Berezia izango da datorren urteko FrantziakoTourra. Salbuespen gisa, gizonezkoen lehia ez da Parisen bukatuko, Nizan baizik, uztailaren 21ean. Bost egun geroago hasiko dira Pariseko Joko Olinpikoak, eta horregatik, Tourreko azken etapa Frantziako hiriburutik kanpo jokatuko da, historian lehen aldiz. Halaber, aurrenekoz hasiko da lasterketa Italian. Tropela ekainaren 29an jarriko da martxan, eta Nizara bidean, bi aldiz igaroko da Alpeetatik, eta behin Pirinioetatik eta Erdialdeko Mendigunetik. Bi erlojupeko jokatuko dituzte: bata, lehen astean; eta bestea, azken egunean bertan.
Iazko irteera hartu ondoren, aurten ez da etaparik igaroko Euskal Herritik. Lehia Italian piztuko da: bi etapa gorabeheratsu eta saio leun bat jokatuko dira lehen hiru egunetan. Gero, ziklistak Alpeetan barneratuko dira: Sestriere, Montgenevre eta Galibier kateatuko dituzte 4. etapan. Faboritoek oso goiz izango dute sailkapen nagusiko lehen azterketa.
Maldan gora ez ezik, txirrindulariek erlojuaren aurka ere jardun beharko dute lehen astean. Izan ere, 25 kilometroko bakarkako saioa jokatuko da zazpigarren lasterketa egunean. Bi egun geroago, abilezia erakutsi beharko dute bizikleta gainean, asfaltorik gabeko hamalau tarte aurkituko baitituzte. Guztira 32 kilometro egingo dituzte lurbideetan.
Luzea izango da 11. etapa (211 kilometro), eta Erdialdeko Mendiguneko lau mendate igoko dituzte bukaeran. Nolanahi ere, Pirinioetako etapak izango dira bigarren asteko arreta gune nagusia. Pla d’Adeten bukatuko da bata, aurrez Tourmalet eta Hourquette d’Ancizan igo ondoren; eta bestean, Peyresourde, Mente, Portet d’Aspet eta Agnes kateatuko dituzte, Plateau de Beillen bukatu aurretik. Faboritoek, hortaz, indar betean jardun beharko dute azken atseden egunaren aurretik.
Galtza bete lan izango dute hirugarren astean, berriz ere Alpeetan sartuko baitira: 17. etapa Superdevoluy eski estazioan bukatuko da, eta Mediterraneora iritsi aurretik, 19. etapak Isola 2.000 mendatean izango du helmuga. Aurrez Vars eta Bonette igoko dituzte. Europako mendaterik garaiena da azken hori (2.808 metro), eta 2008an igo zen azkenekoz Tourrean.
Lasterketak oso bukaera gogorra izango du Nizan: azken-aurreko etapan Braus, Turini, Colmiane eta Couillolen igoko dituzte; eta amaitzeko, 34 kilometroko erlojupeko gogorra jokatuko dute. Bi mendate topatuko dituzte bidean, Turbie eta Eze. Sailkapenean gauzak oraindik estu badaude, amaiera zinez zirraragarria izan daiteke.
Bi etapa egun bakarrean
Emakumeak, berriz, Olinpiar Jokoen ostean ariko dira lehian, abuztuaren 12tik 18ra bitarte. ASO enpresak antolaturiko hirugarren Tourra izango da, eta lehen lau etapak Herbehereetan jokatuko dira. Berritasun bezala, abuztuaren 13an lan saio bikoitza izango dute: goizean 67 kilometro egingo dituzte, eta arratsaldean, berriz, erlojuaren kontra ariko dira, 6,3 kilometroko ibilbidean.
Laugarren etapak klasiko usaina izango du, Amstel Gold Race eta Lieja-Bastogne-Lieja lasterketetan ohikoak diren errepideetan lehiatuko baita. Bihurriak izango dira hurrengo bi etapak ere: bost muino gaindituko beharko dituzte 5. etapan, eta biharamunean, beste bost igoera izango dituzte bidean. Bezperakoak baino luzeagoak izango dira.
Mendaterik gogorrenak, dena den, azken bi egunetan igoko dituzte: 7. etapa Le Grand Bornanden bukatuko da, aurrez lau igoera lotu ondotik, eta azken saioak Alpe d’Huezen izango du helmuga. Aurrez Glandon igota iritsiko dira bertara. Mendate mitikoan bukaera epikoa ikus liteke.