Udazkena da, baina oraindik ez dira bukatu udako torneo guztiak. Mastersa, adibidez, asteburuan amaituko da. Gaur eta igandean jokatuko dute azken txanpa, Iruñean, Nafarroa Arena frontoian.
Bi hilabete eta erdi pasatxo joan da Mastersa hasi zenetik. Zortzi bikotek ekin zioten lehiari, inoiz baino gehiagok. Lau ariko dira finalerdietan, gaur, 22:15ean hasita (ETB1). Lehen partidan, Jon Ander Peñak eta Jose Javier Zabaletak Peio Etxeberriaren eta Jon Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute. Jarraian, bigarren neurketan, Jokin Altuna eta Martxel Iztueta ariko dira Javier Zabalaren eta Ander Imazen kontra.
Irabazten dutenak finalerako sailkatuko dira. Ia ez dute atsedenik izango, igandean jokatuko baitute berriro, toki berean, 17:00etan (ETB1).
Ligaxkan, Peio Etxeberria eta Mariezkurrena II.a izan ziren lehenak, zazpi partidetatik sei irabazita; Altuna III.a eta Iztueta, berriz, bigarren izan ziren, bost garaipenekin; Peña II.a eta Zabaleta, bosgarren, hirurekin eta, eta Zabala eta Imaz, seigarren, kopuru berberarekin. Azkeneko bi bikote horiek kanporaketa jokatu behar izan zuten: Peña II.ak eta Zabaletak 22-17 irabazi zieten Erik Jakari eta Julen Martijari, eta Zabalak eta Imazek 22-11 Unai Lasori eta Aitor Arangureni.
Ligaxkan, Altuna III.a eta Iztueta 22-11 nagusitu zitzaizkien Zabalari eta Imazi. Beste bi bikoteek, aldiz, ez zuten elkarren aurka jokatu. Zabaleta min hartuta zegoen, eta Iñigo Bikuña aritu zen haren ordez.
Frontoiak itxura ederra izango du. 1.500 sarrera inguru saldu dira finalerdirako —3.000 ikusle sartzen dira—, eta ia denak finalerako.