Futbola

Mendilibarrek Europa liga irabazi du Sevillarekin

Jose Mourinhoren Erroma penaltietan hartu dute mendean. Prestatzailea martxoan iritsi zen Sevillara, taldea jaitsiera postuetatik bi puntura zegoela

jarraia228801.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko ekainaren 1a
10:52
Entzun

Sevillak irabazi du 2023ko Europa Liga, eta Jose Luis Mendilibar izan da lorpen horren gidaria. Zaldibarkoa martxoaren erdialdean iritsi zen Sanchez Pizjuanera, taldea jaitsiera postuetatik gertu zegoela, eta, geroztik, 180 graduko bira eman dio proiektuari. Europan aritzeko lehen esperientzia handia izan da Mendilibarrentzat –Athletic zuzendu zuenean, jada jokatzen ez den Intertoto kopako kanporaketak jokatu zituen 2005ean–, eta ezin hobeto aprobetxatu du. Zaldibarkoa ez da Sevillarekin Europa Liga irabazi duen bakarra. Espainiarrek zazpi Europa liga irabazi dituzte, eta horietatik bostetan euskal herritarra zen entrenatzailea; Gipuzkoarra, hain zuzen. 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016denboraldietan, Unai Emeryrekin irabazi zuen Sevillak. 2019-2020an lortutako Europa ligan, berriz, Julen Lopetegi zen Sevillaren prestatzailea. Mendilibar izan da orain loria dastatu duena.

Ez da bide erraza izan Mendilibarrentzat. Eibarrekin behin baino gehiagotan miraria lortu ostean, Alaves izan zen hurrengo erronka. Gasteizen, baina, ez zuen halakorik lortu. Egoera txarrean hartu zuen Alaves 2021eko abenduan, eta handik lau hilabetera kargutik kendu zuen talde babazorroak. Garaipen bat, lau berdinketa eta zazpi porrot lortu zituen hamabi partidatan. Geroztik langabezian egon da Zaldibarko prestatzailea. Ia urtebete eman du talderik gabe, eta espero ez zuenean iritsi zitzaion bere bizitzako aukera handienetako bat. Sevilla azken urteetako egoera txarrenean zegoen, Bigarren Mailara jaisteko arriskuan. Lehen Mailan geratzeko lehian ari diren taldeetan esperientzia dauka Mendilibarrek, eta horregatik hautatu zuen Ramon Rodriguez Monchi kirol zuzendariak.

Mendilibarren erantzuna bikaina izan da. Sevillak Lehen Mailan mantentzea zuen helburu, eta erraz lortu du hori. Liga amaitzeko jardunaldi baten faltan, zazpigarren postuan amaitu dezake liga Sevillak. Horrez gain, Europa ligako kanporaketei egin behar zien aurre. Behin baino gehiagotan aipatu izan du Mendilibarrek liga dela garrantzitsua, baina bitartean, isil-isilik, aurrera egin zuen kanporaketetan. Manchester United garaitu zuen lehenbizi, final-laurdenetan. Juventus izan zen finalerdietako aurkaria, eta bigarren partidako luzapenean lortu zuen Sevillak finalerako sailkatzea. Eta, finalean, penaltietan garaitu du Erroma.

Hala ere, Europa liga lortuta ere, airean dago Zaldibarko entrenatzailearen etorkizuna. Sasoi amaierara arte sinatu zuen kontratua Sevillarekin, eta orain ikusi beharko da zer erabaki hartzen duten. Prestatzaileak ez zuen etorkizunaz gehiegi hitz egin nahi izan, baina «oso gustura» dagoela azpimarratu zuen. «Gustura egongo naiz kontratua berritzea eskaintzen ez badidate ere. Baina jokalariekin primeran egon naiz; azkar hartu dute eskatzen niena. Haiek ere eskatutakoa eman didate; oso batasun ona izan dugu». Monchiri ere galdetu zioten Zaldibarkoagatik, eta hau erantzun zuen: «Garaikurra gure zaleei eskainiko diegu, eta astelehenean hitz egingo dugu. Zaleek [Mendilibar] geratzea nahi dute, eta logikoena geratzea da. Hartzen dugun erabakia ona izango da guztiontzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.