Mende erdiko hozkada

Andoni Calbano da 200 metroko proban azkarren korritu duen euskal atleta: 20,77. Hamabi ehunen hobetu du aurreko marka. Luis Sarriak zuen, 1974tik. 22 urte ditu, eta bi urte eskas daramatza serio atletismoan.

Andoni Calbano Realeko esprinter bergararra, Donostiako Anoetako estadio txikiko pistan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Julen Etxeberria.
Donostia
2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Ezer ez da betiko, ezta hobeezina dirudien errekor bat ere. Halakoa zirudien Luis Sarriak 200 metrokoan eginikoak: gaindiezina. Atleta bilbotarrak 20,89 egin zuen 1974an, Zurichen (Suitza). Euskal atleten artean, inork ez zuen hain azkar egin 200 metrokoa. Sekulako denbora zen. Itxura zuen luzaroan iraungo zuela.

Halaxe izan da, ia 50 urtez egon baita indarrean, Andoni Calbanok (Bergara, Gipuzkoa, 2000) hobetu duen arte. Duela bi aste eskas egin zuen, Donostian, Anoetako estadio txikian. Realeko 22 urteko atletak 20,77 egin zuen, eta hamabi ehunen hobetu zuen Sarriaren marka. Kolpe batez, mende erdiko hozkada eman zion probari, eta hautsa kendu zien euskal atletismoaren liburuei.

Egunak pasatu dira, eta Calbanok oraindik lanak ditu eginikoa barneratzen. «Bestondo emozionala dut oraindik. Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut. Oso egun polita izan zen, sinestezina», azaldu du harmailan eserita, pistara begira. Han egin zuen balentria.

Berehala konturatu ziren Calbano eta haren entrenatzaile Oskar Ezker arratsaldea «biribila» izan zitekeela. «Aurrena, 100 metrokoan parte hartu nuen, eta sekulako marka lortu: 10,42. Nire probarik onena izan gabe horren azkar korritu izanak esan nahi zuen 200 metrokoan marka ikusgarria egin nezakeela». Ordubete eskas geroago baieztatu zen ustea.

Marka ona lortzeko, baldintza bat baino gehiago bete behar dira. Denak bete ziren: sasoi betean zegoen Calbano, oso azkar korri egin zuen, eta eguraldia aproposa izan zen. «Gerta daiteke oso ondo aritzea, marka oso ona lortzea, eta gehiegizko haizeagatik baliogabetzea. Zorionez, biribil irten zen dena».

«Sinetsi ezinda» geratu zen marka esan ziotenean. «21,07 zen nire markarik onena, 30 ehunen okerragoa! Gipuzkoako atleta bakar bat ez zen jaitsi 21 segundoetatik, eta nik, jaitsi soilik ez, koska handia jan nion. Itzela izan zen!».

Poz bihurtu zen asteetan pilatutako amorrua. «Lesio dezente izan ditut azkenaldian, eta arriskua zegoen denboraldia nahi baino lehenago eta ezer egin gabe buka zedin. Konforme ginen Espainiako Txapelketan parte hartzeko marka eginda: 21,30. Sekulakoa egin dugu. Oskarrek eta biok negar malkotan bukatu genuen. Borrokatzea merezi izan zuen». Berehala nabarmendu du entrenatzailearen laguntza. «Hura gabe, ez nuen ezer egingo».

Sakrifizio asko

Sekretuaz galdetuta, bere burua «asko zaintzea» eta «egunero entrenatzea eta hobetzen saiatzea» aipatu ditu. «Sakrifizio asko egiten ditut: adibidez, goizero etortzen naiz autobusez Bergaratik, eta etxetik ekarritako bazkaria jan eta gero, Arrasatera [Gipuzkoa] joaten naiz arratsaldean, unibertsitatera [Industria Elektronikako Ingeniaritza ikasten ari da]. Lagunekin ere nahi baino gutxiago egoten naiz. Zertarako? Agian, inoiz lortuko ez dudan zerbait lortzen ahalegintzeko. Hori da sakrifiziorik handiena. Eskerrak asko zaintzen nauen jende pila dudala inguruan: familia, entrenatzailea, lagunak... Haiekin gogoratzen naiz orain, egun polit hauetan».

Haren ustez, «ezezagutza» dago atletismoaren inguruan. «Jendeak uste du erraza dela korri egitea, baina, Anoetara etorriko balitz, ikusiko luke ezetz. Are, uste baino gutxiago egiten dugu korri. Asko lantzen ditugu teknika, indarra, erresistentzia eta abiadura. Eta, gero, kronometroaren menpe bizi gara; hark ez du inoiz gezurrik esaten». Lantaldean duten giro ederrak arintzen du egitekoa. «Oso ondo dago txapelketetan lehiatzea eta markak lortzea, baina, ez baduzu egunerokoan gozatzen, galduta zaude. Nik izugarri gozatzen dut. Oso erakargarria da egunero hobetzen saiatzea eta gorputza mugaraino eramatea. Atletismoak harrapatuta nauka; oso kirol polita da, eta, banakakoa izan arren, lantalde ederrak osatzen dira. Jendea animatuko nuke, gutxienez proba dezan».

Dituen dohainez galdetuta, teknika azpimarratu du. «Nahiko ona dut. Gozatu egiten dut hura lantzen. Badirudi erraza dela gure gorputza kontrolatzea, baina oso zaila da, eta are gehiago korrika ari garenean. Beste atleten bideo pila ikusten dut, guztiek baitute euren teknika. Izugarri gustatzen zait Marcell Jacobs italiarra, 100 metroko txapeldun olinpikoa».

Indarguneak baino gehiago ditu hobetu beharrekoak. Ez da harritzekoa, ia hasiberria baita. «Bi urte baino ez daramatzat serio. Aurretik, bi urtez aritu nintzen Eibarren [Gipuzkoa], Inma Urkiolarekin, baina futbolean ere jokatzen nuen. Pentsatu nahi dut urteak joan eta eskarmentua hartu ahala hobetu egingo dudala».

Espainiako Txapelketa du begiz joa. Hilaren 28tik 30era jokatuko da, Torrenten (Herrialde Katalanak). Iaz, brontzezko domina lortu zuen. Haren ibilbide laburreko emaitzarik onena da. Egun, markarik onenetan hirugarrena du Espainiako Federazioaren sailkapenean. «Baina halako txapelketetan ezustekoak egoten dira. Sasoiko iritsi nahi dugu, eta pausoz pauso joan, kanporaketaz kanporaketa. Tentsio handia dago; nerbioak garesti ordainduko dira».

Eta gero? Barrez hasi da. «Ez nekien horren urrun iritsiko nintzenik. Are, nire ibilbideko helburuak bete ditut jada: 200 metrokoan, 21 segundoetatik jaistea; eta, 100 metrokoan, marka bikaina egitea». Baina horrek ez du esan nahi gehiago nahi ez duenik. «Honek ez du etenik. Gustatuko litzaidake marka hobetzea, eta Espainiako txapeldun izatea. Aurten, Munduko Txapelketa dago, eta 2024an, Olinpiar Jokoak, baina, egun, hitz handiak dira horiek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.