Lasaituta» iritsi da Juan Peralta Londrestik. Rio de Janeiro eta Rio de Janeiro; azken hilabeteotan besterik ez zeukan buruan. «Eta lortu dut helburua». Merezitako bi asteko atsedenaldia hartuko du orain. «Erlaxatzeko; barrua askatzeko. Eta gero hasiko gara Riokoa prestatzen». Errepideko txirrindularitzan sona handiko proba asko egoten dira denboraldi guztian. «Baina gure diziplinan berebiziko garrantzia daukate Olinpiar Jokoek». Horregatik dago «pozez zoratzen» Munduko Txapelketa amaitu berritan.
Nafarrak gogoan dauka orain lau urteko «Londresko esperientzia zoragarria», debutekoa, eta gogotsu dago Rion koska bat gora egiteko. «10,064 segundoko marka egin dut Munduko Txapelketan». Batez beste, orduko 71,542 kilometroko abiaduran ibili zen Londresko pista azkar eta ikusgarrian. «Ez da denbora txarra». Gainerakoen denborei begira egon beharrik gabe, 200 metroko proban lehen 24en artean sartzea zen Zarrakazteluko txirrindulariaren erronka, eta 27. amaitu zuen. «Baina kontrolpean neuzkan bi aurkari zuzenak»: Adam Ptacnik txekiarra eta Eoin Mullen irlandarra. Atzetik utzi zituen biak.
Behin sailkapena lortuta, eta etxeratuta, bost hilabeteotan Riora bidean Londresko markari ehuneneko bat jaistea da helburua. «9.etik 18.era artekoek 9,9 segundoko markarekin amaitu zutelako abiadura proba, eta lor dezakedala uste dudalako».12. postura gerturatu nahiko luke jokoetako sailkapen fasean. «Ondoren, kanporaketetan, aukeraren bat izateko». Munduko Txapelketan «maila harrigarria» izan dela argitu du Zarrakaztelukoak. «Baina normala da. Jokoetarako puntuak pilatuz ibili behar izan dugu askok azken hilabeteotan, eta ezin izan dugu egin prestaketa zehatzik. Baina postua ziurtatuta zeukaten askorentzat helburu argia zen Munduko Txapelketa».
25 urte besterik ez dauzka oraindik Peraltak, eta bigarren jokoei aurre egingo die abuztuan. «Polita da lortzen ari naizena. Garrantzitsua da Olinpiar Jokoetan egotea, eta, zer esanik ez, bi aldiz jarraian sailkatzea». Badaki «eguneroko lanak» emango diola ondoren gozatu ahal izateko sasoia. «Eta, atsedenaren ondoren, Colorado Springsera [AEB] joango naiz ziurrenik, altueran entrenamenduak egiteko». Iaz, hainbat prestaketa saio egin zituen han. «Eta oso gustura itzuli nintzen abuztuan. Riorako prestaketarik egokiena han egingo dudala uste dut, prestatzailearekin batera».
Brasilen egon gabea da inoiz, eta hango belodromoa ere ez daki nolakoa izango den. «Ez dakit amaituta dagoen ere, lehiaketa bakar bat ere ez dugulako egin bertan». Baina ez dauka egonezin handirik. «Gaur egun oso antzekoak direlako belodromo guztiak: 250 metrokoak, egurrezkoak... Pendizak gorabeheraren bat izaten du, baina belodromo ona izango da, ziur». Tenperatura eta hezetasuna ere ondo zaindu beharko dituzte txirrindulariek, Riok zerikusi gutxi izango duelako Londresekin. «Baina Mallorcako prestaketa egokia izango da behar bezala egokitzeko».
Bakarkako abiaduran ez bezala, nafarrak taldekakoan ezin izan zuen lortu postu onegirik. Hamalau hiruko izan ziren lehian, eta hamahirugarren amaitu zuen Espainiak. Sergio Aliaga eta Jose Moreno izan zituen taldekide Peraltak. «Lortu izan dugu bederatzigarren posturen bat edo beste, baina bagenekien oso-oso zaila zela erronka. Maila harrigarria daukate selekzio askok, eta ezinezkoa zen Riorako sailkapena lortzea». Etorkizunerako «hobetzeko tarte handia» daukatela uste du. «Eta aurrerago ibil gaitezke. Ea hurrengo olinpiar zikloan posible den».
Olaberriarekin «penatuta»
Taldekako abiadurak baino gehiago penatu zuen, hala ere, Leire Olaberria jokoetatik kanpo gelditu izanak. «Berehala bidali nion mezua», aitortu du. «Aitzakiarik ez dagoela esan du, eta hala izango da. Baina zorte txar pixka bat eduki duela uste dut, gaixorik egon zelako duela urtebete, puntu pilaketa hasi zenean». Peraltaren hitzetan, Olaberria «eredu» izan da beti pistan. «Profesionaltasun eredu, lanaren eredu...». Mutur banatan gelditu dira bi txirrindulariak.
Espero bezala, Irene Usabiagak ere ez zuen lortu ezustea eman eta Riora begira jartzerik, puntuazio proban, eta ezta Illart Zuazubiskarrek ere, taldekako jazarpenean. Bai, ordea, Tania Calvok. Munduko Txapelketa dotorea eginda, lehen aldiz Olinpiar Jokoetan izango da gasteiztarra, taldekako abiadura proban, Helena Casas kataluniarrarekin batera.
Juan Peralta
Martxoan, oporretara
Munduko Txapelketan final-hamaseirenetatik kanpo gelditu arren, Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortu du Zarrakazteluko txirrindulariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu