Txirrindularitza. Euskaltel-Euskadiren aldaketaren eragina harrobian

Mendi artean galduta

«Txirrindularitzarentzat, ona; euskal txirrindularitzarentzat, ez». Harrobia buruan, uste hori daukate gehienek Fernando Alonso 1 Formulako pilotu espainiarrak Euskaltel-Euskadiren lizentzia erosi eta egun gutxira.

unai zubeldia
Donostia
2013ko irailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Itxaropenak ere galdu du pazientzia. «Oso latza da egoera; oso gogorra». Ez dago askoz gehiago esan beharrik. Amore emateko zorian dago Miguel Madariaga Euskadi Fundazioko presidentea. Ezin dio begiratu ere egin parean daukan aldapari. «Ez sinesteko modukoa da errealitatea». Orain zortzi hilabete Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldea Euskadi Fundaziotik aldendu izana barneratu ezinik dabil, oraindik ere. «Iraingarria izan zen. Taldea hartu, eta Fundazioa zorretan utzi zuten». Baina minaren ertz bat besterik ez da hori. Tamalez. Afizionatuak, profesionalak, eta, tartean, zubia: Euskadi taldea. Kontinental mailan. «Hori izan da orain arteko egitura, baina...». Euskaltel eta Euskadi bereizita, kolokan geratu zen zubi hori. «Eta hausteko zorian dago orain». Erabat ezkor dago Madariaga.

Euskaltel-Euskadi hilzorian zegoela ikusita, eta etorkizunari zukua atera ziezaiokeela ondorioztatuta, erosi zuen Fernando Alonso 1 Formulako pilotu espainiarrak talde laranjak World Tourrean zeukan beste hiru urterako lizentzia —akordioa, oraindik ere, ez da behin betikoa, baina pilotuak 17 milioi euroko inbertsioa egin duela zabaldu da azken egunotan—. «Txirrindularitzarentzat, berez, ona da albistea», hasi du azalpena Aritz Arberas Euskadi Fundazioko zuzendariak. Den-denek bat egin dute, gainera, arabarraren iritziarekin. «Txirrindularitzarentzat, bai, ona da; baina guretzat, ez; euskal txirrindularitzarentzat, ez». Hortxe dago koska. Bulegoetan hasten dira mugitzen bizikleten pedalak. Baina txirrindulariek eurek isurtzen dituzte gero izerdi tantarik gehienak. «Guretzat askoz zailagoa izango da orain amateur mailatik profesionaletara arteko pausoa ematea». Esperientziaren izenean hitz egin du Alex Unzueta Seguros Bilbao taldeko txirrindulariak (Berriz, Bizkaia, 1991).

Desegiteko zorian dagoen ekuazioaren zati bat besterik ez da Euskadi Fundazioarena. «Baina oinarrizkoa», zehaztu du Unzuetak berak. «Euskal txirrindulariontzat oso garrantzitsua litzateke Fundazioa salbatzea eta talde indartsu bat sortzea». Txirrindulariaren hitzetan, erabat egoera zaila edukiko lukete bestela. «Azken urteotan ikusi dugu oso txirrindulari gutxi igo direla zuzenean amateur mailatik profesionaletara. Ezinbesteko pausoa zen Euskadi Kontinental mailako taldean aritzea». Eta, noski, behetik gorako bidean azken pauso gisa Euskaltel-Euskadiren aukera edukitzea. «Guretzat erreferentzia izan da beti Euskaltel; uste dut guztioi gustatuko litzaigukeela egunen batean bertan aritzea. Gazteetatik afizionatuetara, Orbean edo Euskadin ibili, eta hortik Euskaltelera. Orain arte, hori eduki dugu beti buruan, baina...».

Pauso bat behera eginda, eromenetik ihes egin beharko litzatekeela uste du Juanma Hernandez Caja Ruraleko managerrak (Olatzagutia, Nafarroa, 1965). Profesionalen —Kontinental mailan— eta amateurren talde bana dauzka Caja Ruralek, Nafarroako taldeak. Egungo Euskaltel-Euskadiren itzalean, eta Euskadi taldearen ondoan, mugak Euskal Herritik nazioartera zabalduta baina harrobiko txirrindulari gazteei zukua ateratzen ari da, azken urteotan, Caja Rural. «Baina oinak lurrean dauzkagu guk», hasi du azalpena Hernandezek. «Talde umila da gurea, eta beti eduki izan dugu oso argi diru kontuei begiratu behar diegula etengabe; erotu gabe eta gonbidapenak lortzen saiatuz, oso kontuz ibili behar dugula». World Tourrak, aurrekontu erraldoiak, eta Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) egiturak ahaztuta, harrobira begira jarraitu nahiko luke nafarrak aurrerantzean ere.

«Hondamendia litzatekeela Euskaltel-Euskadi desagertzea edo Asturiasera joatea? Ez nago ados. Nire ustez, hondamendi handiagoa litzateke Gipuzkoan, adibidez, Gipuzkoa-Eki Sport amateur mailako talderik onenetakoa desagertzea, eta bide horretan goazela entzun dut azken egunotan. Oinarrian talderik gabe geratzen ari gara, eta hor lan egin behar da». Euskaltel-Euskadik tropelean jarraitu zein egitura erabat aldatu;World Tourrean egon zein Kontinental mailan aritu. «Hori da gutxienekoa. Bai, oso polita da World Tourra, baina errotik gaizki sortu zuten zirku hori guztia, eta txirrindularitzarentzat beretzat ere txarra dela uste dut. Azken finean, txirrindularitza aberatsa eta txiroa dauzkagu orain».

Euskal izaera ahaztu gabe, bai, baina larritasunari neurria hartzeko eskatu du Caja Ruraleko managerrak. «Berdin zait Alonso egotea atzean, Euskadi Fundazioa egotea edo beste edozein egotea; euskal txirrindularitzarentzat ona da taldeak aurrera jarraitzea». Egitura guztia Asturiasera joango balitz, Caja Ruralek aukera gehixeago izango luke, agian, Euskal Herriko harrobiko txirrindulariak erakartzeko. «Baina, ez, ez; guri ez digu eragiten ezertan Euskaltel-Euskadiren egoerak». Onartu du merkatua zabaldu egingo dela. «Eta euskal txirrindularientzat, agian, ez da txarra izango hori. Inguruan hor dago Movistar, hor egongo da Alonsoren taldea, hor gaude gu, Burgos... Zailagoa izango dela pausoa ematea? Bai. Baina, berriz diot, goikoa zaintzea baino garrantzitsuagoa da behean lan egitea. Benetan ona den txirrindulariak berdin-berdin emango du pausoa».

Madariaga, Gipuzkoara begira

Hernandezen iritzi askorekin beste muturrean, eta ezkortasunari izkin egin ezinik, bere esanak ulertze aldera Madariagak azkar jarri ditu zenbakiak mahai gainean. «319.000 euroko zorra dauka Fundazioak gaur-gaurkoz, eta beste 450.000-500.000 euro beharko genituzke datorren denboraldian lehiatzen jarraitzeko». 770.000-820.000 euro inguru, beraz. Gainerako ate gehienak jota —«itxita daude denak»—, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zain dago, oraindik ere, Fundazioko presidenteak. «2013rako hitzemandako kopurua falta da oraindik». Madariagak argitu duenez, Aldundiak 785.627 euro jarri zituen 2012an Euskadi Fundaziorako. «Eta kopuru hori baino pixka bat gutxiago hitzeman zuen aurtengorako; pixka bat gutxiago».

Aldundiarekin hitzartu, Batzar Nagusietan onartu eta sinatuta utzitakoa irakurri dio kazetariari. «Kopuru horretatik zati bat jasoz gero, aurrera jarraitu ahal izango du Kontinental mailako taldeak, baina, gainerakoan, itxi beste erremediorik ez da egongo». Eguna jarrita dago: urriaren 15a. «Ordurako Espainiako Txirrindularitza Federazioan eduki behar dituzte paper guztiak, eta urri amaierarako UCIri berari bidali behar zaizkio».

Huts-hutsean euskal txirrindularitzaren harrobiari helduta, batean eta bestean agertu den «salbatzaile» izendapenetik urrun dago gehienentzat Alonso. «Oraindik ia ezer ez dakigun arren», hasi da Jose Luis Arrieta Euskadiko Txirrindularitza Federazioko presidentea. «Ona da Alonsok taldea erosi izana». Pisuzkoa da argudioa. «Hamalau txirrindulariri kontratua errespetatuko diela adierazi du, eta, Samuel Sanchez salbu, euskaldunak dira gainerakoak. Teknikariak, masajistak, mekanikariak... Ikusi egin beharko dugu horiek ere taldean jarraituko duten edo ez». Baina, beste guztien antzera, Arrietak ere berehala baretu du etorkizun hurbileneko baikortasun hori. «Zail dago egoera; orain arte zeukaten erreferentzia hori faltako zaie gazteei».

Bereari eusteko dago Madariaga. «Euskal Herriko txirrindularitzaren egoera tristea eta gogorra da». Bizkaitarraren hitzetan ez dago baikortasun zantzurik. «Orain arte, beti egon da Euskadi Fundazioak sortzen zuen ilusioa, baina, aurrerantzean ez badago Euskaltel-Euskadi taldea eta Fundazioak ere ez badauka aukerarik, Euskadiko txirrindularitzak ez dauka irtenbiderik».

Gehienen esanari segika, Ion Lazkano Naturgas Energiako zuzendariaren hitzetan ere, kalte handia egingo luke erreferentzia falta horrek, gipuzkoarraren ustez harrobiko lanarentzat «ezinbesteko ezaugarria» delako goragoko euskarri horiek edukitzea. «Etorkizunari begira lan egitea da gure helburua, baina Kontinental mailako talderik ez badaukagu, ez daukagu etorkizun onik». Unzuetak aurretik egindako aitorpenarekin bat eginez, Lazkanok ere urteroko lanean ikusten du «oso zaila» dela amateur mailatik profesionaletara zuzenean pausoa ematea. «Oso jauzi handia sortuko da, orain, harrobian dauden euskal txirrindularien eta World Tourreko taldeen artean». Ondorioa? Seguros Bilbao taldeko txirrindulariak argi dauka berea. «Berez, nabari da geroz eta txirrindulari gutxiago gabiltzala errepidean. Ehun bat txirrindulari irteten gara orain lasterketetan, eta gain behera goaz, nabarmen. Tarteko pauso hori gabe, gazte askok beste bide bat hartzeko arriskua egongo da».

«Futbola» izena du, adibidez, arrisku horrek. Arrietaren hitzetan, gainerako kiroletan ere nabari da krisia. «Eskubaloian, saskibaloian... Baina egia da txirrindularitzan eragin nabarmena ari dela edukitzen». Salaketa txiki bat gehitu dio Unzuetak baieztapen horri. «Futbolean ere egunero entzuten da zor asko daudela, baina fitxaketak egin eta egin jarraitzen dute denek. Txirrindularitzan ezin da egin halakorik; zorrik txikiena edukiz gero, desagertu egiten dira berehala taldeak. Askoz babestuago daude futbola eta beste kirol batzuk».

Egoera «zaila eta gogorra» dela onartuta ere, Euskadiko Txirrindularitza Federazioko presidenteak argitu du, pixka bat, harrobiarentzat beltz-beltza ageri zen egoera. «Kezkatuta ote nagoen? Bai. Baina uste dut zerbait egingo dela datorren urterako edo datozen bizpahiru urteetarako». Nork? Eta nola? «Udaletxeak, aldundiak, Jaurlaritza... Denok elkarrekin eseri, eta proiektu xumeago bat nola sor dezakegun ikusi behar dugu. Ezin diegu eutsi orain arteko aurrekontuei, baina, poliki-poliki, ea lortzen dugun zerbait». Sukalde lanak dira horiek guztiak. Jende askoren artean erabaki beharreko kontuak. Baina errezeta horren nahasketatatik zer atera beharko luketen argi dauka Lazkanok. «Kontinental mailako talde bat, sor litekeen jauzia hain handia ez izateko. Hori bai, gertatzen dena gertatzen dela ere, euskal txirrindularitzaren alde lanean jarraituko dugu guk». Borondatea badago, ilusioa badago, indarra badago... baina kezka ere bai.

Ingurukoei begiak ireki nahian

«Uste dut oraindik ez garela jabetu, benetan, zer galduko dugun». Begiak ireki nahi dizkie Arberasek ingurukoei. «World Tourrean talde propioa galduko dugu, txirrindularitzaren ligarik garrantzitsuenean tokia galduko dugu. Indarra galduko dugu». Inguruko enpresei eta norbanakoei dei egin nahiko lieke Euskadi Fundazioko zuzendariak. «Proiektu errentagarri bat egin daitekeelako 300.000-400.000 eurorekin».

Arberasen hitzetan, askok uste baino garrantzitsuagoa litzateke ilusioaren eta harrobiaren izenean diru kopuru hori biltzea. «Adibide gisa, gainerakoan, egun Euskadi Fundazioan dauden hamar txirrindularietatik bederatzik ez luketelako aukerarik izango profesionaletara pasatzeko». Avia Esergui enpresaren laguntzari esker, gaurtik hilaren 30era Txinan ariko dira lehian Euskadi taldeko txirrindulariak, Txina 1 eta Txina 2 lasterketetan. «Ilusioz gainezka», baina harrobia oinarri duen proiektu baten azken pedalkadak izan daitezkeela jakitun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.