Hautagai nagusien artean ez zen bere izenik agertzen, baina Eneko Saralegik (Errazkin, Nafarroa, 1993) irabazi zuen joan zen igandean jokatutako II. Euskal Duatloia, Azpeitian (Gipuzkoa). Aizkoran zaildutako kirolariak pronostiko guztiak hautsita jantzi zuen txapela. Justu antzean sailkatu zen finalerako, sei onenen arteko denborarik txarrena eginda, baina erakustaldia eman zuen egun erabakigarrian, garaipena ez-ezik, errekor berria ereezarrita. Orain arteko ibilbidea markatu duen txapela izan da, Saralegik berak adierazi duenez: «Maila gorenera ailegatzeko horren erraza ez duen aizkolari bat naiz, bere mugak dituena. Iruditzen zitzaidan txapelketa honetan lan polita egiteko aukera nuela, eta frogatu egin dut. Garrantzi berezia emango diot lortutako txapelari».
Errazkingoak aitortu du askok ez zutela hautagaitzat jotzen «kanporaketakoarengatik», baina hark ez zuen atariko probakoa aintzat hartu, «egun txarra» izan zuelako, eta «berdindu ezinezko» 21 egur lote zeudelako. Egur zailak egokitu zitzaizkion, gainera: «Kanporaketan ezin gehiago aritu nintzen, baina finalerako entrenamendu oso onak egin nituen. Etxean egindakoa plazan erakustea lortu nuen, eta iruditzen zait oso lan ona egin nuela. Konfiantzaz beteta joan nintzen, eta aurrez esana nuen txapelaren bila joango nintzela».
Esan eta egin. Lurrean jarritako lau enbor ebaki zituzten lehendabizi, lau kilometroko korrika saioa egin zuten gero, eta beste lau enbor moztu zituzten azkenik, bertikalean jarrita. Nafarrak ez zuen nolanahikoa lana egin, 30 minutu eta 36 segundoan osatu baitzituen lanak. Hortaz, ia bi minutuan hobetu zuen Ugaitz Mugertzak iaz ezarritakoa (32:31): «Iaz esan genuen Ugaitzek oso lan ona egin zuela, batez ere lasterka atera zituen aldeak. Aurten alderantziz gertatu da; lurreko enborretatik ondo atera nintzen, eta egur bertikaletan izan zen alde gehien».
Saralegik minutu bat eta 59 segundoren aldea atera zion Ibai Soroa bigarrenari, eta ia hiru minutukoa Suharri Rodriguez hirugarrenari. Proban izandako jarraitutasuna izan zen bere aldarte nagusia. Iazko bizipenak gogoan, oreka mantentzea izan zen txapeldunaren estrategia, eta bete-betean asmatu zuen, indartsu amaitu baitzuen saioa.
Lau egur bertikaletan egindako denborak dira horren isla, segida-segidan hobetu baitzituen bakoitzeko denborak: 2'10'' lehenengoan, 2'07'' bigarrenean, 2'02'' hirugarrenean, eta 1'49'' txapelketako azken enborrean: «Enborretik enborrera hobetzeak esan nahi du oso-osorik zaudela, ongi ailegatu zarela lan horretara», nabarmendu du.
Etorkizunerako, «gogotsu»
Saralegik orain arteko bi duatloietan hartu du parte. Hirugarren izan zen iazko estreinaldian, eta gorengo koskara igo da aurten. Lorpenak hauspotu egin du Errazkingoa, eta etorkizunera begira mintzatu da: «Honek gogoa pizten du hurrengo urteko txapelketarako, baita entrenatzeko ere».
«Balio handia» eman dio txapelari, parte hartze libreko txapelketa batean lortu duenez gero. Gainera, helburu bat jarrita aritzean hura lortzeak ematen duen pozak bete du aizkolaria. Nolanahi ere, gustatuko litzaioke «aizkora hutsean maila altuagoa» duten kirolariak lehiara batzea. Iker Vicente, Hodei Ezpeleta Bihurri eta Julen Alberdi Txikia IV.a ekarri ditu hizpidera, besteak beste: «Hiru horiek proba honetan ongi moldatu daitezkeela iruditzen zait».
Proba konbinatuan indarren kudeaketa gako izan ohi da, eta hori tentu handiz zaindu zuen Saralegik. Joan zen urteko esperientzia izan zuen ikasgai. Nabarmendu duenez, 2022ko aldian korrika «gehiegi» estutu izanaren errezeloa zuen, azken probako egur bertikaletan bere lanik onena egin ezinda geratu zelako.
Hori horrela, minutuko bihotz- taupada kopurua erreferentziatzat hartuta aritu zen korrikako saioan, muga bat jarrita. Horretan oinarritu zuen txapelketako taktika: «Lehen egurretan indartsu ekin nion, aurrean kokatzeko, eta denborarik ez galtzeko. Aurrena atera nintzen lan horietatik, eta korrika erritmo jakin bat mantendu nuen. Bertikaletara osorik ailegatuta, oso lan ona egin ahal izan nuen».
Saralegik, teknikaz gain, norbere gorputzaren ezagutza baliatu zuen proba orekatua osatu eta txapela eskuratzeko. Haustea kostako den marka ezarrita egin zuen, gainera. Kirolariak hala egiten du bidea; urratsa urratsari, eta ezpala ezpalari, lanaren eta entrenamenduen bidezko lan etengabekoan.
Markatuta geratuko den txapela
Eneko Saralegi da Euskal Duatloiko aurtengo txapelduna. Errazkingo aizkolariak marka berria ezarri du, eta lorpenak «hauspoa» emango diola esan du: «Lanean segitzeko gogoa eman dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu