Golak. 0-1: Oiartzabalek (12. min.). 0-2: Willian Josek (34. min.). 0-3: W. Josek (42. min.). 0-4: W. Josek (54. min.). 0-5: W. Josek (59. min.). 0-6: De la Bellak (89. min.). Epailea. liyar Aghayeh. Txartel horiak: Vardarreko Hambardzumyani. Bestelakoak. 22.000 ikusle inguru Filipo II.a estadioan, tartean Euskal Herritik joandako 250 bat zale.
Hegazkinean ordu batzuk egin behar izan arren, gustura asko itzuli izango da bart Reala Mazedoniatik. Eta ez da gutxiagorako. Aurkariaren maila hutsaren parekoa izanda ere, beti baita nekeza gol alde handiz irabaztea, eta are gehiago Europan. Bada, sei gol sartu eta gustagarri jokatuta irabazi zioten atzo txuri-urdinek Vardarri, Europa ligako ligaxkako hirugarren jardunaldian. Hasi eta buka, nagusi izan zen Eusebio Sacristanen taldea, eta baloia oinetan hartuta monologo huts bilakatu zuen jokoa.
Oiartzabalek lehen gola sartu eta lehia zabaldu ondotik, Willian Jose bilakatu zen protagonista gerora, lau gol sartu baitzituen. De la Bellak biribildu zuen festa. Europan inoiz lortutako gol kopuru handiena lortu zuen Realak, inoiz ez baitzituen lau gol baino gehiago sartu. Gauzak hala, final-hamaseirenetarako sailkapena ezin hobeto bideratuta du, eta multzokako fasea amaitzeko falta dituen hiru partidak lasai antzean jokatzeko eskubidea irabazi du.
Zeniten aurka lezioa ondo ikasi ondoren, hasierako hamaikakoan ez zuen arriskurik hartu Eusebiok oraingoan, eta funtzionatu zion apustu horrek. Vardarren maila eskasa ikusita, ohiko jokalari batzuk aulkian utzita ere ez zitzaion ezer handirik gertatuko. Hori bai, zuhurtzia azaldu eta hasiera-hasieratik zelairatu zen Reala ohiko jokoa egitera. Une oro izan zuen baloia bere esku, Vardarren area etengabe zapaldu zuen, eta etxekoen biguntasuna ikusirik. Bistakoa zen lehenago edo geroago helduko zela aurreneko gola.
Europako debutean opari ezin hobea jaso zuen Oiartzabalek, haren oinetatik heldu baitzen 0-1ekoa. Canalesek kornerra atera, Xabi Prietok buruz orraztu eta bigarren zutoinean agertu zen gaztea kontuak bere tokian jartzeko. Golak ez zuen deus aldatu, bere horretan jarraitu baitzuten txuri-urdinek, eta izan zituzten makina bat aukera bigarren gola sartzeko ere. Antzu aritu ziren minutu luzez. Garesti ordaintzeko zorian izan ziren, gainera. Izan ere, sasoi honetako hutsik nabarmena egin zuten berriro jokaldiren batean. Realak defentsako lerroa aurreratuta zuela baliatuta, Vardarrek aski izan zuen 30 metroko pase luze bat gola sartzekoaukera sortzeko. Rullik geratu zion jaurtiketa buruz burukoan Nikolovi.
Atea, berriro hutsean
Susto horrek ez zuen jokoaren ekimena aldatu, eta bereari eutsi zion Realak. Aurrez aukera batzuk huts egin arren. Willian Josek gau ahaztezina bizi ahal izan zuen. 0-2koan, esaterako, kalitatea azaldu zuen, Canalesekin osatutako jokaldi ederra sareetara bideratu baitzuen. 0-3koa areaz kanpotik egin zuen ezker oinarekin, atsedenaldiaren atarian. Bigarren zatian ere sasoiari eutsi zion. Taldearen laugarren gola buruz sartu zuen, Gorosabelen erdiraketa baliatuta, eta bosgarrenean gol sena erakutsi zuen. Balentria hori lortuta, aldatu egin zuen Eusebiok, Bautista zelairatzeko. Oiartzabali eta Illarramendiri ere atseden eman zien entrenatzaileak, Espainiako ligari begira indarrak gordetzeko.
Ezbairik gabe, ligako etenaldiak mesede egin dio Realari, jokatu dituen bi partidak irabazteaz gain, bietan atea hutsean mantentzea lortu baitu. Hurrengo erronka astelehenean izango du, Anoetan, Espanyolen aurka.
VARDAR 0 REALA 6
Mazedonia irentsi du
Europan inoiz sarturiko gol kopuru handienaz irabazi dio Realak Vardarri, eta ia egina dauka final-hamaseirenetarako bidea. Willian Josek lau gol sartu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu