Atletismoa

Markel Fernandezek azkar egin nahi du korri; Irati Mitxelenak, berriz, luze jauzi egin

Sopelako esprinterra eta Donostiako jauzilaria Pista Estaliko Europako Txapelketan ariko dira gaurtik igandera bitartean, Apeldoornen. Fernandez 400 metrokoan eta txandakakoan lehiatuko da. Mitxelena, berriz, luzerako jauzian.

Markel Fernandez. RFEA
Markel Fernandez, Espainiako Pista Estaliko Txapelketako finalerdia irabaztear. RFEA
Julen Etxeberria.
2025eko martxoaren 6a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Kirolari batek txapelketa garrantzitsu bat jokatu bezperan dituen sentipen guztiak dituzte Markel Fernandezek (Sopela, Bizkaia, 2003) eta Irati Mitxelenak (Donostia, 1998): ilusioa, irrika eta gogo bizia. Biak ala biak ariko dira gaurtik igandera bitartean Apeldoornen (Herbehereak), Pista Estaliko Europako Atletismo Txapelketan.

«Lasai» dago Fernandez. «Duela bi aste, Espainiako Txapelketan presio handiagoa nuen. Zorionez, oso ondo aritu nintzen: bigarren izan nintzen, eta denboraldi osoan baino azkarrago egin nuen korrika: 46,24. Europako Txapelketan parte hartzeko modu oso ona da azken lasterketan denboraldiko marka onena egin izana. Oso pozik nago».

Dioenez, «denboraldi ezberdina» izan da aurrekoen aldean. «Askoz lehenago hasi nintzen lehiatzen, urtarrilean, eta, hala ere, sekulako marka egin nuen: 46,37. Horren ondo nengoela ikusita, lasterketa askotan parte hartzea erabaki genuen. Espainiako Txapelketa kontuan hartuta, bost topaketatan aritu naiz». Nekea pilatu arren, «garai onean» dagoela azaldu du. «Zaila da denboraldi osoan sasoiari eustea, baina uste dut sasoi betean nagoela».

Beharko du, baliteke-eta Apeldoornen bost bider egitea korri. Litekeena da gaur izatea lehena, 22:05ean, 400 metrokoen txandakatze mistoko finalean. Sei herrialde ariko dira: Espainia, Herbehereak, Britainia Handia, Belgika, Irlanda eta Txekiako Errepublika. Ez daki korrituko duen edo ez. «Ostiralean hartuko dut parte bakarkako 400 metrokoan, eta, halakoetan, ez da komeni bezperan korri egitea. Baina nik hautatzaileak dioena beteko dut».

«Banaka, finalerdietan aritu nahi dut; txandaka, berriz, domina bat irabaz dezakegu, eta, agian, urrezkoa izango da»

MARKEL FERNANDEZAtleta

Bakarkako 400 metrokoa aipatu du. Lehen aldiz ariko da horretan maila nagusiko txapelketa batean. «Ametsa zen bakarka aritzea, eta oso pozik nago lortu dudalako». Bihar 12:45ean ariko da sailkapenean. Itxaropentsu dago. «Markarik onenetan hamabosgarrena dut; beraz, helburua finalerdietarako sailkatzea da». Lortuko balu, egun berean ariko litzateke, 20:19an. Finala, berriz, larunbatean litzateke, 21:10ean.

Igandea ere begiz joa du: ondo bidean, 400 metroko txandakako finalean ariko da, 18:24an. «Markarik onenetan bigarrena dut. Nire ustez, korrituko dut». Sei herrialde ariko dira: Espainia, Herbehereak, Britainia Handia, Belgika, Frantzia eta Txekiako Errepublika. «Sekulako maila dago; Europako sei onenak gara. Domina bat irabaz dezakegu, eta, agian, urrezkoa izango da. Horretarako, ezin dugu hutsik egin».

(ID_14573249) ESPAÑA ATLETISMO ZARAGOZA
Irati Mitxelena, airean, denboraldi honetan Zaragozan (Espainia) jokatutako lehiaketan. JAVIER CEBOLLADA / EFE

Lesioa osatu zaio

Mitxelenarentzat, berriz, Apeldoornen egote hutsa «garaipen txiki» bat izan da. «Lesioa izan nuen ezker orkatilan duela hiru aste. Kolpe handia izan zen min hartzea, inoizko garairik onenean nengoen eta. Zorionez, osatu egin naiz, eta ondo nago. Espainiako Txapelketan lehiatu naiz azkenekoz, eta ez nuen minik izan; baina ez nuen arriskatu nahi izan. Europako Txapelketan aritzea zen helburua, eta lortu dut».

Jauzilari donostiarrak «berezitzat» jo du denboraldia. Aldaketa garrantzitsua egin du: Ramon Cidekin entrenatzen dabil, Asier San Sebastianen ordez. «Aldaketa bat behar nuen. Oso gustura aritu naiz Asierrekin, baina pizgarri bat behar nuen, azken bi urteetan lesio asko izan baititut. Oso gustura ari naiz Ramonekin; sekulako taldea du. Detaileak fintzen ari naiz, eta oraindik badugu lana, baina hobeto ari naiz».

«Oso ondo saltatu dut, eta oso lehiakor ikusi dut neure burua. Baina oraindik urrunago egin dezaket jauzi»

IRATI MITXELENAAtleta

Lesioa izan aurretik egindakoa da horren erakusle. Lau bider lehiatu zen, eta lauretan nagusitu zen. Horietako batean, gainera, bere marka onena lortu zuen pista estalian: 6,62 metro; bi zentimetro gehiago da haren markarik onena: 6,64. «Orkatilako lesioa kenduta, ez dut inolako minik izan, eta, horri esker, denboraldi osoan entrenatu eta lehiatu ahal izan naiz. Oso azkar aritu naiz korrika, eta teknika hobetu dut. Oso ondo saltatu dut, eta oso lehiakor ikusi dut neure burua. Baina oraindik urrunago egin dezaket jauzi».

Europako Txapelketan egin nahi du hori. Bihar, sailkapenean ariko da, 11:42an. Urrunen saltatzen duten zortzi jauzilariak ariko dira finalean, larunbatean, 20:29an. Markarik onenetan 11.a du Mitxelenak. «Hiru jauzi besterik ez dugu sailkapenean, eta horrek zaildu egiten du lana. Baina sinetsita nago 6,62 baino gehiago saltatzeko gai naizela. Finalean egon nahi dut».

ASIER MARTINEZ GARAIZ SUSPERTU DA

Denboraldi gorabeheratsua izan du Asier Martinezek (Zizur Nagusia, Nafarroa, 2000), baina garaiz suspertu da, eta garai onean ariko da Europako Txapelketan. Sasoiko bere markarik onena egin zuen duela bi aste eskas, Madrilen: 7,53, 60 metroko hesidunean —7,49 da bere inoizko markarik onena—.

Gaur, 21:17an, sailkapenean ariko da; sailkatuko balitz, bihar 14:05ean ariko litzateke finalerdietan, eta, aurrera egingo balu, 21:53an izango luke finala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.