Marka ezarri, bidea zabaldu

Ainitze Zumetak errekorra egin du Ulia Harriaren proban. Hala, harri-jasotzaile zarauztarrak beste urrats bat egin du bere kirol ibilbidean: «Gehiagorako gogoz nago».

Ainitze Zumeta, Uliako Harria bizkarrera eramaten. DONOSTIA FESTAK.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Lehiaketako kirola beti da exijentea, diziplina edozein dela ere, baina eguneroko jarduna arinagoa egiten da lanak ordaina duenean. Ainitze Zumetak (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) harriak jasotzeko bideari ekin zion orain dela urtebete pasatxo, eta, ordutik, urratsez urrats ari da aurrera egiten.

Joan zen astelehenean Donostian lortutako garaipena da horren adibide; Zumetak Ulia Harria Saria irabazi zuen, baita marka berria ezarri ere. Gizonezkoen Igeldoko Harria proba entzutetsuarekin batera jokatzen da. Zarauztarrak hamazazpi jasoaldi egin zizkion 70 kiloko harri baldarrari; Uliako labarretan jaso eta moldatu gabeko harriari.

Zumetak hiru altxaldiko aldea lortu zuen Lierni Osa bigarren sailkatuarekin, eta jasoaldi batean hobetu zuen Karmele Gisasola Zelai III.a-k iaz ezarritako marka.

«Pisu garrantzitsua kendu nuen gainetik. Aurreko urtean ere altxaldi kopuru horietan aritzea nuen pentsatua, agian, zerbait gehiago, eta urduritasunekin ez nuen asmatu. Aurten ere txapela lortzeko asmoarekin aritu naiz, baina beldur hori banuen», adierazi du zarauztarrak.

Zumetari azkena aritzea egokitu zitzaion, iragan urtean bezalaxe, eta, horri esker, aurkarien lanaren erreferentziak izan zituen. Hala, hark eta Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a entrenatzaileak horren araberako estrategia ondu zuten: «Gehiago egiteko intentzioz joan ginen, baina ikusita irabazteko hamalau jasoaldi egin behar zirela, hamalau-hamabost egitea pentsatu genuen, hogei segundoero jasota. Oso gustura aritu nintzen hasieratik».

«Askoz lasaiago aritu naiz»

Gainontzeko harri jasotzaileek egindako lana jakiteak ahalbidetzen du hori, baina, kontrara, aho biko ezpata ere izan daitekeela zehaztu du Zumetak: «Azkena izatea hobea dela esaten dute, baina iaz ere azkena izan nintzen lehiatzen, eta presioak kalte egin zidan. Iaz, pare bat hilabete pasatxo neraman harriak jasotzen, eta aurten, askoz lasaiago aritu naiz. Kontzentratuta, hobeto jardun naiz».

Zumeta bide ona egiten ari da harriak jasotzen, eta aurten zenbait garaipen erdietsi ditu jada. Bide horri eustea da zarauztarraren asmoa. Azaldu duenez, «gauzak ondo ateratzeak segitzeko gogoa ematen du. Iaz, lesio garrantzitsua izan nuen bizkarrean, eta uztekotan egon nintzen. Itxuraz, buelta eman diot, eta horrelako txapelketak irabazteak motibatu egiten du; lanerako asmoz nago».

Zumetak harri-jasotzaile lanarekin jarraitu du astean zehar, eta bihar ariko da berriz ere, Ergobian (Astigarraga, Gipuzkoa). 55 kiloko Etxepazter Harriarekin lehiatuko dira, txapelketaren bigarren ekitaldian. Hain justu ere, Zumeta bera izan zen lehen txapelduna, iaz: «Aurreko urtean etxera eraman genuen txapela, eta aurten ere, saiatu, behintzat, saiatuko gara beste horrenbeste lortzen». Denbora gutxian lortutako garaipen kopurua bada horretarako akuilu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.