Mekara heldu da sokatira

Suitzan jokatuko da aurten Lur Gaineko Sokatirako Munduko Txapelketa. Bihar hasi eta igandera arte izanen da lehia euriak lokaztutako sailean. Hainbat euskal ordezkari arituko dira.

Euskal tiralariak 2021ean Getxon jokatu zen Munduko Txapelketan. LUR GIL.
Lur Gil.
Sursee
2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Lur gaineko sokatiraren etxe kuttunetako bat da Suitza, kirol horren arnasguneetako bat. Kopurua eta kirol maila, biak dituzte gorenean suitzarrek, eta erreferentzia dira herrialde askorentzat. Sokatiraren Meka da Suitza. Bertan jokatuko da bihartik igandera Lur Gaineko Munduko Txapelketa.

Denek egon nahi izan dute bertan. 25 herrialdetako 98 talde ariko dira bihar eta etzi taldeen arteko munduko txapelketan. Asteburuan, berriz, herrialdeen artekoa izanen da, 5.000 ikuslerentzako harmailak dituen belar sailean. Osotara 1.280 kirolarik eman dute izena. Kirol honen urrezko garaien usaina izanen du aurtengoak. Ordezkaritzarik handiena suitzarrek dute, noski. Etxeko 26 talde aterako dira zelaira, eta aukera handiak dituzte pisu handiko mailetan urrea lortzeko. Urrezko 12 domina daude jokoan taldeen arteko txapelketan, eta beste 12 herrialdeen artekoan.

Euskal Herriko ordezkaritza kontuan hartzekoa da, kopuruari zein kirol mailari erreparatuta. Gaztedi (Laukiz, Bizkaia), Goiherri (Erandio, Bizkaia) eta Mutriku (Gipuzkoa) ariko dira kategoria gehienetan. Baina Abadiñoko (Bizkaia) zortzi tiratzaile eta Berriozarko (Nafarroa) hiru ere ariko dira Goiherriko eta Gaztediko taldeekin batera, hurrenez hurren. Bizkaiko zein Euskal Herriko txapelketetan nagusi izan da Gaztedi. Txapela guztiak lortu ditu, eta faboritoen artean dago Surseen. Urtero bezala, pisu txikira eginen dute apusturik handiena gorriek. Emakumezkoetan 500 kiloko kategoria eta gizonezkoetan 560koa dituzte begiz jota. Maila horietan munduko txapeldun izan ziren Getxon (Bizkaia) 2021ean jokatutako Munduko Txapelketan. Iaz, Holtenen (Herbehereak) ez zuten podiumaren gorenera igotzerik izan, eta aurten talde asko izanen dituzte aurkari; hamabost emakumezkoetan eta 26 gizonezkoetan. «Iaz baino hobeto ibili garela uste dugu, baina gorabeherak izan ditugu elkarrekin entrenatu ahal izateko. Emaitzak onak izan dira, baina sentsazioak ez datoz guztiz bat», aitortu du Odei Fernandez Nogales tiratzaileak (Berango, Bizkaia, 1999). Emakumezkoen txapelketa lehen aldiz izan da aurten Euskal Herrian, eta hobeki entrenatuta eta lehiatuta iritsiko dira Suitzara. «Beste urteetako presioa baretu dugu, eta lasaiago etorri gara», dio Fernandezek.

Goiherrik ezin izan dio txapelik kendu Gaztediri, baina maila guztietan lehiatzeko talde gaztea eraman dute Munduko Txapelketara. «Hazia ereitea» izanen da berdeen helburua txapelketa honetan, Jone Zarraga Eguskiza idazkariaren hitzetan (Erandio, Bizkaia, 1969); «Taldea trantsizio garai batean murgilduta dago, 2019an hasitako proiektuarekin. Talde lehiakorra lortzeko urteak beharko ditugu, eta blokea egitea da helburua; taldekideak mantentzea eta egonkortzea».

42 kirolari eta teknikariz osaturiko taldea eraman du Goiherrik, eta maila nagusietan lehiatzeaz gain, 23 urtez azpiko mailetan aritzeko talde indartsuak dituzte: «Esperantza gehien 23 azpiko mailetan dugu, taldeen artekoan zein herrialdeen artekoan».

Mutrikuko taldea ere Surseen dago jada. Pisaketa eguna da gaurkoa bihar lehiatzen hasi aurretik. Gipuzkoatik 14 lagun joan dira, eta aurtengo kirol maila ikusita helburu xumeak eraman dituzte motxilan.

«Goiherri eta Gaztediren mailatik behera gaude, baina sentsazio onak izan ditugu. Trantsizio garaia dugu taldean, eta irakaspen bezala hartu nahi dugu Munduko Txapelketa», azaldu du Beñat Urkizu Sesma tiratzaileak (Mutriku, Gipuzkoa, 1989). Pisu handietan lehiatuko dira urdinak, «Sebastian Gurrutxaga entrenatzaile ohiak esango luke pisu txikira egin beharko litzatekeela apustua, baina taldearen egoera ikusita, pisu handietara joatea nahiago dugu», gaineratu du.

Azkenik, goma gaineko sokatiratik lur gainera animatu diren Abadiñoko (Bizkaia) zortzi lagun ere ariko dira lehian Goiherrirekin batera. Maila nagusian zein 23 urtez azpikoetan ariko dira. Euskal selekzioaren ordezkari ere izanen dira asteburuan.

«Taldea indartsu dago eta batez ere txapelketan lan ona egiteko gogoz. Talde berria gara, askorentzat lehen Munduko Txapelketa izango da, eta ezjakintasunak urduritasun puntu bat eragiten duen arren, gogo handiarekin goaz», aipatu du Ane Abarrategi Arrizabalaga tiratzaileak (Abadiño, Bizkaia, 1999).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.