak galdutakoak baino gehiago izan baitira; azken honetan, %62. Eskuderok ere zortzi urte egin ditu Bilboko enpresan, eta hiru aldiz izan da 2. Mailako binakako txapeldunorde. Garfek jarraitzeko eskaintza egina omen dio.
Debutak ere espero dira, nahiz eta garai onenak ez diren. Bilboko enpresako buruen asmoa bizpahiru gazteri profesional bidea hasteko aukera ematea da. Horietako bat Unai Alvarado izango da ziur asko, eta Gasteizen egingo luke debuta, uztailaren 25ean. Alvarado pilotari profesional arabar bakarra litzateke. Debuta egin dezakeen beste bat Victor Esteban errioxarra da.
Mendizabal I.ak eta Eskuderok ez dute jarraituko Asegarcen
Bilboko enpresa hainbat gaztek debuta egitea aztertzen ari da, tartean Unai Alvarado aurrelari arabarra dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu