Zuzendari autora igo da berriz ere Jose Luis Arrieta (Uharte Arakil, Nafarroa, 1971), Decathlon taldearekin. Maiatzean deitu zioten, eta Suitzako Itzulian ibiliko da egunotan. Ez daki hortik aurrera jarraituko duen edo ez, gaixoaldian den norbait ordezkatzen ari baita. Hori bai, esan diote interesa dutela datorren urtetik aurrera egituran sar dadin. Urte luzez Movistarren aritu ondoren, hutsetik hasteko tokia topatu du kirol zuzendari nafarrak. Nahiago izan du ez hitz egin Movistarretik kanpo geratu izanaren arrazoiei buruz.
Hilabete inguru daramazu Decathlon taldean. Gustura zaude zure itzulerarekin?
Bai, pozik nago. Ederki hartu naute taldean, eta oso emaitza onak lortu ditugu egin ditudan bi lasterketetan: Dunkerquen, sei etapatik lau irabazi genituen, baita sailkapen nagusia ere; eta Mayennen, bi garaipen lortu genituen lau egunean, eta bigarren postua nagusian. Oso dinamika onean dago taldea, eta ederra da iritsi berritan garaipenez gozatzea.
Nola sortu zitzaizun Decathlonekin aritzeko aukera?
Lehenik eta behin, Euskal Herriko Itzulian jarri ziren nirekin harremanetan. Jakin nahi zuten ea datorren urteari begira prest egon nintekeen haiekin lan egiten hasteko. Baietz esan, eta hor gelditu zen kontua. Bada, Itzulia bukatu eta gutxira, istripua izan zuen justuki Itzulian aritu zen kirol zuzendariak, eta galdetu zidaten ea Suitzako Itzulia egin nezakeen. Berriro deitu zidaten hortik gutxira, eta aurrez beste bi lasterketa egitea proposatu. Aste bakarra neukan prestatzeko. Dena oso azkar gertatu zen.
Teorian, Suitzako Itzulia bukatu arte ariko zara. Baina baliteke aukera izatea egutegia Espainiako Vueltara arte luzatzeko.
Ordezkatzen ari naizen lankideak gaixoaldian jarraitzen badu, haren egutegiaren ardura hartuko nuke. Hartara, Belgikako astebeteko itzuli bat, Donostiako Klasikoa eta Espainiako Vuelta egingo nituzke. Hilabete honetan jakingo dut. Egutegi polita izango litzateke, eta lasterketak ondo prestatzeko denbora izango nuke. Dena den, oraindik ez dakit aukera hori izango dudan. Egun hauetaz gozatu nahi dut lehenik.
Ziklismoari lotuta urte asko eman ondoren, geldi egon zara tarte batez. Atsedenak on egin dizu?
Bi urte eta erdi pasatu dira Abarca Sportsekin nuen harremana bukatu zenetik, eta denbora honetan familiarekin ahalik eta denbora gehien egoten saiatu naiz. 30 urte inguru eman ditut txirrindularitzan, eta etxekoekin une jakin batzuetan egon nintekeen bakarrik. Ikuspuntua aldatu zait etenaldiaren ostean, eta badira orain egingo ez nituzkeen zenbait gauza.
Zer harreman izan duzu ziklismoarekin geldi egon zaren denbora honetan?
Ia egunero egon naiz txirrindularitzarekin harremanetan. Mundu horren barruan dabilen jendearekin hitz egiten jarraitu dut. Gainera, etxean Igor semea daukat [UAE taldeko txirrindularia]; beraz, ezinezkoa egin zait guztiz deskonektatzea. Zaletasun handia dut oraindik ere, eta ia lasterketa guztiak ikusi ditut, plazer hutsagatik.
«Asko gustatu zait Decathlonek zenbateko inplikazioa duen taldearekin. Lan handia egiten ari dira bizikleten garapenean»
Berriki elkarrizketa batean esan zenuen Decathlon zure aurreko taldea baino «aktualagoa» dela. Zer zentzutan?
Nik esandakoa ez da ondo interpretatu. Ez nintzen ari Decathlon-Ag2r nire aurreko taldearekin alderatzen, nik 2010ean utzi nuen Ag2r-rekin baizik. Horregatik esan nuen orain talde modernoagoa iruditzen zaidala, gaur egungo ziklismoaren ildotik baitoa.
Denboraldi honetan, World Tourreko talderik onenetako bat da Decathlon. Zein da, zure ustez, hobekuntzaren gakoa?
Barrutik oraindik ez dut asko ezagutzen, baina asko gustatu zait Decathlonek zenbateko inplikazioa duen taldearekin. Lan handia egiten ari dira bizikleten garapenean. Adibidez, Dunkerque bukatu eta biharamunean, bizikleta berri bat probatzera joan ziren lau txirrindulari. Bestalde, Suitzan zehazten da etapa bakoitzerako zer gurpil mota behar dugun, adimen artifizialaren bidez.
Zure seme Igor ere aurrera egiten ari da nabarmen. World Tourra eta UAE taldea ez zaizkio handi gelditu.
Oso ongi ikusten dut. Agian ez naiz guztiz objektiboa, aita naizenez gero, baina uste dut pauso egokiak ematen ari dela. Prest zegoen World Tourrera igotzeko, eta bere tokia aurkitu du UAEren egituran. Oso pozik dago, eta badakit taldean ere oso gustura daudela Igorrekin. Asko ikasten ari da, munduko onenekin baitabil.
«Ahal dudanean, Igorri autoz jarraitzen diot entrenamenduetan: nik gozatu egiten dut, eta hura askoz ere seguruago doa»
Zer moduz hartu dute taldean?
Guraso gisa, oso pozik gaude hasieratik Igorrekin izan duten jarrerarekin. Gazte mailan zebilenetik egon dira harremanak, eta iaz egin zioten proposamena, noiz-eta istripu larria izan berritan. Asko eskertzen da. Eta taldera iritsi zenetik, oso atseginak izan dira harekin. Tadejek [Pogacar], adibidez, keinu politak izan ditu.
Kirol zuzendari bat du etxean. Aholku eske etorri ohi zaizu?
Niretzat zaila da hari aholkuak ematea. Egunero hitz egiten dugu, baina ez dut estu hartzen. Ahal dudanean autoz jarraitzen diot entrenamenduetan: nik gozatu egiten dut, eta hura askoz ere seguruago doa. Aholku bat ematen diot nagusiki: entrenatzea eta lehiatzea ez direla gauza bera. Ezin zaitezke intentsitate berean aritu bietan.
Ilusioa piztuko lizuke noizbait harekin batera lan egiteak?
Eduki dezakedan erronkarik zailena izango litzateke. Gauzak oso natural ateratzen zaizkit txirrindulariekin, baina Igor semea dut. Buelta asko emango nizkioke buruari.