Mende laurden bat zain

Marino Lejarreta, Iñaki Gaston eta Miguel Indurain dira Donostiako Klasikoa irabazi duten euskal txirrindulariak. Hirutan nagusitu zen Berrizkoa, behin Bilbokoa eta behin Atarrabiakoa. 25 urte joan dira, ordea, azkeneko garaipenetik, eta zortzi urte azkeneko podiumetik.

Miguel Indurain, garaipena ospatzen, Donostiako Bulebarrean, 1990eko Klasikoan. DV.
Julen Etxeberria.
Donostia
2015eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Irudi zaharra da, iraganekoa. 25 urte, mende laurden bat joan da euskal txirrindulari batek Donostiako Klasikoa irabazi zuen azken alditik. Miguel Indurain handia izan zen podiumeko koska gorenera igo zen azkena. Atarrabiakoak indar erakustaldia egin zuen 1990ean, gerora hain ezagun izango ziren horietako bat. Klasikoaren 34 ekitaldietan inork ez du hark baino nagusitasun eta alde handiagoz irabazi.

Indurainek Marino Lejarretarekin ihes egin zuen Jaizkibelen gora. Hasiera batean, Berrizkoaren pedal kolpeari eustera mugatu zen. Aldapen gogortasunak handitu ahala, ordea, aurrera egitea erabaki zuen. Jaizkibelgo gainerako bi kilometro falta zirela jo zuen erasoa, eta Lejarreta atzean utzi. Aurrera egin zuen erraztasun berarekin hasi zen zuloa egiten. Goian minutukoa zen jada.

Gorantz indartsu, eta beherantz ikusgarri. Berdin izan zion atzetik Laurent Jalabert, Sean Kelly eta Tony Romingerren gisako ordokizale bikainak elkarrekin lanean hasi izanak. Nafarra aldea handitzen joan zen etengabe. 34 kilometro egin zituen bakarrik, 34 kilometroko erlojupeko baten moduan. Eta halakoetan egiten zuen moduan, erlojua txikitu zuen. Urruti, oso urruti izan zituen aurkari guztiak. Ia bi minutu eta erdira iritsi ziren Jalabert, Kelly eta Rominger Bulebarrera.

Hilabete eskasean Indurainek lortutako bigarren garaipen handia izan zen Klasikoko hura. 26 egun lehenago Frantziako Tourreko 16. etapa irabazi zuen, Pirinioetan, Luz Ardinenen. Bigarrena zuen Tourrean, 1989an beste etapa batean nagusitu baitzen, bederatzigarrenean, hura ere Pirinioetan, Cauteretsen. Bi garaipen horiek nabarmentzen ziren haren garaipen zerrendan, baina gehiago zituen, ordurako nahiko betea baitzuen palmaresa: Etorkizuneko Tour bat zuen irabazia, Kataluniako Volta bat, bi Paris-Niza eta Nazioarteko Kriterium bat, besteak beste. Garaipen horiek guztiak, ordea, txiki geratuko ziren, txirrindulari handia zena erraldoi bilakatu baitzen. Bost Tour, tartean 11 etapa garaipen, bi Giro, tartean lau etapa garaipen, olinpiar eta munduko txapeldun erlojuaren aurka, orduaren markaren jabe... Horra hurrengo urteetan bildutako uzta ikusgarriaren lagin bat. Aipatu gabekoen erdiekin ere pozez zoratzen leudeke txirrindulari asko.

Indurain izan zen Bulebarrean irabazle helmugaratu zen hirugarren euskal txirrindularia. Lejarreta eta Iñaki Gaston ere hala helmugaratu ziren. Berrizkoa da, hain zuzen ere, Klasikoa inork baino aldi gehiagotan irabazi duena. Hirutan lortu du garaipena: aurreneko bi ekitaldietan, 1981ean eta 1982an, eta 1987an. 1981ean, Graham Jones ingelesa eta Faustino Ruperez espainiarra igo ziren harekin podiumera; urtebete geroago, Jesus Rodriguez-Magro eta Pedro Delgado espainiarrak; eta Klasikoa irabazi zuen azken aldian, Angel Arroyo espainiarra eta Fede Etxabe kortezubitarra. 1986an ere gertu izan zuen garaipena, baina Gastonek hartu zion aurre azken metroetan. Bilbotarra igo zen urte hartan podiumeko koska gorenera, aurreko urteko arantza ateraz —bigarren izan zen Adri Van der Poel herbeheretarraren atzetik—.

Astarloa eta Garate, bigarren

Baina oparotasunaren ondoren, urritasuna etorri zen. Hamalau urtetan ez zen euskal txirrindularirik egon podiumean, ez lehen koskan, ez bigarrengoan, ez hirugarrengoan. 2002an amaitu zen lehorte hori. Igor Astarloak gertu izan zuen garaipena, baina Jalabertek gainditu zuen ermuarra azken esprintean—Gabriele Missaglia italiarra izan zen hirugarren—. Astarloaren postu bera lortu zuen Juanma Garatek bost urte geroago, 2007an. Leonardo Bertagnoli italiarrak hartu zion aurre irundarrari azken metroetan. Haien atzetik iritsi zen Alejandro Valverde, hirugarren.

Zortzi urte joan dira ordutik, eta tarte horretan ez da egon euskal txirrindularirik lehen hiru sailkatuen artean. Mikel Nieve (Sky) izan da podiumetik gertuen egon dena. Txirrindulari leitzarra laugarren izan da Klasikoaren azken bi ekitaldietan, baina aurten ez da irteeran izango. Mikel Landa gasteiztarrarengan (Astana) dago itxaropena gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.