Txapeldunen sorlekua». Lema hori du gaurtik datorren igandera bitarte Flandrian jokatuko den Munduko Txapelketak. Izan ere, han jaioak dira Eddy Merckx, Rik Van Looy, Roger De Vlaeminck, Lucien Van Impe, Freddy Maertens, Johan Museeuw eta Tom Boonen bezalako txirrindulari mitikoak. Eta flandriarrak izan ez arren, asko dira hango klasikoetan ikur bihurtu direnak. Haien guztien arrastoan ariko dira ziklistak datozen zortzi egunetan, ortzadar maillot preziatuaren lehian. Aurtengoak balio erantsia izango du, probaren 100. aldia izango delako, eta, halaber, indarrak oso paretsu daudelako, gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Mendeurrenean, litekeena da garaipena segundo kontua izatea.
Hori ohikoa da erlojupekoetan, norbaitek aparteko erakustaldirik egin ezean. Hain justu, gizonezkoen bakarkako saioak piztuko du lehia, gaur, Knokke-Heist eta Brugge arteko 43,3 kilometroko ibilbidean. Proba laua da, aukerakoa Filippo Gannarentzat. Iazko txapelduna, dena den, ezin daiteke faborito argitzat jo: batetik, Stefan Kuengek aurrea hartu ziolako Europako Txapelketan; eta, bestetik, oso aurkari indartsuak izango dituelako. Kueng bera izango da bat, Wout van Aertekin batera. Flandriarra bigarren izan zen iaz, eta etxean koskarik gorenera igotzen ahaleginduko da. Amets bera izango du Remco Evenepoelek, Flandriako izar goiztiarrak. Tadej Pogacar da zeresana eman dezakeen beste gazteetako bat. Esloveniaren itxaropen nagusia izango da erlojuaren aurkako lehia, Primoz Roglicek ez baitu parte hartuko, diziplina horretako txapeldun olinpikoaizanagatik ere.
Errepideko proban jarriko du arreta osoa Roglicek. Zentzuzko apustua da, aurrez xahututako indarren falta soma bailezake muinoz, hormaz eta harbidez jositako 268 kilometrotan. Klasiko itxura beteko ibilbidea da, Julian Alaphilipperen zorionerako. Frantziarrak beste urtebetez izan nahi du ortzadarra soinean, baina horretarako, Van Aert eta Mathieu van der Poel bezalako espezialistak azpiratu beharko ditu. Ziklo-kroseko bi ikonoek buruz-buruko ikusgarriak eduki dituzte jada Flandriako errepideetan. Horiek ezezagunak dira esloveniarrentzat, baina puntako klasikozaleak ere badirela erakutsi dute Pogacarrek zein Roglicek. Ia edozen ibilbidetan moldatzen dira ongi. Europako txapeldunorde izan berri den Evenepoelek osatzen du hautagai nagusien zerrenda.
Garaipena, dena den, ezin dute ziurtzat jo, izen handiak ageri baitira bigarren maila batean; hala nola, Peter Sagan, Munduko Txapelketa laugarrenez irabazi nahi duen eslovakiarra. Europako txapeldun bezala jardungo du, berriz, Sonny Colbrelli italiarrak, eta Thomas Pidcocken gurpila ere ondo zaindu beharrekoa izango da. Hura izango da britainiarren burua. Espainia, berriz, lider entzutetsurik gabe ariko da. Ez Mikel Landa, ez Alejandro Valverde, ez Enric Mas; Alex Aranburu izango da Pascual Momparlerren selekzioaren karta nagusia. Ezkiotarra iaioa da klasikoetan, eta ezustekoa ematen ahaleginduko da, onenen arteko markaketaz baliatuz. Helburu horren peskizan, Gorka Izagirre ren eta Imanol Erbitiren laguntza izango du.
Denak herbeheretarrei beha
Datorren igandean jokatuko da gizonezkoen elite mailako errepideko proba. Aurrez, ikusmin handia izango da emakumezkoen lasterketetan. Bihar erlojuaren aurka jardungo dute, eta larunbatean, errepideko saio luzean. Bietan urrezko domina kolkoratu zuen iaz Anna van der Breggenek, baina aurten errepidean lehiatuko da bakarrik. Annemiek van Vleutenek, berriz, garaipen bikoitza lortzeko erronka dauka. Oso gertu gelditu zen Olinpiar Jokoetan: urrea lortu zuen erlojupekoan, eta zilarra errepidean. Van der Breggenen aurkari nagusia izango da larunbateko lasterketan. Marianne Vosen parejar liteke hura, Munduko Txapelketa hirugarrenez irabazita. Hain justu, Vos da ortzadar elastikoa eskuratzeko beste faboritoetako bat. Beraz, punta-puntako hiru lider izango ditu Herbehereetako selekzioak Anberes eta Leuvenartean jokatuko den 157,7 kilometroko lasterketa gogorrean.
Hiru izango dira, halaber, proba nagusian lehiatuko diren euskal herritarrak: Ane Santesteban, Eider Merino eta Lourdes Oiarbide. Ziortza Isasi izango da erlojuaren aurka ariko den bakarra. 30,3 kilometroko saioa izango da. Eta txapelketa oro har hartuta, guztira hamabi euskal herritarrek hartuko dute parte. 23 urtetik beherakoan,bi diziplinatan ariko da Xabier Mikel Azparren. Juniorretan, berriz, Haimar Etxeberria, Nahia Imaz eta Laia Puigdefabregas bi probetan ariko dira, eta Naroa Fernandez errepidekoan bakarrik.
Mendea eta segundoa
Gaur hasi eta datorren igandera bitarte jokatuko da Munduko Txapelketaren 100. aldia, Flandrian. Borroka handia espero da eliteko probetan. Hamabi euskal ziklista izango dira lehian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu