Futbola

Mendilibarrek Konferentzia liga irabazi du Olympiakosekin

Zaldibarkoak Europako bigarren garaikurra lortu du jarraian, iaz Sevillarekin Europa liga irabazi ostean. Greziako talde batek kluben arteko Europako txapelketa bat irabazten duen lehen aldia da.

Mendilibar, Konferentzia Ligako garaikurra eskuetan duela. OLYMPIAKOS
Mendilibar, Konferentzia Ligako garaikurra eskuetan duela. OLYMPIAKOS
Beñat Mujika Telleria.
2024ko maiatzaren 30a
10:10
Entzun

Jose Luis Mendilibarrek zuri-gorriz idatzi du bere izena futbolaren historian. Zaldibarko teknikariak Konferentzia liga irabazi zuen atzo, Olympiakosekin. Otsailean iritsi zen klubera, eta hiru hilabete geroago Fiorentina garaitu du finalean (1-0). Europako bigarren garaikurra du urtebetean Mendilibarrek. Izan ere, iazko maiatzaren 31n Europa liga irabazi zuen Sevillarekin. Baina Olympiakosekin lortutakoa mugarri bat da futbolaren historian, lehen aldiz irabazi baitu Europako txapelketa bat Greziako klub batek. Horrela, Greziako jainkoen Olinpora igaro da Zaldibarkoa.

Suhiltzaile baten moduan aritu da Mendilibar azken bi denboraldietan. Iaz, Sevillak fitxatu zuen martxoan: sasoi berean izan zuen hirugarren entrenatzailea izan zen. Garai txarrean zeuden andaluziarrak. Hamabi jardunaldi falta ziren liga amaitzeko, eta jaitsiera postuak bi puntura zituzten. Tartean, Europa ligako final-zortzirenetarako sailkatuta zegoen taldea, baina helburua argia zen: Lehen Mailan mantentzea. Helburua ederki bete zuen Mendilibarrek. Lehen Mailan mantendu zuen taldea, eta Europa liga irabazi.

Aurten, berriz, otsailean iritsi da Pireora. Olympiakos ligako lehen postuetatik urrun zegoen, eta Darko Kovacevic kirol zuzendariak Mendilibar aukeratu zuen proiektu berri bat hasteko. Zaldibarkoarekin, hirugarren amaitu du Olympiakosek ligan, eta Europan amets egiteko bidea zabaldu die zaleei. Maccabi Tel Aviv kaleratu zuen Konferentzia ligako final-zortzirenetan, Fenerbahceri penaltietan irabazita sailkatu zen finalerdietarako, eta bertan, jipoia eman zion Unai Emeryren Aston Villari, zeina Txapeldunen Ligarako sailkatu baita. Finala ere modu ikusgarrian irabazi zuen, luzapenean. Horrela, Greziako talde batek Europako kluben arteko txapelketa bat irabazi du lehen aldiz. Finala hasi aurretik Ernesto Valverderen bisita jaso zuen zelaian bertan. Athleticeko entrenatzaileak urteak egin zituen Olympiakoseko teknikari lanetan, eta oso maitatua da bertan. Ez zuen aukera galdu nahi izan Mendilibar laguna animatzeko.

Golak piztu zuen festa

Partida lehiatua izan zen, hasi eta buka. Ez zelaian bakarrik: harmailetan ere zaleen arteko lehia batek geldiarazi baitzuen partida tarte batez. Zelaian nor baino nor gehiago aritu ziren Fiorentina eta Olympiakos. Italiako taldeak kate motzean lotu zituen Pireokoen izarrak, eta goletik gertuago ibili ziren 90 minutuetan. Ez zuten halakorik lortu, ordea. Hala, luzapenera joan zen partida, eta Ayub El Kaabi agertu zen orduan, garaipenaren gola sartzeko. Marokoarrak denboraldiko 33. gola sartu zuen, Konferentzia ligako 11.a.

(ID_13933814) GREECE SOCCER
ACHILLEAS CHIRAS / EFE

Partida amaitzearekin batera, zoramena piztu zen Atenasen. Bertan jokatu zen finala, AEK Atenas taldearen estadioan. Eta bertan altxatu zuten garaikurra zerura; harmailetan zeuden zaleekin ospatu zuten jokalariek eta teknikariek. Mendilibar izan zen txalotuenetako bat, eta denbora luzean aritu zen jokalariekin eta zaleekin argazkiak ateratzen. Kazetariekin hitz egiteko tarte bat ere izan zuen Zaldibarkoak: «Kostata iritsi dira horrelako lorpenak. Orain arte beste gauza batzuk lortzeko lehiatu izan gara. Urte batzuk igarotzen direnean oroituko naiz lortu genuenaz, baina oraintxe bertan ez zait buruan sartzen».

OLYMPIAKOS
OLYMPIAKOS

Estadioko ospakizuna amaituta, goizeko bostetan iritsi ziren txapeldunak Pireoko udal antzokira. Greziako hiriburuarekin muga egiten du Pireok, eta berehala iritsi ziren autobusean. Atzo arratsaldeko lehen ordutik bete zuten 100.000 zalek baino gehiagok erdiguneko plaza, eta gola sartzearekin batera piztu zen festa. Beraz, historia egin ondoren, jokalariak eta teknikariak bertara joan ziren ospakizunekin jarraitzera. «Lehenengoa izan da, baina ez da azkena izango!», esan zien Mendilibarrek zaleei, mikrofonoa eskuetan zuela. Bengala gorriek argitu zuten Pireoko gaua egunsentia iritsi arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.