Duela bost urte, Cedella Marleyk, Bob Marley musikari handiaren alabak, Skip semearen futbol eskolako motxila zabaldu zuen. Han, haurraren entrenatzailearen ohar bat zegoen. 10-15 dolarreko —8-13 euro inguru— laguntza eskatzen zen Jamaikako emakumezkoen futbol selekzioarentzat. Orduan jakin zuen Jamaikako Gobernuak nabarmen gutxitu zizkiola diru laguntzak, eta azken urteetan ia jokatu ezinik zebiltzala horregatik. Bost urte geroago, estreinakoz ari da Munduko Kopan parte hartzen, eta gaur lehen garaipena lortzen ahaleginduko da, Italiaren kontra (18:00).
Munduko Koparako sailkatzeko balentria lortzeko, ezinbestekoa izan dute Marleyren babes ekonomikoa eta atxikimendu pertsonala. Semeak ekarritako oharra irakurri zuenean izan zuen lehen sentipena «haserrea» izan zela esan izan du. Berehala, aitaren esaldi bat izan zuen gogoan: «Futbola askatasuna da».
AEBetan bizi den arren, berehala, jokalariekin hitz egin eta egoera hura iraultzeko lanean hasi zen. Diru ekarpen handi samar bat egin zuen, eta Strike Hard (Gogor jo) kantua sortu zuen egoeraz ohartarazteko. Indiegogo mikrofinantzaketa plataformaren bidez egin zuen, eta, abestiarekin lortutako diru ekarpenei esker, selekzioa berriz martxan jartzea lortu zuten. Oso baldintza zailetan, hala ere: «Helburua bizirik irautea zen».
Jokalariek beren kirol arropak garbitzen zituzten; furgoneta zaharretan bidaiatzen zuten partidak jokatzeko, eta, deialdian egon ezean, elastikoak taldekideei uzten zizkieten. Baina, gutxienez,berriro ere lehiatzen hasi ziren, nahiz eta ez zuten lortu 2015eko Munduko Koparako eta 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea. «Zerbait aldatzen ari zela sentitu genuen», gogorarazi du Sashana Cambell jokalariak.
Baina usteak erdi ustel. Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu eta gero, Jamaikako Federazioak are gehiago jaitsi zien laguntza. «Kale edo bale esateko unea zen, eta argi uzteko berdintasuna zegoela jokoan. Selekzioak ezin zuen elkartasun kontu huts bat izan», gogorarazi du Marleyk.
Hala, itzaletik segitu zuen lanean. Jokalariak eta Hune Menzies hautatzaile berriak protagonismoa osoa izatea nahi zuen. «Jendeak ezin zuen pentsatu nik salbatuko nuela selekzioa. Engaiamendu handiagoa behar genuen, eta herritar askoren babesa izan genuen». Modu horretan hasi zuten Frantziako eta Bretainiako Munduko Koparako bidea. Hainbat gorabehera izan zituzten helburu horretan: sailkapen fasea prestatzeko txapelketetako batean, arazoak izan zituzten; federazioak haientzat hartutako hotelean oso arreta txarra jaso zuten. Apenas eman zieten jatekorik, eta eman zizkieten jakietako batzuk txarrak zeuden.
Etorkizunaz zalantzak
Baina hori ez zen oztopo izan.Costa Ricari eta Kubari irabazi eta gero, Panamaren aurka jokatu zuten sailkatzeko norgehiagoka erabakigarria. Penaltietan erabaki zen lehia, eta Jamaika izan zen nagusi. Opil gozoak janez ospatu zuten balentria jokalariek. Denek esker hitzak izan zituzten Marleyrentzat. «Hura gabe hau ezinezkoa izango zen», esan zuen Konya Plummer jokalariak.
Emaitzak ikusita, federazioak agindu die zertxobait igoko diela diru laguntza. Baina jokalariak ez dira fio. «Guk ez dugu bakarrik dirua nahi, baizik eta benetan emakumezkoen futbola sustatzeko plan bat, harrobia kontuan hartuko duena, eta gure hobekuntza taktikoa eta teknikoa ahalbidetuko dituena. Ez dute sekula betetzen agindutakoa». Horri lotuta, galdera bat egin du Marleyk: «Emaitzen menpe egon beharko dute berriro haien alde apustu egiteko? Ez da bidezkoa».
Munduko Futbol Kopa
Marleyren doinua du
Jamaikako selekzioa estreinakoz ari da lehiatzen Munduko Kopan. Federazioak jarritako oztopoen gainetik, Bob Marleyren alaba Cedellaren laguntza eta atxikimendua erabakigarriak izan dira balentria lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu