Euskal Herriko itzulia

Martinezentzat Itzulia, Izagirrerentzat etapa

Etapa ikusgarria izan da, eta faboritoak, Pello Bilbao izan ezik, batera iritsi dira amaierara. Izagirre izan da indartsuena, baina eroriko baten ondorioz, iIzulia irabazteko aukerak ihes egin dio. Baina bigarren amaitu du sailkapen nagusian.

ainara arratibel gascon
2022ko apirilaren 9a
18:03
Entzun

Krabelinek piztu du sua, eta Arratek ezarri du legea. Daniel Felipe Martinezentzat (Ineos) izan da aurtengo Euskal Herriko Itzulia, etapa ikusgarri baten ostean. Arraten indartsuena Ion Izagirre (Cofidis) izan da. Baina hiru kilometroren falta erorikoa izan du, Jonas Vingegaarden (Jumbo Visma) atzeko gurpila jota, eta atzean geratu da. Lortu du aurrera iristea berriro, baina hor joan zaizkio Itzulia irabazteko aukerak. Gutxienez harentzat izan da azken etapa. Sailkapenean bigarren amaitu du, Martinezengandik 11 segundora, eta hirugarren izan da Aleksandr Vlasov (Bora) 16 segundora. Pello Bilbao (Bahrain) bosgarren izan da 32 segundora.

Aditu gehienek zioten Krabelinen hasiko zirela faboritoak mokoka. Baina ordu arte ibilbide gorabeheratsu bati egin behar izan diote aurre txirrindulariek, hanketan min egiten egiten duen horietakoa. Elorrieta, Azurki, Endoia eta Gorla igo eta jaitsi behar zituzten. Sailkapen nagusiari begira Ineosek ondo izan du lotuta lasterketa. Hainbatetan ikusi dira taldeko zazpi txirrindulariak tropela luze jartzen. Mendate bakoitzean txirrindulari batek hartzen zuen ardura: Geraint Thomasek Endoian, Azurkin Omar Frailek... Ihesean aritu dira hainbat txirrindulari, tartean Xabier Mikel Azparren (Euskaltel Euskadi) eta Igor Arrieta (Kern Pharma). Baina azkenerako Davide Formolo (UAE), Nelson Oliveira (Movistar) eta Tony Gallopin (AG2R) izan dira bidea egin dutenak. Hiru minutu pasatxoko aldea izan dute.

Sua piztu duena, ordea, Primoz Roglic (Jumbo) izan da, 42 kilometro falta zirenean, Krabelin gora. Urrutitik egin nahi izan du eraso, atzo Mallabira bidean atzean geratu, eta Itzulia irabazteko aukera ia guztiak galdu ostean. Beste bi txirrindularik jarraitu dute Martinezek eta Vlasovek. Eta handik gutxira iritsi dira haren multzora beste faborito guztiak, Bilbao (Bahrain) eta Remco Evenepoel (Quick Step) izan ezik. Denak batera zeudela, beste bik egin dute ahalegina: Enric Masek (Movistar) eta Vingegaardek. Aurretik, etaparen buruan Davide Formolo zihoan. Krabelingo gainean 10 segundoko atzerapena zuen Evenepoelek. Bilbaok jaitsiera aparta egin du, arriskatuz, eta faboritoen multzora batu da. Evenepoelen atzerapena, ordea, handituz zihoan 22 segundora. Zalantzati ibili da hor aurrera egin edo ez. Mas erori egin da bihurgune batean, eta agur esan die itzulia eta etapa irabazteko aukerei.

Martinez atzean geratu da, eta Vlaslov, Bilbao, Vingegaard eta Izagirre ziren aurretik. Ezin panorama hobea. Une horretan Bilbao zen Itzuliko irabazlea. Atzetik Evenepoelek eta Martinezek batera egin behar zuten lan, Itzulia irabazteko aukerei agur ez esateko. Bilbaok erritmo bizia ezarri du. Gogor zihoan etapa, eta jada faboritoak ziren aurretik. Evenepoelek eta Martinezek esku hartuta egin dute tira Urkaregin gora, eta aldea murrizten joan dira. 18-19 segundora. Urkaregi jaisten, Bilbao aurrean jarri da. Baina haien errenta jaisten joan da, 11 segundora. Elgoibar igarotzen sartu dira Bilbaoren eta Izagirreren taldean Martinez eta Evenepoel. Etapa berri bat hasten zen hor, 15 kilometrokoa, eta Arrate izango zen onenaren legea ezarriko zuena. Izagirrek soka tenkatu du, eta Evenepoel apur bat atzera geratu da. Baina borrokalari aritu da, eta taldekiderik gabe defendatu behar izan du elastiko horia. Hortzak ondo estutu, eta ez zegoen amore emateko prest.

Arraterako lehen aldapetan txirrindulari guztiak antzeko zeuden. Dena zegoen erabakitzeke. Guztiak elkar zaintzen aritu dira igoeraren lehen zati horretan. Freskoen eta indartsuen Izagirre ikusten zen, pare bat estutu jo baititu. Hor geratu da atzean Evenepoel. Saiatzen hurrengoa Vingegaard izan da, eta eusteko lanak izaten hasi da Bilbao. Orduan iritsi da Izagirreren erorikoa. Atzean geratu arren, lortu du berriro ere taldera batzea.. Martinezek eskura zuen Itzulia, eta amorruz Izagirrek irabazi du etapa, inguruak ondo ezagutzen zituela baliatuz, eta azken metroetan bizkorrena izanda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.