Irango mendizale profesionala eta mendiko gidaria

Parvaneh Kazemi: «Mendia ez da lehiatzeko, baizik bakea eta lasaitasuna bilatzeko»

Bost zortzimilakotan izan da, eta Everesteko eta Lhotseko gailurretara astebetean heldu den lehen emakumea da. Munduari erakutsi nahi dio goi mendia emakumeentzako tokia ere badela, eta hainbat aldiz lortu du.

Parvaneh Kazemi, Irango mendizalea, astelehenean Balmasedan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Parvaneh Kazemi, Irango mendizalea, astelehenean Balmasedan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
irene baranano
2024ko azaroaren 15a
05:00
Entzun

Parvaneh Kazemi (Teheran, 1970) nahi gabe hasi zen mendira igotzen, lasaitasun bila, mendizaletasunaz ezer jakin gabe. Apurka, bidean topatzen zituen mendizaleak aurreratuz, goi mendiko espedizioei heldu zien. 2012an, Everest (8.849 m) eta Lhotse (8.516 m) mendien gailurretara aste berean igo zen lehen emakumea bilakatu zen. Halere, hautsitako markak ez dio axola Kazemiri. Espedizioa merkeagoa izateko lotu zituen bi gailurrak astebetean. Izan ere, babesle faltan, bere aurrezkiak erabilita igo behar izan zuen. Orduan bai, errekorra eskuan, ospea lortu, eta bere helburua bete zuen: emakumeak goi mendietako profesionalak izan daitezkeela erakustea. Bost zortzimilakotan izan da, eta harentzat, espediziorik garrantzitsuena Kangchenjungaren gailurretik (8.586 m) hirurehun metrora geratu zenekoa da, bere gorputzaren mugak ezagutu, eta bizitza salbatzeko erabaki egokiak hartu baitzituen. Hori kontatzen izan da Balmasedan (Bizkaia), Balmaseda Mendi Taldeak gonbidatuta. 

Berandu hasi zinen mendira igotzen, 35 urterekin. Ordura arte metatutako esperientziak eraginik izan du?

Ziur nago eragina izan duela. Mendira igotzen hasi aurretik, zazpi edo zortzi urtez badminton jokalaria eta entrenatzailea izan nintzen. Horri esker, fisikoki ondo nengoen. Matematika irakaslea ere banintzen, eta uste dut gaitasun matematikoak eta logikoak asko lagundu izan didala; batez ere, espedizioak planifikatzeko eta erabaki egokiak hartzeko orduan.

«Uste dut gaitasun matematiko eta logikoak asko lagundu izan didala; batez ere, espedizioak planifikatzeko eta erabaki egokiak hartzeko orduan»

Matematika irakasle izateari utzi zenion mendiko gidari izateko. Erabaki gogorra izan zen? 

Asko gustatzen zitzaidan irakasle izatea. Senideek medikua izatea nahi zuten, baina nik irakasle izan nahi nuen gazte-gaztetatik. Irango neska batzuek ez duten pribilegioa izan nuen nire familian: ikastekoa. Matematika ikasi, eta irakasle aritzea lortu nuen. Hala ere, 2012tik aurrera, Everestera eta Lhotsera igo ostean, babesleak lortu eta espedizio oso luzeak egiten hasi nintzen. Ondorioz, ezinezkoa egin zitzaidan lan horrekin jarraitzea. Aproposagoa zen Irango mendietan mendiko gidari gisa lan egitea,. Baina pena dut ikasleengatik. Oso harreman ona nuen haiekin, eta batzuekin mantentzen dut.

Mendian ibili aurretik, erreferenterik ba al zenuen? 

Oso gutxi nekien mendiari buruz. Gailur batera igo nintzen lehen aldian, lasaitasun bila hasi, eta nahi barik igo nintzen. Himalaiara joan nintzen lehen aldian, ez nuen lekuaren garrantzia ezagutzen. Azken finean, mendizaletasunaren munduan hasi nintzenean, ez nekien ezer mundu honi buruz, eta ez nuen lagun mendizalerik. Baina apurka-apurka, mendiak hobeto ezagutuz joan naiz, eta mundu honetan dabiltzan lagun asko egin ditut. 

Matematikaria izanda, hausnartu duzu inoiz sistema metrikoaren inguruan? Hau da, zergatik dauden horregatik hamalau zortzimilako, eta zergatik gutxiesten diren marra horretatik behera dauden mendiak, nahiz eta, agian, ederragoak diren? 

Altitudea mendiak sailkatzeko erabiltzen dugun parametro bat besterik ez da. Mendi bat garaia izatea ez da adierazgarria niretzat. Lau mila metroko mendi batzuk garaiagoak diren beste batzuk baino askoz ere zailagoak izan daitezke. Mendi bakoitzak izaera bat du, eta alderdi guztiak hartu behar ditugu kontuan: bertako natura eta izakiak, testurak, bideen forma... Eta, noski, garrantzitsuena disfrutatzea da, garaierari erreparatu gabe.

Gizakiak, baina, dena sailkatu eta mailakatzeko joera du. Aproposagoa deritzozu mendiak arriskuaren arabera neurtzeari, garaieraren arabera egiteari baino? 

Arriskuarena oso erlatiboa da. Hobeto esanda, mendizaleen gaitasunaren araberakoa da, edo norberaren igotzeko estiloaren araberakoa; segurtasunarekin igo gaitezke, edo segurtasunik gabe. Mendian, lehen hutsa azkenekoa izan daiteke. Lagun batzuek espedizio zeharo beldurgarriak egin izan dituzte, eta ez zaie ezertxo ere gertatu; eta, gero, istripuak izan dituzte espero ez zuten tokietan, edo arriskurik gabekoak ziruditen lekuetan. Mendiari, eta naturari oro har, errespetu handia izan behar diogu. Naturaren aurrean ez gara inor; nire esperientzietatik eta lagunen kontakizunetatik ikasi dut hori.

«Lagun batzuek espedizio zeharo beldurgarriak egin izan dituzte, eta ez zaie ezertxo ere gertatu; eta, gero, istripuak izan dituzte espero ez zuten tokietan»

Peter Habeler eta Reinhold Messner izan ziren Everest oxigeno gabe igotzen lehenak, 1978an. Habeler eta haren familia gidatu zenuen Damavanden (Iran, 5.609 metro), 2013an. Hitz egingo zenuten, noski, bere eta zure espedizioen arteko ezberdintasunez, eta mendi horrek izan duen bilakaeraz, ezta? 

Habeler eta Messnerren garaia oso ezberdina izan zen, eta inbidia handia sentitzen dugu bizi izan ez genuenok. Baina, batez ere, 2012tik hona jasan du aldaketarik nabarmenena, ni igo nintzenetik. Gaur egun, jende ugarik igotzen du Everest, ilara luzeak sortzen dira, arauak ezarri dituzte... Asko komertzializatu da Everesteko igoera, eta urtero okerragoa da. Habeler eta Messnerren garaian ez zegoen halakorik. Bai noski, hitz egin genuen aldaketez; gauza asko kontatu dituzte biek beren espedizioen inguruan. Asko miresten ditut. 

Nolabait zu zeu ere erreferente bilakatu zara, markak hautsi dituzu. Horrek ere eragin dezake gero eta jende gehiago motibatzea goi mendiko espedizioetan parte hartzera, nolabait, mendia «turistaz» betetzeko. 

Hori ez zen izan nire helburua. Igo nintzenean, ez nuen errekor bat hautsi nahi. Beste arrazoi batzuengatik igo nintzen. Niretzat, lehena izateak edo markak hausteak ez du ezertarako balio. Niretzat, mendia ez da lehiatzeko, bakea eta lasaitasuna bilatzeko baizik. Ospearen bila bazabiltza, hobe duzu beste leku batera joatea, eta ez mendira. 

Kangchenjungan hiru aldiz egon zinen hiltzeko zorian. Nola atera zinen onik azkenean? Zure gaitasun matematikoak lagundu al zizun, edo zori kontua ere izan zen bizirik jarraitzea? 

Zorte ona beti behar da, baina nire esperientzia ere erabili nuen: gaitasun matematikoa. Hiltzen ari nintzela sentitu nuen, eta bi aukera nituen: igotzen jarraitzen saiatu eta hil, ala jaitsi. Gogorra izan zen, gailurrera iritsi gabeko lehen igoera zen eta. Baina horrelako egoera batean, jaistea soilik izan daiteke lagungarria. Une horretan, ehun metro gehiago igotzen saiatu izan banintz, hil egingo nintzen. Jaisten hasi, eta ondorengo bi istripuetan ez banu ondo pentsatu eta ondo aukeratu, hilda egongo nintzen. Kangchenjungara itzuli nahi dut; oso leku bitxia eta interesgarria da alderdi askotatik: jendea, natura, eremua... Bueltatzea gustatuko litzaidake, baina sasoi hobean egon behar dut, eta zorte handiagoa izan. 

Emakumeak oraindik ere gutxiengoa zarete goi mendiko espedizioetan. Sumatu edo sentitu duzu gutxiespenik edo matxismorik emakume izateagatik? 

Hasieran gehiago, baina oraindik ere nabaritzen dut. Jende askori kostatzen zaio sinestea emakume bat goi mendiko mendizalea izan daitekeenik. Txikia naiz ,gainera, eta ez dirudit oso indartsua. Gizon askok zalantzan jartzen dute nire gaitasuna. Baina matxismo hori, nik uste, ezjakintasunetik dator. Adibidez, Peter Habelerrek esan zidan behin nire gorputza perfektua dela mendira igotzeko: ez dut gantz edo gihar askorik, eta, ondorioz, ez dut hainbeste oxigenorik behar, eta hobeto moldatu naiteke altitude handian.

Aurten bertan hainbat emakumek Nirmal Purja xerpa ezaguna salatu dute, sexu jazarpen eta erasoengatik. Mendia ere ez dago eraso eta jokabide horietatik salbu, beraz? 

Horrelako gauza asko gertatzen dira mendian. Messnerrek bere liburuan dio mendizaleak pertsona berak direla hirian edo mendian. Hirietan gertatzen den edozer gauza mendian gertatu daiteke lasai asko. Mendizaleak ez dira gainontzekoak baino pertsona hobeak; jende arrunta gara, eta, ondorioz, mendian ere edozer gauza gerta daiteke. 

Arriskuan zeunden Iranen emakumea eta mendizalea izateagatik? 

Tira, ezohikoa da, baina legala ere bai. Hasi nintzenean, oso emakume gutxik egiten genuen lan mendiko gidari gisa, baina gaur egun askoz gehiago gara. Normalizatzen saiatzen ari gara, baina zaila da. Batez ere bezeroekin izan ditugu arazoak. Batzuek, horietako asko Mendebaldeko herrialdeetakoak, ez dute onartzen gidaria emakumea izan dadin; ez dira fio. 

Iraultza Islamikoak nola eragin zuen Iranen emakumeen aukeretan eta askatasunean oro har?

Adibidez, mendira joatea debekatu ziguten. Lehen, emakume asko ibiltzen ziren mendietan, klubak zituzten... Baina Iraultza Islamikoarekin, emakumeak mendian topatzen bazituzten, atxilotu egiten zituzten duela 20 bat urtera arte. Irango emakumeak asko borrokatu dira, eta normalizatzea lortu dute. Hala ere, gizartean oraindik ez dago onartuta emakumeak goi mendian jardutea. Pertsona askok diote goi mendia ez dela emakumeentzako lekua; istripuak izan ahal ditugula argudiatzen dute. Ni horren kontra borrokatu naiz; oker daudela erakutsi nahi izan dut, eta arrakasta lortu dut.

«Pertsona askok diote goi mendia ez dela emakumeentzako lekua. Ni horren kontra borrokatu naiz; oker daudela erakutsi nahi izan dut»

Zer iritzi duzu Palestinan gertatzen ari denaren inguruan? 

Irango aldaketa politikoekin, nire herrialdean ikasi dugu politika oso zikina dela, eta guk ez dakigula ezertxo ere. Negozio hutsa dira gerrak; boteretsuen artean armak salerosteko negozioa, eta biktimak gizarteko pertsonak dira beti. 

Euskal Herrira itzulita, hemengo mendirik bisitatzeko aukerarik izan duzu? 

Bi egunez besterik ez naiz hemen egon, baina Anbotora igotzeko aukera izan dut. Benetan ederra da, eta ikuspegiak, paregabeak. Arreta eman dit paisaia zein berde dagoen, eta eguna ere polita izan da. 

Edurne Pasaban hamalau zortzimilakoak eskalatu dituen munduko lehen emakumea da. Ezagutzen duzu? 

Albisteetan ikusi dut haren izena, eta oso gustura irakurri nuen haren liburua. Haren izaerak txunditu ninduen batik bat; oso zintzoki kontatzen du guztia, eta berari buruzko egiak kontatzeko ausarta da; asko gustatu zitzaidan hori. 

Pasaban bera, Nives Meroi, Gerlinde Kaltenbrunner, aurrez Wanda Rutkiewicz, Julie Tullis eta beste batzuk erreferente nabarmenak izan dira. Zu ere hor zara. Garrantzitsua da eredu horiek izatea neska gazteak mendian hasteko, ezta? 

Baietz esango nuke. Orain Iranen zortzimilakoak igotzen dituzten neskak daude, eta askotan esan didate laguntza handia izan nintzela eta bidea ireki niela. Batzuek esan didate uste zutela ezinezkoa zela, baina nik erakutsi niela posiblea zela. Oso hunkigarria da. Hori lortzen badut nire herrialdean, niretzat aski eta sobra. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.