McLaren gora, ala Red Bull behera?

Max Verstappen lider sendoa da oraindik 1 Formulako Munduko Txapelketan, baina Lando Norris gero eta gertuago dauka. Sei lasterketa falta dira denboraldia amaitzeko, eta 52 punturen aldea dago bien artean.

Lando Norris Singapurreko Sari Nagusian, aurreko asteburuan. TOM WHITE / EFE
Lando Norris Singapurreko Sari Nagusian, joan den asteburuan. TOM WHITE / EFE
Laurentzi Garmendia
2024ko irailaren 26a
05:10
Entzun

Ez da giro Red Bullen. Mercedesen aroari amaiera eman zion taldea ikusten ari da berari ere heltzen ari zaiola bukaera. Lasterketak joan, lasterketak etorri, gero eta nabariagoa da Red Bullen gainbehera. Arrazoi posibleak asko dira, eta haiek identifikatu beharko dituzte egoerari buelta eman nahi badiote. Azken lasterketan, Singapurren, Lando Norrisek  29 segundora utzi zuen une batean Max Verstappen, bigarren sailkatua. Tarte izugarri handia da, jakinik denboraldian bertan gertatu dela iraulia.

24 lasterketa ditu denboraldi honek, eta hain justu txapelketaren erdian izan du mugarria. Sasoiko hamabigarren lasterketa izan zen Erresuma Batukoa, eta ezustean Lewis Hamiltonek (Mercedes) irabazi zuen. Max Verstappen izan zen bigarren, eta Lando Norris hirugarren. Orduan Verstappenek 84 punturen aldea ateratzen zion Norrisi, hau da, hiru lasterketa baino gehiago. Lehen hamabi lasterketa horietako hamarretan aldea handitu zion Red Bullekoak McLarenekoari. Edo bestela esanda, Verstappenek Norrisen aurretik amaitu zuen hamabitik hamarretan. Bitan soilik aldatu zen joera hori: Australian—Verstappen erretiratu egin zen—eta Monakon.

(ID_14276820) SINGAPORE FORMULA ONE
Max Verstappen eta Red Bull gain behera doaz azken lasterketetan. TOM WHITE / EFE

Verstappen txapelketako lider izan da hasieratik, eta hortxe dago oraindik. Lehen lasterketetan bere aurkari gertuenekoak Ferrariko bi gidariak izan ziren: Charles Leclerc eta Carlos Sainz. Norris seigarren izan zen denboraldiko lehen lasterketan, Bahrainen; ondoren, Saudi Arabian, zortzigarren sailkatu zen. Bi lasterketaren ondoren, ia berrogei puntuko atzerapena zeraman Verstappen liderrarekiko.  Miamin, Norrisek lehen garaipena lortu zuen 1 Formulako Munduko Txapelketan. Baina asteburu hartan esprint motako lasterketa izan zen, eta, eskura zeuden puntu guztiak kontuan hartuta, Verstappenek gehiago poltsikoratu zituen.

Etxeko lasterketaren ondoren, McLaren eta Lando Norris piztu egin dira. Sei lasterketa izan dira ordurik. Sei horietatik, bostetan aldea jan dio Norrisek Verstappeni. Hala, Singapurren jokatutako lasterketaren ondoren 52 punturena da aldea. Bi lasterketa, itzuli azkarrenaren puntua eta esprint lasterketak kontuan hartuta, gainera, aldea txikiagoa da. Beste sei lasterketa falta dira denboraldia amaitzeko, eta erritmo horrekin ziurra da Verstappenek titulua berrituko duela, laugarren aldiz. Lasai egoteko motibo gutxi ditu, ordea.

Newey, Perez eta FIA: hiru koska

Autoa noraezean dabil azkenaldian. Adrian Newey galdu dute, eta horren eragina nabaritzen ari dira dagoeneko. Izan ere, autoak garapena behar du urtean zehar. Newey lasterketa batzuetan ikus badaiteke ere, dagoeneko ez da taldeko zuzendari teknikoa, ez du funtziorik 1 Formula taldean. Iaz Aston Martinek erakutsi zuen denboraldia sendo hasita ere urte osoan joan behar dela autoa hobetuz, puntan mantendu nahi izanez gero. Hori bera izan ohi zen Red Bullen indargune nagusia, eta bat-batean galdu egin du. Aldeari eusteko gauza ere ez da. Autogileen txapelketan McLaren da buru dagoeneko, bi gidariek maila ona dutelako. Red Bullen garesti ari dira ordaintzen Sergio Perezen ezintasuna, gero eta handiagoa baita McLaren ateratzen ari zaien aldea.

Verstappenek Perezen taldekidearen laguntza behar du, inoiz baino gehiago. Baina mexikarra urrunegi dabil lasterketan ezertan lagungarri izateko. Gauzak horrela, Ferrari dator goranzko joeran. Modu apalagoan, baina Leclercek ere aldea jan dio Verstappeni. Noiztik? Erresuma Batuko lasterketatik, hark ere. Ferrarik ez du zereginik gidarien txapelketan, baina autogileen txapelketan Red Bull gainditu nahi du. Autogileen txapelketa baita diru saria banatzeko oinarria. Leclerc eta Sainzek, baita Oscar Piastrik ere, Norrisi lagundu diezaiokete, haren eta Verstappenen artean sartzen badira.

McLaren eta Ferrari autoa hobetzeko gauza direla ukaezina bada ere, nola uler daiteke orain arte oso nagusi izan den taldeari halako lezioak ematen aritzea? Iaz Red Bullek Singapur ez beste lasterketa guztiak irabazi zituen. Araudia apenas aldatu den denboraldi honetan, eta zaila da joera aldaketa hori ulertzea. Horrek pizten du espekulazioa, eta kasu honetan bada halakorik. FIAk Miamiko Sari Nagusian araudiaren atal bat doitu zuen, eta balaztatze asimetrikoari ateak itxi. Sistema horrek, bihurgune batera gerturatzean, kanpoko pneumatikora indar handiagoa bideratzen du barrukora baino balaztatzeko orduan. Hala, eragingarriagoa den gurpila —kanpokoa— gehiago kargatuko luke, eta blokeatzeko arrisku handiagoa duena —barrukoa— gutxiago. Emaitza: balazta eraginkorragoa izatea eta pneumatikoen bizialdia luzatzea. Sailkatze saioan baino gehiago, batez ere lasterketan ekarriko luke onura horrek. Zurrumurruen arabera, Red Bull ari zen sistema hori erabiltzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.