Txirrindularitza

Mathieu Van der Poel, munduko txapeldun errepidean ere

Helmugarako 22 kilometro falta zirela utzi ditu atzean aurkariak, eta, erori egin bada ere, ia bi minutuko tartea atera die. Van Aertentzat izan da zilarrezko domina, eta Pogacarrentzat brontzezkoa.

Mathieu Van der Poel Glasgowko helmugara iristen. ROBERT PERRY / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko abuztuaren 6a
18:16
Entzun

Afizioa egiteko modukoa izan da Glasgown jokatu den Errepideko Munduko Txapelketa. Ikusgarria izan da. Denetarik izan du: eraso mordoa, txirrindularirik indartsuenen arteko lehia, erorikoak; eguzkia, euria, ortzadarra. Azken hori zerutik elastikora eraman du Mathieu Van der Poelek, eta soinean eramango du urtebetean. Herbehereetakoa ziklo-kroseko munduko txapeldun izan zen otsailean, eta errepidekoa da orain, lehen aldiz.

Indartsuenetan indartsuena izan da gaur. Harekin batera onenak izan dira Wout Van Aert (Belgika), Tadej Pogacar (Eslovenia) eta Mads Pedersen (Danimarka). Helmugarako 22 kilometro falta zirela Alberto Bettiol (Italia) zen lasterketa buruan, baina Van der Poelek aise harrapatu eta pasatu du italiarra eraso bortitz bat jota. Inork ezin izan dio eutsi, eta ohartzerako minutu erdiren aldea atera die gainontzekoei.

Lasterketa apurtzear zela, ordea, erori egin da. Arriskutsua zen Glasgowko hiriguneko zirkuitua, are gehiago euria egin eta gero. Dena den, indartsuena zen Van der Poel, eta, zutitu bezain pronto, hala izan da, zauri eta guzti. Helmugan ia bi minutuko tartea atera die besteei.

Otsaileko ziklo-kroseko munduko txapelketan bezala, bigarren Van Aert izan da. Askok ezinezkotzat zutena egiten ari dira bi txirrindulari horiek; txirrindularitzaren aro berriko ikur nagusietako bi dira. Ez du esprintaren beharrik izan Van Aertek zilarrezko domina eskuratzeko; hainbat metroko aldearekin zeharkatu du helmuga. Atzetik, brontzezko domina esprintean irabazi du Pogacarrek; azkarragoa izan da Pedersen esprinterra baino.

Izagirre eta Aranburu, lehiakor

Aurrez, lehen kilometroetan, ia zortzi minutuko tartea izan duen ihesaldi bat sortu da, lasterketa gelditu dute ekintzaile batzuen protesta bategatik eta hainbat ziklistak lehia utzi dute, tartean, izen handiek: Sagan, Alaphilippe, Philipsen, Asgreen...

Glasgowko zirkuitura heltzean hasi da benetako lehia. Ihesaldia harrapatutakoan 25 txirrindulari inguruko talde bat geratu da buruan. Han ziren Ion Izagirre eta Alex Aranburu, eta, haiekin batera, tropeleko indartsuenak. Hainbat eraso izan dira: Evenepoelena, Van der Poelena, Pogacarrena... azkenean, sendoena Bettiolena izan da. Van der Poelek utzi dion arte iraun du.

Munduko txapeldun berriak iazko arantza kendu du gaur. Wollongongen (Australia) ezin izan zen lehiatu, lasterketaren aurreko gauean izandako istilu baten ondorioz. Gaur eskuak buruan zituela heldu da helmugara, lortutakoa sinistu ezinda. Aurten Milano-San Remo eta Paris-Roubaix ere irabazi ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.