laburrak, esanak, datuak

Marquez: "Bai, Argentina da, eta zer?"

2010eko ekainaren 25a
08:03
Entzun
LABURRAK

- Frantziako sindikatuen kexa Sarkozyk selekzioa hartu duelako eta ez eurak. Frantziako sindikatuek kexa agertu dute, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak futbol selekzioko kideak hartu zituelako atzo eta ez, krisi eta murrizketa sozialen garaian, sindikatuak. Horiek atzorako greba orokorra deitu zuten erretreta erreformaren aurka egiteko. CFDT sindikatuak dio bi milioi lagun izan zirela manifestazioetan eta Sarkozyk haizea hartzera bezala bidali dituela haiek futbolariak hartuta.

- Zaplazteko bat kazetari bati. Aljeriako jokalariari ez zion batere graziarik egin kazetari batek bere jokoari egindako kritikak, eta herenegun, AEBen aurkako partidaren amaieran, zaplazteko bat eman zion kazetari horri.

- AEBetako telebista kateak gustura ikusleen jarraipenarekin. AEBetako selekzioa final-zortzirenetara sailkatu da eta hango telebista kateak gustura daude. AEBetan Munduko Kopako partidak gazteleraz emateko eskubidea Univision kateak du eta, honen arabera, atzoko AEB-Aljeriak ikusle kuota handia izan zuen biztanleria hispano garrantzitsua duten hirietan: New York, Los Angeles, Chicago, San Frantzisko, Houston, Miami edo Orlandon. Seattle, Portland, Denver, Filadelfia eta Bostonen ere jende askok ikusi zuen neurketa.

ESANAK

- Rafael Marquez (Mexikoko jokalaria). "Bai, gure aurkaria Argentina da, eta zer?".

- Paul le Guen (Kamerungo hautatzailea). "Porrota izan da kanpoan geratzea. Kargua utziko dut".

- Oscar Tabarez (Uruguaiko hautatzailea). "Munduko Kopa ez da noblezia tituludunen arteko lehia bat. Errendimenduak balio du hemen, eta, horren arabera, AEBak hobeto ari dira Ingalaterra baino".

- Gerardo Martino (Paraguaiko hautatzailea). "Final-zortzirenak gainditzea lorpen historikoa litzateke guretzat. Beraz, orain arte egindakoarekin ez gara konformatzen".

- Ricky Herbert (Zeelanda Berriako hautatzailea). "Ez dugu partidarik galdu [hirurak berdindu dituzte], eta ohore handiz goaz".

- Alvaro Arbeloa (Espainiako jokalaria). "Mundialera irabaztera etortzen zara, ez joko politari buruzko klaseak ematera".

DATUAK

- 80 epaiketa. Hegoafrikako Munduko Koparako propio sortu diren auzitegietan 80 kasu epaitu direla jakinarazi dute antolatzaileek. Horietatik %40 lapurretak izan dira, %6 iruzurrak eta %3 erasoak. Johannesburgoko eskualdean egin da deligu gehien, eta 80 akusatuetatik 67 hegoafrikarrak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.