Paris-Roubaix lasterketa mitikoaren 120. edizioak badu garailea: Mathieu Van der Poel (Alpecin). Herbehereetakoa izan da Compiegne eta Roubaix arteko 256 kilometroak egiten azkarrena. Roubaixko belodromora bakarrik iritsi da Van der Poel, helmugatik 17 kilometrora erasoa jota; Wout Van Aerten (Jumbo) zulatu bat baliatu du horretarako.
Mathieu van der Poel wins the fastest ever edition of Paris-Roubaix! âš¡ï¸Ã‚Â
— Eurosport (@eurosport) April 9, 2023
What a ride! What a race! 🇫🇷 pic.twitter.com/bE1h92Xb9E
Amaieran 45 segunduko tartea atera die Jasper Philipsen taldekideari eta Van Aerti. Taldetxo berean iritsi dira Mads Pedersen (Trek), Stefan Kung (Groupama) eta Filippo Ganna (Ineos). Zazpigarren sailkatua, John Degenkolb (DSM), 2:35era heldu da.
Lasterketa ehun kilometro falta zirela hautsi du Jumbok. Mugimendu horren bidez ihes eginda zihoazenak harrapatu dituzte, eta aurrean helmugara heldu den taldetxoa osatu da. Orduan, Van der Poel behin baino gehiagotan saiatu da Van Aert atzean uzten, baina hark erantzun die eraso guztiei. Azkenean, zorte apur batekin lortu du helburua: zulatu batekin zorte txarra izan du Jumbokoak.
Paris-Roubaixen ohikoa den moduan, eroriko mordoxka izan dira gaur ere, tartean, Peter Saganena (TotalEnergies). Eslovakiakoak klasika hori korritzen zuen azken aldia zen (2018. urtean irabazi egin zuen), errepideko txirrindularitza utziko baitu denboraldi amaieran.
Aurten, behintzat, eguraldia lagun izan dute txirrindulariek, eta lokatza ez da protagonista izan.