Txirrindularitza. Italiako Giroa

Marmoladak txikitu zuen arte

Hogei urte bete dira Marino Lejarreta 1991ko Giroa hankaz gora jartzeko zorian egon zenetik. Franco Chiocciolirekin eta Marmoladarekin topo egin zuen, ordea. Bosgarren amaitu zuen azkenean itzuli handi hura.

Lejarreta, 1991ko Giroko bosgarren etapan, Chioccioli ondoan duela. BERRIA.
unai zubeldia
Donostia
2011ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Italia aldean asko gustatzen zaizkie txirrindulari erasokorrak, eta horixe neukan nik, mendateetan gora erasoa jotzeko gaitasuna. Harreman polita sortu zen Italiako zaleen eta neure artean, eta, euskalduna izan arren, erreferentzia nintzen italiarrentzat ere». Italiako Giroa aipatu eta goxotasun berezia nabari zaie Marino Lejarretaren hitzei (Berriz, Bizkaia, 1957). 1979tik 1992ra erakustaldi handiak eman zituen profesionaletan, eta berehala sortu zitzaion lotura berezia Italiako Giroarekin. Klasea zeukan Lejarretak; klasea, eta muturreko ahaleginean irauteko gaitasuna. Horregatik erakartzen zuten hainbeste hiru asteko itzuli handiek. Gorputzaren mugak ezagutze aldera, debuteko urtean bertan joan zen Espainiako Vueltara. Majo sufrituta, 30. postuan amaitzeko gai izan zen.

Baina Italia aldean zegoen bere txokoa. Novostil-Helios eta Teka taldeetan zailduta, Alfa Lum Italiako taldearen eskaintza onartzea erabaki zuen 1983an. Giroan debuta egitea esan nahi zuen urrats hark, igotzaileen paradisura jauzi egitea. Eta jauzi egin bazuen, egin zuen. Seigarren amaitu zuen lehen Giro hura; laugarren hurrengo urtekoa eta 1987koa; bosgarren 1985ekoa... Azken pausoa ematea falta zitzaion Berrizko txirrindulari fin hari. Espainiako Vueltan podiumeko hirugarren koskara igota, mundua jan beharrean joan zen 1991ko Italiako Girora, Seat-Orbea eta Caja Rural-Paternina taldeak igarota, ordurako ONCEn zegoela. «Garaipenaren borrokan sartzeko edo aurrean ibiltzeko helburu argiarekin ekin nion Giroari. Ez zen itzuli handietako lehenengo esperientzia». Hiru asteko 22 itzuli zeuzkan amaituta ordurako, eta beste bitan erretiratu egin behar izan zuen: 1984ko eta 1988ko Espainiako Vueltan. «Esperientzia horrekin, banekien lan ona egiteko gai nintzela».

Giroa lehiatzera joan, eta, Vueltak eman zion erritmo biziari esker, bigarren etapako bigarren sektorea irabazteko zorian egon zen. «7,7 kilometroko erlojupekoa geneukan Sassarin, Sardinian, eta bigarren izan nintzen, Gianluca Pierobon italiarraren atzetik». Franco Chioccioli italiarraren erorketa izan zen egun hartako bitxikeria. «Etapa amaitu ondoren esan zidaten irteerako aldapatxoan erori egin zela, baina, tira, gerora ez zuen eduki eragin handirik». Ez zuen eragin handirik eduki, Chiocciolik erakustaldia eman zuelako hiru asteko gogortasunean. «Oso-oso indartsu zegoen, eta ezin izan genuen ezer egin».

