Liburutegian dago June Kintana disko jaurtitzailea (Bakaiku, Nafarroa, 1995). Bertatik irten da telefono deiari erantzuteko. Datorren urtean amaituko ditu albaitaritza ikasketak. Gozatzen ari da bai ikasketekin eta bai bere atleta ibilbidearekin.
Larunbatean Espainiako Txapelketa irabazi zenuen. Txapelketa horretan lortu duzun seigarren domina da. Pozik?
Bai, oso. Hala ere, nahiko arraro sentitu nintzen txapelketa hasieran. Ez nuen lortzen beharrezko arreta. Baina neure buruari esan nion pentsamendua aldatu behar nuela. Hala egin nuen, eta dena ondo joan zen. Pozik geratu nintzen, eta bide horretatik jarraitu nahi dut. Ea posible den Europako Txapelketetan egoteko marka lortzea.
Nolatan hasi zinen disko jaurtiketan?
Txikitan jarduera fisikoa egiteko beharra nuen, oso mugitua nintzelako. 12-13 urterekin, amari esan nion atletismo eskolara apuntatu nahi nuela, korrika egiteko. Pentsa, jaurtiketak ez nituen ezagutzen. Baina eskolan denetarik egiten genuen; tartean, astean bitan, jaurtiketak. Disko jaurtiketan ondo moldatzen nintzela ikusi zuten entrenatzaileek, abilezia nuela, eta Idoia Mariezkurrenarekin hasi nintzen entrenatzen, bera zelako diskoan espezialista, eta orain arte.
Abileziak zenituela aipatu dituzu. Zeintzuk dira disko jaurtitzaile batek behar dituenak?
Nire adinerako, nahiko garaia nintzen, eta indartsu samarra. Horrekin batera, malgutasun eta koordinazio dezentekoa nuen, eta bizkorra nintzen besoa mugitzeko garaian. Horiek dira jaurtitzaile baten ezaugarri nagusiak, eta horiek izan dira 15 urte hauetan landuz eta hobetuz joan naizen trebeziak.
Askok uste dutenaz bestera, beraz, indarra ez da nahikoa?
Inondik inora ere ez. Koordinazioa eta malgutasuna ere funtsezkoa dira, batez ere jaurti baino lehen egiten diren mugimendu eta biretan. Hasierako urteetan, mugimendu horiek automatizatuz joaten zara, zure estilo propio eta egokia eskuratu arte. Bitarte horretan, aldaketa eta zuzenketa gehiago egiten dituzu. Gero, detaile txikiak baino ez dituzu aldatzen. Ni jada azken fase horretan nago.
Zein da ondo jaurtitzeko gakoa?
Zalantzarik ez egitea. Uneren batean duda egiten baduzu, oso zaila da jaurtiketa on bat egitea. Hortik harago, jaurtitzaile bakoitzak bere trebetasunak ditu. Nire kasuan, gorputza ondo kiribiltzea funtsezkoa da. Hau da, hankak sorbaldaren aurretik eramatea. Hori ondo eginez gero, dudan mailaren araberako jaurtiketa bat egin dezaket. Izan ere, indartsu jaurtitzea bainoago, zabal jaurtitzea da gakoa.
Zenbat ordu entrenatzen zara?
Astelehenetik larunbatera aritzen naiz, eta lau ordu eta erdi eta bost ordu artean entrenatzen naiz. Hiru ordu inguru arlo fisikoa lantzen dugu: abiadura, saltoak, indarra... Eta ordu eta erdi inguru, berriz, jaurtiketak egiten ditugu, teknikak lantzeko. Ehun jaurtiketa inguru egiten ditut entrenamendu bakoitzean.
Zenbat pisatzen dute diskoek?
Txapelketetan erabiltzen direnak kilo batekoak dira, baina entrenatzekoak, pisutsuagoak. Gure denboraldiaren zati nagusia udaberrian eta udan izaten da, eta neguan, horri begira prestatzen ari garela, karga oso inportantea da. Garai horietan 1,5 kilorainokoak izaten dira. Txapelketetara zure diskoak eraman ditzakezu, betiere homologatuta. Bestela, antolakuntzak jarritakoak erabil ditzakezu. Nik bi ditut, eta nahiago dut horiek eraman.
Alde handia dago batetik bestera?
Bai, ezaugarri eta prezio askotarikoak daude. Prezioari dagokionez, badaude 80 eurokoak, entrenatzekoak. Baina onenek1.000 euro inguru balio dute. Ni ditudanak 500 euro ingurukoak dira. Aldea materialetan eta pisuaren banaketan dago. Plastikozkoak, egurrezkoak... Banaketari dagokionez, pisua alboetan dutenak dira nire gustukoenak.
Bederatzi urte daramatzazu Leongo goi errendimenduko zentroan, horietako batzuk Manolo Martinez disko jaurtitzaile ohiarekin entrenatzen. Nola ikusi duzu zure eboluzioa?
Egia esan, zorte handia izan nuen. Txikitatik albaitari izan nahi nuen, eta nota lortu nuen ikasketa horiek egiteko. Iruñean ezin nuen, eta Zaragoza eta Leon ziren nituen bi aukerak. Leonen Manolo Martinezek sortutako jaurtitzaile zentroa zegoenez, bertara joatea erabaki nuen. Urte hauetan goi errendimenduko zentro bihurtu da, eta kirolariak ezin hobeto gaude. Askotan, eboluzio hori marken arabera neurtzen da. Azken urteetan ez dut hobekuntza handirik egin markari dagokionez: metro bat hobetu dut. Nire marka onena 56,30 metro da. Hasieran, aurrerapauso handia ematen duzu, baina, gero, metro bakoitza lorpen handia da. Psikologikoki asko frustra dezake horrek, baina prest egon behar dugu horretarako, pazientziaeta konfiantza izan geure buruan.Jaurtitzaile baten eboluzioa pixkanaka doa, eta heldutasun puntu batera iristean hasten da benetan markak egiten. Esaten da 30 urte inguruan dela adin hori gure kasuan. Beraz, beste hiru urte falta zaizkit heldutasun puntu horretara ailegatu eta benetako saltoa emateko. Bitartean, eguneroko erronka hobetzen segitzea da. Fisikoki, teknikoki eta psikologikoki asko ikasi dut urte hauetan.
Atletak marken menpe bizi zarete. Zuk asko erreparatzen diozu horri?
Etorri nintzenean, uste nuen urtero asko hobetuko nuela. Entrenamendu bakoitzean marka hobetzea baino ez nuen buruan.Baina hori erlatibizatzen ikasi dut. Egunero ondo lan egiteari, konstantea izateari eta disfrutatzeari ematen diot garrantzia. Batez ere azken horri. Argi dut nire etorkizuna albaitaritzan dudala, eta hau gustuko dudalako egiten dudala. Gainera, markak iristen badira, aipatutako osagai horiei eusteari esker izango da. Kontuan izan, gainera, pandemiaren eraginez eten bat egin behar izan genuela, eta lana eta ikasketak uztartzea ez dela erraza.
Beti aipatu duzu, hala ere, zure helburua Olinpiar Joko batzuetan egotea dela. Parisen ikusten duzu zeure burua?
Zaila da, baina ez ezinezkoa. 58-59 metro inguru jaurti beharko nuke normaltasunez.
Albaitaritza ikasketak hurrengo urtean amaitzen dituzu. Leonen geratzeko asmoa duzu, edo Iruñera itzultzeko?
Iruñera itzultzeko asmoa dut, eta Idoia Mariezkurrenarekin berriz entrenatzen hasteko. Espero dut bertako atletek egiten dugun eskaria betetzea. Pista estali bat behar dugu. Bestela, oso zaila da entrenatzea, eguraldiagatik. Hotzarekin, haizearekin eta euriarekin oso zaila da, eta min hartzeko arrisku handiagoa dugu. Nik sorbaldan ernia bat dut, eta asko zaindu behar dut.
June Kintana. Disko jaurtitzailea
«Marken garrantzia erlatibizatzen ikasi dut, eta gehiago gozatzen»
Larunbatean Espainiako Txapelketa irabazi zuen June Kintanak. Astelehenetik larunbatera lau ordu eta erdi entrenatzen da, albaitaritza ikastearekin batera. Konstantzia, konfiantza eta pazientzia ditu akuilu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu