Egun gutxitan irabazten da sufritu gabe. Gehienetan, gorputza eta burua mugara eramatea da nagusitzeko modu bakarra. Hori ziurra da itzuli handi bateko mendiko azken etapan, gaur Eddy Dunbarrek (Jayco) bere larruan bizi izan duen bezala. Bihar Vueltari amaiera emango dion erlojupekoaren aurretik, mendiz mendi ibiltzea egokitu zaie ziklistei: guztira zazpi igoera gainditu behar izan dituzte Villarcayo eta Picon Blanco artean. Hiru astez pilaturiko nekea aski ez, eta saio akigarria osatu dute lasterketako azken-aurreko egunean. Gainera, mendaterik bortitzena bukaerakoa zen. Agonia ziurtaturik zegoen, eta, gorriak eta bi ikusi ostean, Dunbarrek eskuratu du garaipena. Bost kilometro falta zirela abiatu da onenen multzotik, eta ez du inork harrapatu: zazpi segundora iritsi da Enric Mas (Movistar), eta hamarrera Primoz Roglic (Red Bull). Esloveniarrak berea du Vuelta.
Ezusteko gonbidatu bat izan da faboritoen borrokan: Urko Berrade (Kern Pharma). Nafarrak bikain eutsi dio indartsuenen gurpilean, eta bosgarren postua lortu du, meritu handiz. Mikel Landa (Soudal), berriz, zortzigarren izan da. Erasokor aritu da beste behin, eta Dunbar harrapatzen ahalegindu da azken kilometroan. Ez du lortu; aitzitik, postu bat egin du aurrera nagusian, eta zortzigarren iritsiko da biharko erlojupekora. Roglicek, berriz, arrakastaz defendatu du maillot gorria. Hori bai, esloveniarrarentzat ez dago garaipen errazik. Zorigaitza jarraika du beti, eta, gaur, ezinak jota izan ditu taldekide asko; antza denez, janari intoxikazio baten ondorioz. Etapak iraun bitartean, airean egon da zalantza, ea liderra bera ere gaixo ote zegoen. Bada, ez: arazorik gabe eutsi die arerioen saialdiei, eta agintari agertu da Picon Blancon.
Ben O’Connor (Decathlon) ere mehatxupean zegoen. Bezperan, Roglicek lidergoa kendu zion, eta gaur podiumeko tokia ere gal zezakeen. Haatik, oso gorputzaldi ona izan du australiarrak, eta oso denbora gutxi atera diote aurkari behinenek: zazpi segundo Masek, eta bi besterik ez Richard Carapazek (Education First). Hori horrela, O’Connor bigarren dago oraindik sailkapenean, lehen postutik 2.02ra. Masek 2.11ko atzerapena du, eta Carapazek hiru minutukoa. Podiumean sartzeko borroka zabalik dago oraindik.
Soudal, hutsak konpondu nahian
Gaur, atzo bezalaxe, onenen multzotik atera da garailea. Ihesaldikoei ez diete inongo aukerarik eman. Etapa hasi eta gutxira, 11 lagun nabarmendu dira, eta aldi berean, jokoz kanpo gelditu dira Roglicen laguntzaileetako bi. Bazen zerbait liderraren taldean, eta Ineosek soka tenkatzea erabaki du. Haren estutuak handitu egin du Red Bullen estutasuna, Roglicek beste bi ezkutari galdu baititu, eta ez edozein: Daniel Felipe Martinez eta Aleksandr Vlasov. Ihesaldian ere baziren zalantzak, faboritoen multzoa oso azkar hurbildu baitzaie.
Bost lagun nabarmendu dira lasterketa buruan: Marc Soler eta Jay Vine (UAE), Pablo Castrillo (Kern Pharma), Clement Berthet (Decathlon) eta Marco Frigo (Israel). Solerrek eraso bakartiak egin ditu, eta Vine taldekideak aurrea hartu dio mendiko sailkapenean. Iheslariek Los Tornosen, etapako azken-aurreko igoeran eman dute amore, Soudal taldeak tropela txiki-txiki eginda utzi ostean. Euskal Herriko etapako arantza atera nahi zuten. Landak helmugatik 30 kilometrora jo du erasoa, baina ez du biderik egin. Roglic sendo zihoan, gelditzen zitzaizkion taldekideak bezalaxe. Pavel Sivakovi (UAE) ihes egiten utzi diote, ordea.
Frantziarra iritsi da buruan Picon Blancora. Luzaroan eutsi dio apustuari, harik eta Dunbarrek aurreratu duen arte. Hautagaien artean, berriz, eraso ugari izan dira, eta parekotasun handia. Gaudu sarritan saiatu da, baita Mas ere. Eta Berradek ustekabean harrapatu nahi izan ditu onenak. Alabaina, ez du inork ihes egin, eta Dunbar gai izan da zuen tarteari eusteko. Nahi izan balu, Roglicek garaituko zukeen ziurrenik. Esloveniarrak bihar Vuelta irabaziko du, ordea, eta aski du horrekin. 24 kilometroko erlojupeko laua jokatuko da Madrilen.