Profesional mailan urte eta erdi pasatxo besterik ez darama Martxel Iztuetak (Tolosa, Gipuzkoa, 2004), eta dagoeneko pilotaririk onenen artean tokia egiten ari da. Baikorekin kontratua 2027ra arte luzatu berritan, lehen mailan estreinako txapelketa jokatuko du: Binakako Mastersa. Bihar ekingo dio lehiari, baina aste honetan bestelako lanik izan du, azterketa garaian murgilduta egon baita. Zuzenbidea ikasten ari da.
Zer moduz joan dira azterketak?
Txukun samar. Ezohiko astea izaten ari da, tentsioz betetakoa. Nire kirol ibilbideko partidarik garrantzitsuenetakoa jokatu behar dut bihar, eta burua liburu artean izatea ongi etorri zait. Ikasketek mesede egiten didate pilotatik apur bat deskonektatzeko.
Bateragarri egiten al zaizkizu pilota eta ikasketak?
Oraingoz bai. Iaz Donostiako fakultatean hasi nituen ikasketak, eta egunero joan-etorrian ibiltzea nekeza egiten zitzaidan. Denbora asko galtzen nuen, eta entrenamenduekin zorrotz egotea kosta egiten zitzaidan. Horregatik, aurten online bidez hasi naiz ikasten, eta askoz hobeto moldatzen naiz. Gustura nago.
Espero al zenuen Binakako Mastersa jokatzeko hautatuko zintuztenik?
Ez, eta opari bat izan da. Tira, Bigarren Mailako txapela jantzi ondoren, espero nuen konbinazio politak eskainiko zizkidala enpresak, baina halakorik ez. Kirolariok beti begiratzen dugu epe laburrera, eta nik hobetzen joatea besterik ez dut izan buruan urte eta erdi honetan. Sanfermin torneoan jokatu ditut lehia politak, baina Mastersa jokatzea hitz handiak dira. Ilusioz nago, ea ongi erantzuten dudan.
Nola jakin zenuen albistea?
Aurkezpen eguna baino bizpahiru egun lehenago baten batek zerbait komentatu zidan, baina ez nuen sinesten. Gero, enpresako Whatsapp taldearen bidez jakin nuen ofizialki ni hautatu nindutela. Gainera, pentsatzen nuen Jokin Altunarekin bikotea osatuko nuela, eta horrek ilusio bikoitza sortzen du. Azkenaldian momentu onean nago, eta ea bide berari eusten diodan.
«Fisikoki lehen baino sendoagoa naiz. 79 kilorekin egin nuen debuta, eta jada sei bat kilo gehiago hartu ditut»
Gorakada nabarmena egin duzu azken hilabeteetan. Zein da arrazoi nagusia?
Batetik, eskuek oso ongi erantzun didate. Inoiz ez dut arazo larririk izan, baina hiru partida baino gehiago jarraian jokatzean mina jartzen zitzaidan eskuetan. Orain ez dut halako arazorik, eta jarraitutasuna izateak konfiantza ekarri dit. Eta, bestetik, fisikoki lehen baino sendoagoa naiz. 79 kilorekin egin nuen debuta, eta jada sei bat kilo gehiago hartu ditut. Ikusten dut gainerako atzelariek beste gorpuzkera bat dutela, eta ikusi beharko da nire gorputzak nola erantzuten duen.
Errespetua ematen al dizu lehen mailan lehiatzeak?
Ez dut ez errespeturik ez presiorik sentitzen. Kantxan gozatzea da nire asmoa, eta ikasten joatea. Erraz esaten da, eta bizpahiru partida jarraian galduz gero buruari bueltaka hasteko arriskua dago, ea maila honetarako balio ote dudan edo ez pentsatzeko. Baina oraingoz lasai nago, eta prest. Fisikoari dagokionez, egia da beste abiadura batean mugitu beharko dudala, eta, eskuei dagokionez, pentsatzen dut lehen mailan aritzea mesedegarria dela. Bigarren mailako partidak luzeagoak izan ohi dira, eskuentzat okerragoak.
Hitz egin al duzu Altuna III.arekin?
Aurkezpen egunean egon ginen, eta mezuren bat ere bidali dit gerora. Oso jatorra da, gertukoa, eta badakit ahal duen gehiena lagunduko didala. Sasoi bikainean dago orain, eta niretzat plazera izango da berarekin jokatzea. Beti telebistaz ikusi izan dut, izar moduan eduki dugu etxean, eta ilusioa egiten dit haren bikotekidea izateak.
Lehen mailan egonkortzeko baliatu nahi al duzu txapelketa?
Horixe da helburua, eta ea ez naizen besteak baino askoz beherago ikusten. Asko eskatzen diot neure buruari, konformatzeko pertsona zaila naiz, baina badakit gaztea naizela eta denbora alde dudala. Asteburuero mailarik onenean lehiatu beharrak ikasteko balioko dit.