Emakume Master Cup

Masterra egin nahi dute

Arrizabalaga-Erasun eta Etxegarai-Gaminde bikoteek etzi jokatuko dute Emakume Master Cupeko finala, Arrasaten. Esperientzia gutxiago izanagatik, Erasun eta Etxegarai finala jokatzeko ilusioz eta prest daude.

(ID_13699642) (Raul Bogajo/@FOKU) 2024-03-13, Arrasate. Pilota
Aurkezpena, atzo, Arrasaten. RAUL BOGAJO / FOKU
jon eskudero
2024ko martxoaren 15a
05:05
Entzun

Nahasketa polit askoa izango du etzi eguerdian Arrasateko Uarkape pilotalekuan (Gipuzkoa) jokatuko duten Emakume Master Cup Binakako Txapelketaren final nagusiak (12:00, ETB1). Distira egiten ohituak dauden bi pilotari ariko dira aurrez aurre: Olatz Arrizabalaga aurrelari gernikarra eta Enara Gaminde atzelari laukiztarra. Hain zuzen, onenekin tokia egin nahi duten bikotekide bana izango dute. Arrizabalagak Itxaso Erasun (Zizurkil, Gipuzkoa, 1999) izango du lagun, eta Gamindek, Maddalen Etxegarai (Oñati, Gipuzkoa, 2005). Besteak beste, Erasunek eta Etxegaraik estreinako finala izango dute maila nagusian, eta ilusioz gainezka daude. Hori bai, finalaren bezperatan oraindik ere lasai daude, urduritasun gehiegirik gabe. «Lasaitasuna ematen digute gure bikotekideek», aitortu dute. Izan ere, finala irabaziz gero, Arrizabalagak bosgarren txapela luke, eta Gamindek, bigarrena. Bi bikoteek ez dute partidarik galdu txapelketa osoan, eta lanak biribildu nahi dituzte podiumaren koska gorenera igota.

Erasun eta Etxegarai, biak dira pilotari gazteak eta gorengo mailara iritsi berriak. Biek etxetik jaso dute pilotarako afizioa, anaia nagusiaren bidez, gehienbat. «Anaia pilotan ibiltzen zen Oñatiko Aloña Mendi pilota eskolan, eta, hari jarraika, txikitatik ibili izan naiz beti. Familian ere asko maite dute pilota, eta orain oso pozik daude ni egiten ari naizen bidearekin», dio Etxegaraik. Antzerakoa da Erasunen kasua ere, Jon Erasun anaia Baiko enpresan aritua baita orain gutxira arte. «Familian ez ezik, Zizurkil herrian ere pilota besterik ez dugu ikusi, eta badirudi destinoa idatzita geneukala», esan du Erasunek. Hori bai, ez darama denbora gehiegi esku pilotan. «Palaz aritzen nintzen duela hiru bat urtera arte, baina, emakumeen esku pilota nolako gorakada izaten ari zen ikusita, eskura jo nuen nik ere, eta ez naiz damutzen».

Biek ala biek nekez pentsatuko zuten Master Cupeko finalera iritsiko zirenik. Txapelketa aurkeztu zuten egunean ikusi zuten bikotekide ona izango zutela, baina espero baino maila hobea eman dute eurek ere. Etxegarai: «Niretzat oso pozgarria da final horretan hemezortzi urterekin soilik egotea. Txapelketa hau zirkuituko garrantzitsuena da, eta, orain arte final bat edo beste jokatua badudan arren, etziko partida izango dut orain arteko inportanteena». Erasunen ustez, urteko osoko lanaren fruitua da finalera sailkatu izana. «Beste final batzuk ere jokatu izan ditut, Gipuzkoa edo Euskal Herri mailakoak, baina honek badu beste puntu berezi bat. Telebista tartean izango da, harmailak beteta egongo dira, eta horrek guztiak ikusgarritasun berezia sortzen du». Arrasate Oñatitik hain gertu egoteak beste puntu berezi bat emango dio Etxegarairi. «Jende mordoa etorriko da Oñatitik, eta espero dut gai izatea emozioei eusteko».

Antolatzaileen esanetan, aurtengo ekitaldia izan da orain arteko zazpietatik mailarik onena izan duena, eta bikote kopurua ere sekula baino handiagoa izan da. Finala galdu edo irabazi, horixe da albisterik onena, Erasunen esanetan. «Eskuz jokatzen daramadan hiru urte hauetan ikusi dut emakumeen esku pilotak gorakada izugarria izan duela kalitateari dagokionez, eta gero eta maila hobea dagoela. Master Cupeko finalak ikusgaitasun handia sortuko du, eta bultzada hori baliatu behar dugu neska gazteei grina pizteko». Iritzi berekoa da Etxegarai. «Lehen pilota gozoarekin soilik jokatzen genuen, eta orain jada pilota gogorrekin aritzen gara. Horrek beste abiadura eta ikusgarritasun bat ematen dio jokoari, eta garrantzitsua da ondo prestatuta egotea».

Estilo arteko talka

Bi bikoteak partidarik galdu gabe iritsiko dira finalera, eta, pronostikoen arabera, estilo arteko talka ikusi ahal izango da kantxan. Etxegarairen eta Gaminderen arma nagusia izango da pilota bizitasunez atzeratzea, eta Arrizabalaga eta Erasun ahaleginduko dira sendotasunez jokatu eta jokoa aurreko koadroetan nahasten. Erasun prest dago lanerako. «Badakit euren estrategia izango dela nire bila joatea, baina orain arteko partidetan oso pilota gutxi galdu dut, eta berriz ere prest nago lanerako. Eskuetatik ongi nago, eta ez daukat beldurrik». Zizurkildarraren esanetan, Arrizabalaga aurrean izateak asko laguntzen du. «Plazera da harekin jokatzea. Egia da tentsio apur bat gehiago izan dezakedala, aurrelari onena lagun izateak presioa berarekin dakarrelako, baina harekin bikotea osatzea luxu bat da. Oldarkorra da aurrean, ausarta, eta ea jokoa gure aldera eramaten dugun». Bosgarren txapela lortzen badu, Arrizabalagak marka ederra egingo du. Besteak beste, Antton Maiz, Julian Retegi edo Juan Martinez de Irujoren zenbakietara helduko da, haiek ere bost txapel baitituzte binaka.

Marka hori eragotzi nahian, estrategia garbi dutela kantxaratuko dira Etxegarai eta Gaminde, oñatiarrak aitortu bezala. «Burutsu jokatu dugulako iritsi gara finalera, eta bide berean jarraitu behar dugu, erotu gabe. Gaminde egungo atzelaririk onena da, eskuin kolpe freskoa eta bizia dauka, eta nire lana izango da aurrean ez sartzea Arrizabalagaren jokoan». Etxegaraik uste du partida hasierak berebiziko garrantzia izango duela. «Finalerdietan 8-0 hasi ginen galtzen, eta izugarri kostatu zitzaigun gero buelta ematea. Finalean kontzentratuta hasi behar dugu». Hain zuzen, finalerdietan Etxegaraik eta Gamindek 22-16 menderatu zituzten Aldai eta Bergara. Arrizabalak eta Erasunek 22-14 irabazi zieten Beitiari eta Mendizabali. Bikote galtzaileek hirugarren eta laugarren posturako lehia jokatuko dute etzi, jaialdiko lehen partidan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.