FRANTZIAKO TOURRA

Cavendishek marka hautsi du

Tourrean garaipen gehien lortu duen ziklista bihurtu da: 35. aldiz irabazi du gaur, eta, hala, aurrea hartu dio Merckxi. Bukaera kaotikoa izan du etapak, eta Astanako esprinterra izan da azkarrena. Bilbao erori egin da; itxuraz, aparteko ondoriorik gabe.

(ID_14041153) FRANCE CYCLING
Mark Cavendish (Astana), Frantziako Tourreko bosgarren etapan lorturiko garaipena ospatzen. Lasterketaren historiako ziklistarik irabazleena bihurtu da. GUILLAUME HORCAJUELO/EFE
enaut agirrebengoa
2024ko uztailaren 3a
18:50
Entzun

Honezkero erretiratuta egon behar zuen Mark Cavendishek (Astana). Iazko sasoia zuen azkena, printzipioz. Bere ibilbideari ginga jarrita esan nahi zuen agur; hau da, Tourrean 35. etapa garaipena lortu, eta lasterketarik handienean garaipen gehien duen ziklista bihurtuta. 2021az geroztik Eddy Merckxen pare zegoen, eta iaz zegokion berdinketa apurtzea. Bada, erori egin zen bosgarren etapan, eta ezin izan zuen lasterketan jarraitu. Halako mito batek ezin zuen bere ibilbidea gisa horretan amaitu. Beste aukera bat eman zion bere buruari. Eta baliatu egin du gaur, garaipen historikoa lortuta; bosgarren etapan hain justu. Esprint ero batean erabaki da etapa, eta Cavendish nagusitasunez gailendu da, Jasper Philipsenen (Alpecin) eta Alexander Kristoffen (Uno-X) aurretik.

Merckxek zazpi Tour behar izan zituen 34 garaipen erdiesteko. Cavendishek, berriz, hamabosgarren Tourrean hautsi du marka. Lehen etapa 2008an lortu zuen, Columbia taldeko ziklista gisa. Lau bider nagusitu zen aldi hartan. Hurrengo urtean jo zuen goia, sei garaipen erdietsita. Hortik aurrera, bi aldiz bukatu du Tourra bost etapa zakuratuta. 2016an lau lortu zituen, eta hortik aurrera, bost urtez egon zen besoak altxatu gabe. Harik eta 2021ean berpiztu, eta beste lau aldiz nagusitu zen arte. Gaur zerua ukitu ostean, lasai eta aseta jaitsiko da bizikletatik.

Nahi badu, marka handitzen jarrai dezake Tour honetan Cavendishek. Izan ere, gaur argi eta garbi irabazi die beste esprinterrei, bere garairik onenetan bezala. Azkarrenek beren kabuz jardun behar izan dute bukaeran, eta Cavendishek sena eta indarra uztartu ditu. Philipsenek gurpila hartu dio, baina alferrik izan da. Atzerago, erori egin da irabazteko hautagaietako bat, Mads Pedersen (Lidl). Biniam Girmayk (Intermarche), bestalde, ez du aukerarik izan herenegungo garaipena errepikatzeko; bederatzigarren helmugaratu da.

Pogacar, erortzeko zorian

Ez da Pedersen izan etapan zehar erori den txirrindulari bakarra. Erdibitzaileek arazoak eragin dituzte, eta horietako baten erruz erori da Pello Bilbao (Bahrain). Berehala itzuli da bizikleta gainera. Tadej Pogacar (UAE), ordea, onik atera da, abilezia handia erakutsita. Kolpe handia hartzear izan da. Bestelakoan, ez du arazorik izan maillot horiari eusteko.

Amaiera apoteosikoa izan du etapak, baina bilakaera ez da batere ikusgarria izan. Ordekan ibili dira txirrindulariak, baina arazoa ez datza ibilbidean, tropelaren jokabidean baizik. Bada idatzi gabeko lege bat, halako etapetan ziklisten lehiakortasuna mugatzen duena. Ordekan goi mailako ziklismoa eskaini dezakete askok, baina, tropelari aurre egin ordez, multzoaren abaroan irauten dute. Gaurko etapa ere oso mantso hasi da, eta, ihesaldi saiakerarik ezean, jolasari ekin diote zenbait txirrindulari aipagarrik. Adibidez, Oier Lazkano (Movistar) eta Juan Ayuso (UAE) aurrea hartuta ibili dira tarte labur batez. Txantxetan zebiltzan.

Tourra, 6. etapa

Azkenean, Clement Russok (Groupama) piztu du lehia, eta berehala Matteo Vercher (Total Energies) batu zaio. Lyonen jaioak dira biak, eta bertatik 30 kilometrora bukatzen zen gaurko etapa. Akuilu ona zen jo eta ke aritzeko. Ordea, gogoa ez da aski tropelari aurre egiteko; indarra ere behar da, eta bi ziklista gutxiegi dira. Hasieran ia bost minuturen aldea eman diete, baina hurbildu egin zaizkie laster, Alpecin eta Lidl taldeak lanean hasi ahala. Idatzita zegoen iheslarien patua; 36 kilometroren faltan harrapatu dituzte.

Biharko etapa ere, ezusterik ezean, esprinterren artean jokatuko da, 163 kilometro lau egingo baitituzte Macon eta Dijon artean. Laugarren mailako koska bat igoko dute hasieran, eta ordekan egingo dituzte hortik aurrerakoak.

SAILKAPENAK

BOSGARREN ETAPA

1. Mark Cavendish (Astana) 4.08.46

2. Jasper Philipsen (Alpecin) d.b.

3. Alexander Kristoff (Uno-X) d.b.

4. Arnaud de Lie (Lotto) d.b.

5. Fabio Jakobsen (DSM) d.b.

6. Pascal Ackermann (Israel) d.b.

7. Arnaud Demare (Arkea) d.b.

8. Gerben Thijssen (Intermarche) d.b.

9. Biniam Girmay (Intermarche) d.b.

30. Oier Lazkano (Movistar) d.b.

46. Mikel Landa (Soudal) d.b.

NAGUSIA

1. Tadej Pogacar (UAE) 23.15.24

2. Remco Evenepoel (Soudal) 45era

3. Jonas Vingegaard (Visma) 50era

4. Juan Ayuso (UAE) 1.10era

5. Primoz Roglic (Bora) 1.14ra

6. Carlos Rodriguez (Ineos) 1.16ra

7. Mikel Landa (Soudal) 1.32ra

8. Joao Almeida (UAE) d.b.

9. Giulio Ciccone (Lidl) 3.20ra

10. Egan Bernal (Ineos) 3.21era

16. Pello Bilbao (Bahrain) 4.40ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.