Futbola

Mendilibarrek utzi egin dio Alaveseko entrenatzaile izateari

Zaldibarkoak hamabi partidatan gidatu ditu Gasteizkoak, eta garaipen bakarra lortu dute horietan. Klubak ez du iragarri nor izanen den teknikari berria.

Jose Luis Mendibilar Alavesen partida bat zuzentzen, urtarrilean. RAUL BOGAJO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko apirilaren 4a
21:38
Entzun

Hiru hilabete baizik ez du iraun Alavesen eta Jose Luis Mendilibarren arteko harremanak. Gasteizko klubak iragarri duenez, taldearen eta teknikariaren arteko kontratua etetea erabaki dute bi aldeek. 2021eko abenduaren hondarrean hasi zen Mendilibar Gasteizkoen entrenatzaile lanetan. Orduko hartan azaldu zutenez, argia zen Zaldibarkoari esleitutako helburua: taldearen egoera irauli eta mailari eustea. Ordea, ez da izan suspertzerik: taldea jaitsiera postuetan sartua da gaur egun. Klubak aitortu duenez, emaitzak «ez dira esperotakoak»; horregatik erabaki dute Mendibilarri agur esatea.

Tenikari bizkaitarrak kargua hartu zuenetik, hamabi partida jokatuta, garaipen bakarra lortu du Alavesek. Lau aldiz berdindu du markagailuan, eta zazpi porrot pilatu. Golei dagokienez, bederatzi baizik ez dituzte sartu Gasteizkoek, eta, berriz, 23 jaso dituzte kontra. Sailkapenean hondoratua da taldea: sei puntu behar ditu jaitsiera postuetatik ateratzeko.

Klubak azaldu duenez, «beti da zaila» entrenatzaile baten kontratua etetea. Ordea, oharrean zehaztu dute «sinetsiak» direla badela egoera iraultzeko aukerarik. Edonola ere, klubak oraindik ez du iragarri zeinek beteko duen Mendilibarrek utzitako hutsunea –denboraldi bakarrean aritutako bigarren entrenatzailea izan da Mendilibar, Javier Callejaren lekukoa hartu baitzuen–. Azken sei urteetan, 11 teknikari izan dira Alavesen lemazain. Ikusteko dago zein izanen den hamabigarrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.