Marka guztiak urratzen ari da

Mikel Lopetegik hilabete bikaina osatu du. Harri jasotzen, Mallabiko eta Zarauzko txapelketak, Igeldoko Harria eta Euskadiko Harri Txikiena irabazi ditu; azken horretan errekorra lortu du.

Mikel Lopetegi Urra, Zarauzko Bi Handi txapelketan. ARITZ MUTIOZABAL.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Mikel Lopetegi Urra-k (Zarautz, Gipuzkoa, 1997) txapela jantzita atera ditu azkenaldiko argazki guztiak. Lehen zuen garaipen sortari beste zenbait gehitu dizkio azken asteetan. Bereganatu egin ditu azken hilabetean lehiatu den txapelketa guztiak. Tartean, Euskadiko Harri Txikiena irabazi zuen joan zen ostegunean, Gernika-Lumon (Bizkaia).

Zarauztarra errekor berria eginda gailendu zen Gernikan. Urrak jaso du proba horretan sekula jasotako pisu gehien. Lorpenak bere egiten ari da, marka guztiak urratzen.

Lopetegik 14.100 kilo jaso zituen guztira, eta ia 600 kilotan hobetu zuen ordura arteko marka. Aurrez, 13.512 kilotan zegoen langa, Urrak berak 2018an ezarritakoa: «Espero genuen marka hobetzeko borrokan aritzea, baina ez sei jasoaldirekin hobetzea». Zarauztarrak bosgarren aldiz irabazi du txapelketa.

«Nire ibilbideko unerik onena da, eta aprobetxatzen saiatuko naiz», esan du Urrak. Ez alferrik, garaipenak bata bestearen atzetik kateatu baititu. Harri txikietakoaz gain, beste hiru erdietsi ditu lau astean. Era guztietakoak, gainera, harri baldarrekin nahiz araututakoekin. Etxean eskuratu zuen lehen garaipena, joan zen uztailaren 24an jokatutako Bi Harri sariketan: Mollarri eta Jai Txiki harriekin 28 jasoaldi egin zituen orotara.

Baina Lopetegik abuztuaren 13aren eta 18aren artean egin zuen distirarik handiena. Lehenik eta behin, Donostiako Igeldoko Harriaren txapelketa irabazi zuen. Hamazazpi jasoaldi egin zizkion 134 kiloko harri irregularri, eta Juan Jose Unanue Goenatxo II.a-ren errekorretik bi altxaldira geratu zen. Hilaren 15ean, berriz, aise gailendu zen Mallabiko harri txikien lehian (Bizkaia), eta Gernikan eskuratu zuen asteko hirugarren garaipena, Euskal Herriko txapelketan.

Sasoi bikaina osatzen

Aise ari da, baina, kirolariak berak azaldu duenez, oraindik badu ertzak leuntzeko aukera: «Beti izaten dira detaile txikiak. Hori bai, ondo egindakoak berriro egitea zaila izaten da».

Bien bitartean, lanean segitzea da xedea. Esne mamitan dago, eta horrek pizten du kirolaria. Gernikako errekorra da horren ageriko: «Poz handia hartu nuen. Data hauetan halako lana eginda, oso gustura geratu nintzen. Lehen harritik eroso aritu nintzen, eta horregatik lortu nuen marka».

Sasoi bikaina osatzen ari da, bestelako zenbait garaipen ere batu baititu aurten. Besteak beste, Gipuzkoako Harri Txikietakoa, Iraetako Errota Harrikoa, Zortzi Arroako Hiru Harrietakoa eta Ergobiko Harri Beltzarena. Marka propio bat ere ezarri zuen, uztailaren 13an, jaioterrian: 125 kiloko zilindroari 42 jasoaldi egin zizkion hiru minutuan. Zazpi altxalditan hobetu zuen aurreko markarik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.