Bosgarren etaparako ikusi ahal izan zen hori. Sorrento eta Scanno artean, 248 kilometro zeuzkan etapak —Giroko luzeena zen—. «Gogorra zen etapa, eta Chiocciolik berak jo zuen erasoa». Lejarreta bakarrik izan zen gai eraso hari eusteko. «Bientzat zen ona elkarlana, berak lider jartzeko aukera zeukalako, eta nik, etapa irabazteaz gain, sailkapenean aurrera egitekoa». Ez zuten asko hitz egin beharrik izan. Arrakasta gosez zeuden biak, eta sariak banatzea erabaki zuten. Gozoa izan zen garaipen hura, eta gozoa Chioccioliren joari eusteko gai zen bakarra bera zela ikustea. Sailkapen nagusian bigarren posturaino igo, eta podiumeko koskarik altuenarekin ametsetan igo zituen Berrizkoak 1991ko Giroko lehen mendate gogorrak. Ordura arte euskal txirrindularirik igo gabe zegoen Milango koskarik altuenera —Miguel Indurainek soilik irabazi du Giroa, 1992an eta 1993an—.

Hori bai, ibilbidea gogortu ahala ikusi zuen Lejarretak Chioccioliri eutsiko zionik ez zegoela. «Mendiko lehen etapa garrantzitsuan, Mortirolon, erasoa jo zuen, eta berekin bat egitea lortu nuen arren, gu baino indartsuago zegoela erakutsi zuen». Jotzen zuen eraso bakoitzeko indarrak husten ari zela nabaritzen zuen bizkaitarrak. «Giroa indartsu hasi banuen ere, Vuelta lehiatuta iritsi nintzen, eta ikusten nuen beheraka nindoala». Beheraka-beheraka, Pordoin amaitu zen etapan lehertu zen ONCEko taldeburua. «Egun hartan nahiko lan eduki nuen helmugara iristen!». Hantxe galdu zituen Giroa irabazteko zeuzkan aukera apurrak, baina Berrizkoak euskal zaleak —eta italiarrak— telebistari pega-pega eginda eduki zituen orain hogei urte.

Chioccioliri jarraitu ezinik

Aprican eta Selva di Val Gardenan amaitu ziren mendiko etapak Pordoikoaren prestaketa gisa erabili zituen Chiocciolik. Hiru etapa gogor-gogor ziren jarraian. «Eta egurrean ibili zen liderra». Hiruretako lehenengoan, Giroko 15. etapan, Mortirolon gora aurrera egin zuen Chiocciolik. «Taldekideen lanari esker lortu genuen berekin bat egitea. Baina izugarrizko lana egin behar izan genuen».

Kolpea jasotzea baino ematea hobea zela iritzita, erasoa jo eta jo ibili zen Lejarreta Selva di Val Gardenan amaitu zen etapan. «Baina liderrak ez zuen huts egin». Etapa hori amaituta jabetu zen ezinezkoa zela Giro hura irabaztea. «Banekien ezingo nuela irabazi. Hankak oso nekatuta neuzkan, huts egiten hasita zeuden, eta ia-ia ezinezkoa zen. Baina saiatu beharra zegoen». Horixe baitzen Lejarretak txirrindularitza ulertzeko zeukan modua: saiatu, saiatu eta saiatu.

Apricako eta Selva di Val Gardenako infernua igarota, hirusta gogorreko azken punta falta zitzaion Giroari, Pordoiko etapa beldurgarria. «Ordurako neka-neka eginda nengoen. Aurreko etapan oso justu iritsi nintzen helmugara, eta ez nintzen gai izan indarrak berreskuratzeko». Lejarretak gogoan dauka ekainaren 12an jaiki, eta hanka-zuztarretako min izugarria zeukala. «Oso gogorra zen, gainera, etapa hura». Hori bai, etapari ekin eta goialde horretan baten bat bazela sinesten hasi zen berriztarra. «Lur-jausi bat tarteko, San Pellegrino mendatea ezingo genuela igo jakinarazi zuten antolatzaileek». Izugarri poztu zen bizkaitarra. «Baina Marmolada jarri zuten San Pellegrinoren ordez, eta erremedioa are okerragoa izan zen». Oso mendate gogorra da Marmolada. «Eta hantxe geratu nintzen jota».

Iraun zuen bitartean polita izan zen bizkaitarraren abentura. Podiuma bera ere galdu zuen Marmoladan eta Pordoin gora, baina, azken erlojupekoari esker, Lejarretak bosgarren postuan amaitu zuen, azkenean, Giroa. Euskal zaleentzat arrakastatsua izan zen itzuli handi hura, berriztarraren eguneroko ahaleginari eta bosgarren postuari beste bi arrakasta gehitu zizkiotelako Iñaki Gastonek eta Alberto Leanizbarrutiak. «Gastonek bazekien nire gurpilari nola jarraitu. Lehiatu egin zidan mendiko saria, eta hark irabazi zuen azkenean».

Leanizbarrutiaren joarekin, berriz, Lejarreta bera ere harrituta geratu zen. Intergiroetako saria irabazi zuen, tarteko helmugetakoa. «Meritu handia zeukan. Intergiroetarako fenomenoa zen. Jarrera izugarria zeukan. Buruan sartzen zitzaion sari hori irabazi behar zuela, eta irabazi egiten zuen. Indar handia zeukan hanketan». Berriztarrak gogoan dauka Leanizbarrutia intergiroetan taldeburuen pare ibiltzen zela. «Gero erlaxatu egiten zen, baina gaitasun izugarria zeukan».

Eman beharrekoak emanda, Pordoiko etapa amaituta, Marino bera geratu zen ezer egiteko gaitasunik gabe. Egindakoarekin gustura, atseden hartzeko gogo ederrarekin amaitu zuen Giro hura. «Baina, berrindartu nintzelakoan, Frantziako Tourrera joatea erabaki genuen taldean». Ederki damutu zen gero. «Hustuta nengoen, eta atsedena behar nuen». Arrastaka ibili zen etapa askotan, eta, azkenerako, 53. postuan amaitu zuen Tour hura.

Tunelekin eztabaidan

«Chioccioli Giro hartan egon izan ez balitz»; «han erasoa jo izan banu»; «hainbeste berotu gabe gurpilari eutsi izan banio»... Lejarretak azkar aitortu du azken hogei urteotan ez duela izan horrelako burutaziorik. «Gauzak diren bezala gertatzen dira, eta kito. Chiocciolik Giro hura lehiatu izan ez balu, beste modu batera ibiliko nintzen agian; hainbeste arriskatu gabe, bigarren postua ziurtatuz. Baina...». Baina, horixe, «italiar fin, hanka-luze eta irregular hura» perfekzioaren mugan ibili zela orain hogei urteko Giroan.

Crostiseko igoera batean; asfaltatu gabeko bidea bestean; istripu larria hurrena... Segurtasuna dela eta ez dela, zalaparta handi samarra sortu da aurtengo Italiako Giroan. Baina Lejarretaren esanetan, euren garaian ere izaten zen antzeko zalapartarik. «Italian beti izan dute arazo asko gai horrekin. Gure garaian tunelekin izaten genituen eztabaidak. Oso luzeak ziren, argirik gabekoak, eta arazoak sortzen ziren. Tunel barruan istripu larriren bat gertatuz gero, akabo». Ahal zen neurrian tunelak saihestea zen txirrindularien nahia. «Eta kexatzen ginen, baina gero badakizu zer pasatzen den. Gure garaian ere zoritxarren bat gertatu arte ez ziren aldatzen gauzak».

Marino Lejarretak kolpe politak eman zituen orain hogei urteko Italiako Giroan, baina benetako arrakasta lortu, Indurainek soilik lortu du Italia aldean, 1992ko eta 1993ko Giroak irabazita. Etorkizunean euskal txirrindulariren bat gai izango ote da antzeko balentriaren bat egiteko? «Behetik gora datozen gazteen izenak ez ematea hobe da, euren izena entzuteak presioa areagotuko liekeelako. Baina jada punta-puntan dabiltzanen artean, Igor Antonek oso ezaugarri onak dauzka Girorako». Alberto Contador dabil dantzan aurtengo Giroan, baina orain hogei urte euskaldun bizi batek sortu zuen zalaparta Italia aldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.