Roberto Torres. Osasunako jokalaria

«Mendilibarren antza du Jagobak. Halako norbait behar genuen»

Amaitu da lehen itzulia Espainiako Bigarren Mailan, eta haren balorazioa egin du Roberto Torresek. Taldea «dinamika onean» dagoela dio, baina uste du oraindik badutela zer hobetu, «goi-goian» egon nahi baitute.

J. P. URDIROZ.
enaut agirrebengoa
<i>Iruñea</i>
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Jose Luis Mendilibarrekin harreman gorabeheratsua eduki zuen Roberto Torresek (Arre, Nafarroa, 1989). Hark eman zion Lehen Mailan debutatzeko aukera, 2011-2012ko sasoian. Hurrengo denboraldian, baina, ia ez zuen jokatu. Zernahi gisaz, ez dirudi herrarik dionik, Jagoba Arrasate laudatzeko haren pare jarri baitu. Oso gustura dago Arrasaterekin: «Entrenatzaile ezin egokiagoa da klub honentzat. Hark eskatzen duena bat dator betiko Osasunarekin».

Igotzeko kanporaketa postuetan eta igoera zuzenetik lau puntura bukatu duzue lehen itzulia. Bide onean zoazte.

Kosta egin zitzaigun martxa hartzea, baina orain dinamika onean gaude. Puntu aldetik, pozik gaude, baina ez erabat, oraindik lau puntura baititugu igoera zuzeneko postuak. Hori bai, goranzko bilakaera ari gara izaten, eta uste dut oraindik iristeko dagoela onena.

Bilakaera horrek etena izan zuen azken partidan, 4-1 galdu baitzenuten Las Palmasen zelaian. Zer analisi egin duzue?

Garbi dugu emaitzak ez zuela islatu zelaian ikusitakoa. Halaber, badakigu ez ginela ongi egon zenbaitetan. Gure jokamoldeari ondo eutsi genion lehen hamar minutuetan. Gero, gehiegizko garrantzia eman genion baloia izateari. Jokalariok aldatu genuen estiloa, ez zen entrenatzailearen agindu bat izan. Baloia behar genuela uste izan genuen, baina taldeari sakontasuna falta izan zitzaion. Nolanahi ere, galdu izanak ez gaitu onbidetik atera behar.

Sailkapenean zein postutan zaudeten aintzat hartuta, zer helburu izan behar du Osasunak bigarren itzulian? Igoera zuzeneko postuak aipatu dituzu zuk.

Lehen gauza aurrerantzean ere jokamoldea garbi izatea da. Horrekin batera, etxetik kanpoko dinamika hobetu behar dugu. Ez gara nahi beste puntu lortzen ari, eta, horren ondorioz, orain arte ezinezkoa izan zaigu lehen bi sailkatuen artean kokatzea. Goi-goian egon nahi dugu guk. Kanporaketak jokatzea polita da; horren lekuko izan ginen orain dela hiru sasoi, baina, kale eginez gero, kolpea gogorra izan daiteke. Ez dugu jarriko helburu zehatzik, baina zuzenean igotzeko ilusioa dugu.

Zer diagnosi egin duzue etxetik kanpoko ibili okerraz? Zergatik ezin diozue eutsi Sadarreko ildoari?

Zaila da arrazoia zehatz-mehatz zein den esatea. Partida guztietan estilo bera izaten saiatzen gara. Egia da etxean zaleen babesa dugula, eta horrek kemen handiagoz jokatzen laguntzen digula. Akituta zaudenean ere, beti topatzen dituzu indarrak aurrera egiteko. Kanpoan ez dugu laguntza hori, eta sumatzen da. Oro har, talde guztiak dira indartsuagoak etxean, eta zaila da bisitari moduan puntu asko lortzea.

Orain arte jaso dituzuen 24 goletatik hemezortzi Iruñetik urrun sartu dizkizuete. Oso gaizki ari zarete defentsan etxetik kanpo.

Hala da. Talde indartsua dugu defentsan, baina ez gabiltza nahi bezain sendo etxetik kanpo. Geldikako jokoan zailtasunak ditugu. Guk sarturiko golei ez gatzaizkie zukua ateratzen ari. Finean, ia partida guztietan sartu ditugu golak. Horiek hala, berebiziko garrantzia du atea hutsean uzteak. Igo ginen azken urtean, esaterako, hogei bat lehia bukatu genituen golik jaso gabe.

Sadarren, aldiz, indar betean zabiltzate. Azken urteetako ahuldadearen ondotik, ematen du zuen zelaia gotorleku bihurtu duzuela berriz ere.

Pozik gaude. Zuk esan bezala, Sadar gotorleku bilakatzen ari gara, eta historikoki beti izan da horrela. Esentzia hori erabat lausoturik egon da azken denboraldietan, eta, normala denez, zaleek galdua zuten ilusioa. Aitzitik, dena ezberdina da denboraldi honetan. Taldea gozatzen ari da, eta zer esanik ez zaleak. Batasun giroa da nagusi, eta horrek garrantzi handia du Osasunarentzat.

Berpizte horretan zeresan handia du Jagoba Arrasatek ezarritako jokamoldeak?

Bai. Funtsezkoa da. Klub honentzat entrenatzaile ezin egokiagoa da. Hark eskatzen duena bat dator betiko Osasunarekin. Aurreko denboraldian, estilo guztiz defentsiboa genuen. Atean hutsean uztea zen lehena, eta, gero, gure aukeren zain egon behar genuen. Ordea, oso bestelakoa da Jagobaren estiloa: ausarta eta kementsua.

Pertsona normala eta lasaia dela diote askok. Hala ikusten duzu zuk ere?

Bi hitz horiek primeran deskribatzen dute. Oso pertsona normala da, eta, tamalez, futbolaren munduan halako oso jende gutxi dago gaur egun. Niretzat, Mendilibarren antza du Jagobak. Halako norbaiten beharra genuen. Egunerokoa oso arina da harekin, entrenamenduek exijentzia handia izanagatik. Intentsitate handiko lana egiten dugu, gero hori zelaian islatzeko. Pozarren gaude.

Arrasaterekin, zure onenean ari zara berriro. Asko zor diozu?

Konfiantza eman dit. Halaber, hamaikakoak egitean teknikariak zentzudunak izatea gustatzen zait. Ni titular izan nintzen hasieran; gero, aulkitik atera behar izan nuen bost bat partidatan, eta, txukun aritu ostean, berriro ari naiz hasieratik. Fisikoki oso ondo nago. Egia esan, banuen gogoa sasoi betean egoteko. Taldeari asko ari natzaio laguntzen, Jagobak emaniko konfiantzari esker.

Azken sasoietan une zailak bizi izan dituzu, ezta?

Pubiseko lesioa zama handia izan zen. Beti eman nahi izan nuen aurpegia. Ordea, agian egokiagoa zatekeen gelditu eta lesiotik behar bezala osatu izan banintz. Alabaina, sekula ez zait gustatu ezkutatzea, are gutxiago gauzak zail direnean. Lehen Mailako denboraldian, ahal nuen neurrian lagundu nion taldeari, fisikoki %50ean ere egon ez arren. Aurreko denboraldian, berriz, ia dena jokatu nuen Eguberrietara arte, eta nahiko ondo egon nintzen. Hortik aurrera, baina, jokatzeari utzi nion, eta ez dakit zergatik. Arrazoiak ez ditut sekula ulertuko.

Orain, finkoa zara Arrasateren planetan, eta sei gol sartu dituzu jada. Ez da kopuru makala.

Ez dago gaizki, baina ez naiz konformatzen. Gutxienez beste sei sartu nahiko nituzke sasoia bukatu bitarte. Taldeari ahal den gehien lagundu nahi diot, eta, ororen gainetik, Osasuna Lehen Mailara itzultzea nahi dut.

Sartu dituzun sei gol horietatik, lauk partida iraultzeko balio izan diote Osasunari.

Hala suertatu da, eta oso pozik nago. Hori bai, azaletan eta lerroburuetan ni agertu naizen arren, meritua talde osoarena da. Nik golak sartzeko, taldeak aurrez gauza asko egin behar izan ditu. Beti da polita norberaren jardunak zeresana ematea, baina garrantzitsuena zera da: taldeak sufritzeko gaitasuna erakutsi duela, eta gauzak zail jarri arren irabazteko gai izan dela. Ausartak gara, fedea dugu, eta horregatik gaude gauden tokian.

Kalitate handiko jendea duzue zelai erditik aurrera. Aldamenean sekula izan al duzu talentu teknikoko hainbeste jokalari?

Akaso, sasoi bakarrean ez. Egia esan, ez dakit zer egiten duten Bigarren Mailan Fran Meridak, Villarrek, Iñigo Perezez eta Ruben Garciak eta halako jokalariek. Ez dut ulertzen. Zorionez, Osasunan daude, eta haien futbolaz gozatzen ari gara.

Atean, bueltan da Sergio Herrera, denbora luzez min hartuta egon ondoren. Tokia kenduko dio Ruben Martinezi?

Gorabeherak izan ditu Rubenek, taldeak bezalaxe, baina, oro har, lan oso ona ari da egiten. Orain, Jagobaren esku dago haren eta Sergioren artean erabakitzea. Harrobiko Juan Perez ere hor dago. Hots, berme handia dugu atepean.

Atzean, hilabete batetik hiru hilabetera artean galduko ditu Lillok, perikarditis baten ondorioz. Hutsune handia utziko du?

Hutsune garrantzitsua da, guretzat alor guztietan baita funtsezkoa Lillo: zelaian oreka eman, eta egunerokoan grina kutsatzen digu. Baina, tira, haren postuan Nacho Vidal oso ongi aritu da orain arte. Fitxaketa horrekin ere asmatu zuen Brauliok [Vazquez, kirol zuzendaria]. Hortaz, lasai gaude.

Pozik zaude harrobiak lehen taldean duen presentziarekin?

Egoera ez da onena. Harrobiak goia jo zuen Lehen Mailara igo ginen urtean. Klubak itolarri ekonomikoa zuen, eta gazteen alde egin behar izan zuen apustu. Arrakasta handia lortu zen azkenean, baina ez da beti hala gertatzen. Orain, jokalari oso onak etorri dira kanpotik, elitera itzultzeko. Harrobian badira ate joka ari diren zenbait jokalari, eta hori garrantzitsua da. Nik beti esaten diet lanean jarraitzeko, aukera beti iristen baita.

Kluba norabide zuzenean doala uste duzu?

Noski. Urte oso txarrak igaro ditugu; ataka estuan izan gara. Ordea, orain oso bestelakoa da egoera. Kluba ongi dago alor ekonomiko eta instituzionalean, baita kirol esparruan ere. Ederra litzateke Lehen Mailara itzultzea, batik bat 2020ko mendeurrenari begira, eta estadioa handitu daitekeela kontuan hartuta.

Sadarren zaharberritzea aipatu duzula, zer nahiago duzu, oinarrizko erreforma ala integrala?

Integrala, ezbairik gabe. Zuzendaritzak esan digunez, Sadar nahitaez eraberritu beharko da osorik luzera begira, eta uste dut garai egokia dela proiektua aurrera eramateko. Kluba egonkor dago, eta itzela litzateke mendeurrena zelai eraberritu batean ospatzea.

Mendeurrena barrutik bizitzea beste planik ez duzu izango, edo?

Neure burua Osasunan ikusten dut 2020an; orduan amaituko zait kontratua. Beti esan dut: oso gustura nago etxean, plazerra da Osasunaren elastikoa astero janztea, eta neure burua ez dut beste inon ikusten. Urte askoan hemen jarraitzeko borrokatuko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.