Baiko utziko duten pilotarien zerrendak izen bat gehiago du: Jon Mariezkurrena. Enpresak gaur jakinarazi zuenez, bi eskaintza egin dizkiote atzelariari kontratua berritzeko, baina ez ditu onartu. Baikoren arabera, urte hasieran aurreko kontratua «nabarmen» hobetzen zuen proposamena egin zioten, eta ez zuen onartu; ezta aste honetan egindako beste bat ere. Enpresak azaldu duenez, «pandemiak eragindako krisi ekonomiko honetan», ezin izan dituzte pilotariak eginiko eskaerak onartu, «gehiegizkoak» baitira, eta «atsekabez» hartu dute Mariezkurrenak eginiko eskariak «ezin ase ondoren», pilotariak ez jarraitzea erabaki izana. Espero dute «etorkizunean» bi aldeek «elkar ulertzeko aukera» izatea.
Enpresak erabakiaren berri eman bezain laster hitz egin du BERRIAk Mariezkurrenarekin, eta pilotariak «penagarritzak» jo ditu Baikoren azalpenak. Azaldu duenez, enpresak lau proposamen egin dizkio: urte hasieran bi egin zizkion, eta bietan debuteko lehen urtean baino «diru gutxiago» eskaini zioten; hirugarren proposamena, berriz, txapelketa betean egin zioten, eta lehian buru-belarri aritzeko asmoz, «geroago» aztertzeko eskaera egin zuen. Orduan, «gertu» zeuden akordiotik; aste honetan jaso du azken proposamena, eta hura debuteko kontratua baino «pixka bat» hobea zen. «Lotsagarria da horren eskaintza baxuak egitea, esateko guk ez dugula berritu nahi izan. Nire eskaerak gehiegizkoak izan direla diote, baina eskatu dudan gauza bakarra lan baldintza duinak edukitzea izan da», adierazi du Mariezkurrenak.
21 urterekin utzi beharko du pilota profesionala. Bi urte egin ditu. Hura kontuan hartuta, sei dira Baiko utzi duten pilotariak: Iñaki Etxegoien, Iker Arretxe, Iosu Eskiroz, Victor Esteban eta Unai Laso dira beste bostak.
Pilotarien babesa
Hain zuzen, Aimar Olaizolak, Mikel Urrutikoetxeak eta Ander Imazek ez beste, Baikoko pilotari guztiek osatutako taldeak ere oharra atera du, eta babesa adierazi diote Mariezkurrenari. Bertan diote enpresak haien eskaeren aurrean adierazi duen «isiltasunaren aurrean, hasieratik erakutsi duen lankidetzarako eta elkarrizketarako jarrera berarekin jarraituko» dutela, eta horren erakusgarri dela hilaren 23an Baikori bidalitako burofaxa. Bertan, enpresako zuzendaritzarekin bilera bat egiteko nahia adierazi zuten. Baina azaldu dutenez, erantzuna prentsaurrekoaren ondoren jaso zuten bera izan da: «isiltasuna, beti bezala, ez entzunarena egitea». Diotenez, kolektibo gisa onartu beharrean, banakako bileretara deitu ditu enpresak, eta horietan soldata % 20 jaisteko proposamena egin diete, nahiz eta enpresak ez dien justifikatu ekonomikoki jaitsiera hori. Haien ustez, pilotari bakoitza «banaka presionatzea» eta haien «batasuna usteltzea» bilatzen dute. Amaitzeko, «bihotzez» eskertu dituzte pilotazaleen aldetik jasotako babesa. «Energia iturri handia zarete guretzat une zail hauetan. Guk gure eskubideak eta gure kirola defendatzen jarraituko dugu, esku pilota».