Atletismoa. Munduko Txapelketa

Marka ez du edonork lortzen

David Rudisha eta Genzebe Dibaba gailendu dira 800 eta 1.500 metroko probetan

Genzebe Dibaba, garaipena ospatzen, atzo, 1.500 metroko probaren amaieran. DIEGO AZUBEL / EFE.
2015eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Munduko marka lortu duen kirolariari ezin zaio gehiago eskatu. Baina lortutakoa ahanzturan geratu ez dadin, maila onean mantentzea komeni da. Halaxe egin dute David Rudishak eta Genzebe Dibabak: 800 eta 1.500 metroko marken jabe izan arren, Munduko Txapelketan ez dira atzera begira gelditu.

Itxuraz, aurkari gogorrenen hutsunearekin irten zen Rudisha pistara; izan ere, Mohammed Aman, 2013ko munduko txapelduna, eta Nijel Amas, 2012ko Olinpiar Jokoetako txapeldunordea, lehiatik kanpo gelditu ziren finalerdietan. Dena den, bere lana egiteko asmoarekin irten zen kenyarra, eta ez zion axola nor zuen alboan. Lasterketaren buruan zela iritsi zen lan erdietara, eta gelditzen zitzaizkion 400 metroetan hala jarraitu zuen. 1.45,84ko denborarekin iritsi zen helmugara, Londresen lortu zuen marka baino bost segundo gehiago eginda. Hainbestetan eragin dioten lesioetatik osatuta dagoela erakutsi zuen, eta hauspoa gehiegi berotu gabe iritsi zen helmugara. Baina datozen probetan erne ibili beharko du, aurkari gazteak euren tokia egiten ari baitira.

Amel Tuka da gazte horietako bat, eta atzo ere eman zuen zeresana. Hirugarren iritsi zen helmugara, Adam Kszczoten atzetik, eta Bosnia Herzegobinak Munduko Txapelketetan irabazi duen aurreneko domina eskuratu zuen. Aurtengo sasoian lortu dituen emaitza onak ikusita, zaleak gaztea ikusteko gogoz ziren, baina hasiera ahula eginda, atzetik ibili zen lasterketa guztian.

Oso bestela aritu zen Genzebe Dibaba, eta munduko marka ez zuela kasualitatez lortu erakutsi zuen. Duela hilabete inguru bereganatu zuen errekorra, 1.500 metroko proba 3.50,07an eginda, eta, atzo hemezortzi segundo gehiago behar izan bazituen ere, une honetan kontrariorik ez duela frogatu zuen etiopiarrak. Erritmo gogorra ezarri zuen, eta aurkariek ezin izan zioten jarraitu Dibaba ahizpetako gazteenari. Horrela, aire libreko txapelketen arantza atera du, 2013an Moskun zortzigarren postua lortu eta gero, eta bere kirol ibilbideko unerik gozoenean dago.

Lehia bigarren eta hirugarren postuetan izan zen. Une batez, zilarrezko domina Sifan Hassanena izan zen, baina, lasterketaren azken txanpan, Faith Kipyegonek aurrea hartu eta hirugarren postura bidali zuen.

Gaur, distantzia laburrean

Distantzia ertaineko lasterketak utzi, eta bestelakoa izango da gaurko eguna. Pertika jauziko finalarekin hasiko da arratsaldeko saioa, eta Jelena Isinbaevaren hutsunea bereganatzen saiatuko da Yarisley Silva. Kubatarrak egin zuen sailkapen faseko jauzirik onena, 4.91 metroan jarritako langa igarota.

Bestalde, 200 metroko finalerdiak ikusmina piztuko du. Edo proban ariko diren atletek piztuko dute ikusmina. Usain Bolt eta Justin Gatlin izango dira izarrak, eta, txanda desberdinetan ariko badira ere, finaleko txartela gogoan izango dute biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.