Markak hautsita, eta marka utzita

Ruben Belokik irabazi egin du agurreko partidan (22-20), eta Labriten bildutako pilotazaleek omenaldi beroa egin diote. 19 urteko ibilbide oparoaren ondoren, negar malkoen artean esan du agur, erabat hunkituta.

Labriten bildutako pilotazaleek zutik eta txaloka hartu zuten Ruben Beloki. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Labrit pilotalekua leporaino beteta, ikusle guztiak zutik eta txaloka, harmailak pankartaz josita, eta Ruben Beloki kantxaren erdian negar malkoei eutsi ezinik. Irudi hunkigarri horixe utzi zuen atzo Burlatakoaren agurreko partidak. Hunkigarria, eta gogoangarria, hemeretzi urteko ibilbide oparoa bezalaxe. Pilotazaleek biziki eskertu zieten azken bi hamarkadetan hainbeste gozarazi izana, eta aspaldiko txalo zaparradarik handiena eta luzeena bizi izan zen Labriten. Belokik «aski da, aski da» keinua egin zuen, bai, baina esku zarten hotsak ez ziren isildu. Dudarik gabe, merezitako beroa jaso zuen, hiru seme-alabak alboan zituela. Partida amaieran jasotako opari eta esker oneko hitz guztiak txiki geratzen dira pilotaren ikur handienetakoaren aurrean.

Kantxan pilotari paregabea, eta kantxatik kanpo oraindik hobea izan da Beloki. Hitz batean, txapelduna. Sekula hitz txar bat egin ez duena. Inoiz kameren aurrean kexatu ez dena. Buruz buruko txapela gazteen berak jantzi zuen 20 urterekin, eta orotara lau ditu irabaziak. Debutatu eta lehenengo neurketatik harritu izan ditu pilotazaleak eskuin kolpe ikusgarriari esker, eta noski, azkenekoan gutxiago izan nahi ez. Bada, Titin III.a lagun, 22-20 hartu zituen mendean Bengoetxea VI.a eta Begino. Partida ikusgarria eskaini zuten lau pilotariek, eta amaiera estuaren ondoren, Beloki garaipenarekin agurtu zen. Profesional mundura etorri bezala joan zen, beraz. Debutean irabazi egin zuen Unanuerekin, Ladutxe eta Galarza III.aren aurka, Donostian.

Atano III.a oso maite izan badu ere, inon ez da sentitu izan Labriten bezala. Alegia, etxean bezala. Gutxi izaten dira agurreko partidetan begiak bustitzen ez dituzten kirolariak, baina Belokiri nahi baino lasterrago gertatu zitzaion hori. Kantxara berotzera irten orduko, aurreskua dantzatu zion koinatuak txistuaren laguntzaz, eta omenduak ezin disimulatu. Partidaren aurretik horrelako unea bizitzeak badu bere arriskua, baina ongi eutsi zion aldarteari protagonista nagusiak: «Banuen neurketan behar bezala erantzungo ez nuen beldurra, baina zorionez ez da halakorik gertatu. Hasierakoa une polita izan da, emozionatu egin naiz, eta ez dakit hain ongi nola jokatuta dudan ere». Garai bateko sasoitik urrun egon arren, maisua beti da maisu.

Erretiroa hartu behar izan ez balu, Asegarceko teknikariek izango zuten zer pentsatua laster hasiko den binakako txapelketari begira. Izan ere, maila onean aritu zen Beloki, eta enpresako aurkari onenetakoen kontra, gainera. Patxi Eugik «lehian jarraitzeko» esan omen zion orain hilabete, «askok irabazten ez ziotelako». Azken partida izaki, gorputz eta arima jokatu zuen Burlatakoak, eta garai bateko bere pilotakadak ekarri zituen gogora. Etxera ez zuen esku hutsik joan nahi: «Irabaztea anekdota hutsa izango da, baina garaipena lortu nahi nuen. Hori bai, asko Titini zor diot. Bera bai dela pilotari lehiakorra». Bere buruari baino laudorio gehiago botatzen dizkie besteei.

Hemeretzi urteko ibilbidean inguruan izan dituen senide eta lagun guztiek babesa eskaini nahi izan zioten, eta frontoian presente egon nahi izan zuten. Opari bat bestearen atzetik jaso zuen Burlatakoak partida amaitu berritan. Esaterako, Aspek eta Asegarcek plaka bat eman zioten; baita Nafarroako Pilota Federazioak ere... Irabazitako garaikur guztiak garajeko armairu batean omen dauzka gordeta Belokik, baina atzo jasotako opari guztientzako beste bat erosi beharko du.

Denek egon nahi izan zuten txapeldun handiaren ondoan. Marta bere emaztea, gurasoak eta seme-alabak palkoko eserlekuetan egon ziren. Kantxan, berriz, hainbat aurpegi ezagun ikusi ahal izan ziren: Miguel Indurain, Juantxo Koka, Mikel Unanue, Mikel Goñi, Julian Retegi... Asko eta asko Goizuetan izan ziren aurrez, Olaizolatarren aitaren hileta elizkizunetan, baina ondoren Labritera gerturatu ziren. Belokik esker oneko hitzak izan zituen: «Bidean lagun izan ditudan guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Pazientzia asko izan dute, eta eurak gabe ez zen posible izango egin dudana lortzea».

Galtza zuriak betiko eskegiko ditu Belokik armairuan, baina kantxak ez ditu aparte utziko. Izan ere, aurrerantzean Asegarceko teknikari lanetan ariko da. Oraindik zehazteke dago zer nolako lana egin beharko duen, baina ziur gazteei zer erakutsia izango duela: «Harmailak nigatik betetzen diren azken aldia izan da, baina zorionez pilotari lotuta jarraituko dut». Kostako da etorkizunean Beloki bezalako atzelari bat lehian ikustea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.