Espainiako Auzitegi Nazionalak erruduntzat jo du Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia, eta zigortu egin du Jennifer Hermoso futbolariari sexu erasoa egiteagatik. Begien bistakoa zena berretsi du: musua baimenik gabe eman ziola.
Kontua ez zen hor bukatu, baina. Federazioko kideek, gizonek, boteredun gizonek, presioa egin zioten jokalariari, gertatukoari garrantzia kentzeko. Hala salatu zuen Hermosok, eta haren bertsioa berretsi zuten, besteak beste, Irene Paredes, Alexia Putellas eta Laia Codina jokalariek.
Epaileak, ordea, ez du aintzat hartu haien hitza. Absolbitu egin du Rubiales mehatxu delitutik. Eta baita beste hiru akusatuak ere: Jorge Vilda emakumezkoen Espainiako hautatzaile ohia, Albert Luque gizonezkoen futbol zuzendari ohia, eta Ruben Rivera federazioaren marketin arduradun ohia. Epailearen arabera, ez da egon indarkeria ekintzarik, ezta intimidaziorik ere.
Zer da, orduan, behin eta berriro jokalariarengana jotzea esan zezan musua onetsia izan zela, errua leporatzea, jazartzea, une oro gainean izatea? Hermosok adierazi zuen federazioaren errepresalien beldur zela. Hor ez dago indarkeriarik? Zer behar du epaileak, eta sistema judizialak, indarkeria egon dela uste izateko?
Begien bistakoa zena zigortu du, baina, aldi berean, ukatu egin du agerikoa zena, eta ikusezin utzi: mehatxuak izan direla tartean. Eta hartara, balioa eman dio, beste behin, gizonen arteko anaidiari. Pauso bat aurrera, eta bi atzera.